Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA

Zintzilikatutako nahien zain

Museoen Nazioarteko Eguna izan zen atzo, eta Yoko Onoren 'Bilborako nahien zuhaitza' obran desioak zintzilikatzeko aukera izan zuten Bilboko Guggenheim museora joandako bisitariek
Islandiara bidaltzen ditu Bilboko Guggenheim museoak <em>Bilborako nahien zuhaitza</em> piezan bildutako mezu guztiak.
Islandiara bidaltzen ditu Bilboko Guggenheim museoak Bilborako nahien zuhaitza piezan bildutako mezu guztiak. MONIKA DEL VALLE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Larrabe Arnaiz -

2019ko maiatzak 19

Arratsaldean ez dezala euririk egin», mezua du zintzilik Yoko Ono artistak Bilboko Guggenheim museoari emandako olibondoak. Bisitariek orri batean «bakearen» aldeko mezuak edo desioak idatzi eta zuhaitzean zintzilikatzeko sortu zuen Onok Bilborako nahien zuhaitza pieza. «Urtean sei alditan aktibatzen dugu Onoren zuhaitza, eta gaur da horietako bat», azaldu du Begoña Martinez Guggeheim museoko komunikazio arduradunak, oharrez betetako olibondoaren aldamenean dela. Museoen Nazioarteko Eguna izan zen atzo, eta doako sarrera izateaz gain, Onoren artelanean parte hartzeko aukera izan zuten bisitariek. Desio orokorrak eta zehatzak: «Bakea eta berdintasuna denentzat», dauka idatzita batek; «haur bat», ondokoak. Zehaztapena egin du Martinezek. «Olibondoa bakearen ikurra da, eta horregatik aukeratu zuen artistak».

Nerea Oleak galdera egin die lagunei: «Idatziko dugu zerbait?». Kataluniatik Bilbora egin du asteburu-pasa, eta museoa bisitatzeko aprobetxatu du egonaldia. «Kanpotik ikusia nuen, baina ez naiz sekula barrura sartu. Sarrera librea zuela jakin dugunean, ez dugu zalantzarik egin». Papera hartu du segidan, eta lagunekin batera idatzi du, gerora, olibondoan zintzilikatu duen desioa. «Mundu osoan zehar elkarrekin gehiago bidaiatzeko aukera izan dezagula: horixe eskatuko dugu», esan du, irriz. «Ea betetzen zaigun».

Aukera ematen duten aldiro 200 ohar baino gehiago biltzen dituztela azaldu du Martinezek. Jarraitzaile fidelak dituela dio, barrez. «Izugarria da: jendeak Interneten begiratzen du Onoren zuhaitza noiz jarriko dugun martxan, idatzitako desioak beteko zaizkiolakoan edo». Olibondoan zintzilikatzen diren ohar guztiak artistari bidaltzen dizkio museoak. «Reykjaviken eraikia duen instalazio batean sartzen ditu berak. Izan ere, desioen putzu bat du han, John Lennonen omenez eraikitakoa». Bizkaiko hiriburuan ez ezik, beste bost museotan jarri ditu artistak halako zuhaitzak: Tokioko Arte Garaikideko Museoan eta Veneziako Peggy Guggenheimen, kasurako. Islandiako hiriburuan biltzen ditu, gerora, guztietan jasotako desioak.

Horietako bat idatzi nahi ote duen galdetu dio Ainara San Jose bilbotarrak alabari. «Bagenekien Museoen Nazioarteko Egunean egitarau berezia prestatzen dutela zentroek. Aukera guztien artean, hona etortzea zen gure lehena». Sarrerarik ordaindu behar ez izatea erabakigarria izan dela aitortu du. «Doakoa izan ez balitz, ez ginateke hemen izango. Bisitarientzat pizgarriak dira halako eskaintzak, eta gehiagotan egin beharko lirateke».

Doakotasunaren aukera

Nafarroako Mutiloa herritik Bilbora egin du Gorka Jurio Ezkerrek familiarekin. «Lagun bat dugu hemen, eta hark abisatu zigun Museoen Eguna zela gaur». Bidaia baliatuz egin dute Guggenheimera. «Ni egona nintzen aurrez: zabaldu eta gutxira egin bainuen bisita. Ordutik ez naiz itzuli, eta aukera ona iruditu zaigu gaurkoa».

Ildo beretik jo dute Ainara Ortiz de Lejarazuk eta Edu Aurrekoetxeak ere. Hiru seme-abala dituzte, eta bereziki eskertu dute doakotasuna. «Bost gara etxean. Kostua izugarri handitzen zaigu sarrera eskatzen duen edozein plan egiten dugunean: zinemara edo antzerkira joan nahi badugu, diru mordoa gastatu behar dugu», esan du Aurrekoetxeak. Getxotik (Bizkaia) egin dute Bilbora. «Edu etorri izan da lehen ere, baina ni eta haurrak ez», esan du Lejarazuk. «Denok elkarrekin egiteko plan baten bila hasi, eta orduan ikusi genuen Museoen Nazioarteko Eguna zela. Ogitarteko eta guzti etorri gara, eta egun osoko plana prestatu dugu. Iruditzen zait garrantzitsua dela haurrekin halako lekuetara etortzea: ikastetxearekin bai, baina etxekoekin ere egin behar dituzte halakoak».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

 ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

«Gailu honek bizitzak salbatu ahalko ditu»

Amaia Igartua Aristondo

Mendian galdutako jendea topatzeko tresna bat da Elur Gaman. Hainbat espediziotan probatu du Txikonek, tartean Manasluko azkena. Dokumental bat egin dute asmakizunaz: 'La Montaña del Alma'.
1 ©SONIA CASAS / EZEZAGUNA

Bide malkartsua aurrean

Iker Tubia

Paquita Bretos eta Pili Ganuza mendigoizale aitzindariei omenaldia egin diete Belaguan. Gizonez inguraturik egin zuten beren ibilbidea mendian. Oraindik ere gizonak dira nagusi mendiaren eremuan, are nabarmenago alor profesionalean. Berdintasunaren bidean pausoak emateko deia egin dute andre mendizaleek.
Mugaldekoak taldea, <em>Bazterretik bazterrera</em> kantua jotzen, eta, eskuinean, Xalbatx aurkezlea. ©KANALDUDE

'Kantuen kontrabandista' musika saioa abiatuko da gaur Kanalduden

Ainhoa Larretxea Agirre

Pantxoa Bergara 'Xabaltx' musikaria euskal kantu zaharren bilaketan murgildu da zazpi ataletan

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Egin BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna