ATZEKOZ AURRERA

Euskararen uzta-biltzaileak

Errigorak deituta, ia 200 euskaltzale batu dira Ablitasen, Nafarroan, kontserbak, oliba olioa eta bestelako produktuak bildu eta datozen asteetan banatzekoak diren sei bat mila saski prestatzeko.

Euskal Herriko hainbat tokitatik bertaratutako boluntarioek parte hartu dute Errigorak Ablitas herrian antolatu duen auzolanean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Ablitas
2019ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Musikaren oihartzunak urratzen du larunbat goizeroko isiltasuna Ablitas herrian (Nafarroa). Itxita daude herriko lantegi gehienak, bat izan ezik: Nuestra Señora del Rosario ardo eta olio kooperatiba. Eraikinak zabalik du ate nagusia parez pare, eta handik datoz hotsak. Gatibu taldearen gitarra akordeek ihes egiten dute bozgorailuetatik. Eraikin barruan, berriz, jendetza. Dozenaka lagun, taldeka banatuta, produktuak eskutik eskura pasatzen eta kartoizko kutxa marroietan sartzen. Orburu poteak, pastak, oliba-olio botilak, zuku ekologikoa... Errigora irakur daiteke kutxetan. Azkar batean ari dira horiek denak betetzen, auzolanean.

«Euskal Herriko bazter guztietako jendea batu da, 180 boluntario baino gehiago: kontsumitzaileak, ekoizleak, Erriberako ikastoletako jendea, AEK-koak eta Sortzenekoak... Errigora osatzen duen komunitate osoa ordezkatua dago hemen», azaldu du elkarteko ordezkari Iker Ajuriagerrak. 09:00etatik ari dira lanean: batzuk kartoizko kutxak muntatzen; beste asko paletez beteriko orgak eramaten eta kontserbak kutxetan banatzen. Ez dute lan makala: 6.000 otarre prestatu nahi dituzte, goiz bakarrean. Datozen egunetan hasiko da Errigora horiek guztiak banatzen.

«Auzolan saio honek aukera ematen digu zubigintza egiteko», azaldu du Ajuriagerrak: «Zubiak eraikitzen ditugu itxuran apartekoak diruditen eremuen artean: Bilboko euskaltzale bat eta Nafarroako Erriberako olio ekoizle bat; AEK-ko irakasle gipuzkoar bat eta Tafallako gazte kuadrilla bat... Hauxe da Errigora».

Boluntario horietako bat da Bermeoko (Bizkaia) Karmele Beotegi. Hiru orduko bidaia egin du autoz, lagun kuadrillarekin batera, egitasmoan parte hartzeko: «Merezi du». Harentzat, «auzolana baino gehiago da» Errigoraren deialdia: «Euskarari bultzada ederra emateko aukera da, eta nazio nortasuna ere sustatzen dugu horrela». Heldu den urtean, aukera izanez gero, berriz etorriko dela esan du.

Saskiak prestatzen ari direnetako asko Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik heldu diren arren, gehienak nafarrak direla nabarmendu du Ajuriagerrak: «Boluntarioen erdiak, gutxi gorabehera, Nafarroako hegoaldeko jendea dira, gaizki izendatutako eremu ez-euskaldun honetan bizi dira, eta horrek frogatzen du hemen ere euskaraz bizi nahi duen jende mordoa bizi dela».

Euskaraz bizitzeko hautua egina du, besteak beste, Miren Balmaseda tuterarrak. Irakaslea da Lodosako Ibaialde ikastolan, eta funtsezkotzat jo du Errigoraren ekarpen ekonomikoa: «Hein batean, hemen lortzen den diruari esker egiten dugu aurrera Nafarroa hegoaldeko ikastolok». Errigorak eginiko lana «nolabait eskertzeko» ari da auzolanean parte hartzen, «gu geu ere horren parte sentitzen garelako».

Baina, euskaltzaleak ez ezik, inguruko nekazariak ere pozarren daude egitasmoarekin. Ajuriagerrak azaldu duenez, ekoizleentzat «garrantzitsua da sentitzea komunitate baten parte direla, eta euskararen herria eurena ere badela». Auzolanak lotura sentimendu hori indartzen duela uste du Errigorako kideak.

Milioi bat euskalgintzari

Aurreko sei urteetako uztak batuta, 80.000 saski saldu ditu Errigorak, eta milioi bat euro eman ditu euskara Nafarroako hegoaldean sustatzeko, AEKren, Sortzenen eta Nafarroako Ikastolen Elkartearen bidez. «Asko da, eta pozik gaude lortutakoarekin», esan du Ajuriagerrak. «Errigora egitasmoa sendotu egin da urteotan, baina hasi besterik ez gara egin. Milioi bat euro baino askoz gehiago beharko dugu eremu honetako egoera irauli eta euskarari arnasa eman nahi badugu; hortaz, bidea ez da amaitu, inondik inora».

Euskarari Puzka kanpainaren zazpigarren aldia da aurtengoa. Hiru saski mota jarri dituzte salgai: saski beltza, 50 euroan; saski berdea, 60 euroan; eta saski zuria, 70 euroan. Saskiok eskuragai izanen dira azaroaren 20ra arte, 700 salmenta puntutan eta www.errigora.eus webgunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.