ATZEKOZ AURRERA

Mafalda ez dago umezurtz

Quino hilberriaren pertsonaiari buruzko erakusketa bat jarri dute Donostiako Okendo kultur etxean. Denboraren joanak ez die indarrik eta gaurkotasunik kendu haren ateraldi eta eztenkadei.

Donostiako Okendo kultur etxean Mafalda omentzeko jarritako erakusketa. ANDONI CANELLADA / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2020ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Irribarre bat maskarapean, eta zaplazteko bat barrunbean. Zeinen xaloak diren hasierak, eta zeinen konplexuak amaierak. Zuzen hitz egiten dizu Mafaldak, eta zeharka egin garrasi. Munduari buruzko irrimarrak, eta umezurtz triste beharko lukeenaren irribarreak. Irailean hil zitzaiolako Mafaldari Quino. «Gaur, konturatu gabe bizi nahi dut», esaten du bere esaldi ezagun batean. Konturatu gabe sortzailearen faltaz, eta konturatuta hark bere ahotan jarritakoen balioaz. Eta beharraz.

Nor noren baitan bizi ote den da zalantza bakarra. Quinoren baitan Mafalda, edo Mafaldaren baitan Quino. Eta zeinen zalantza ederra. Hortik aurrerakoak datak eta kalkuluak dira. 1964ko irailaren 29an jaio zen ofizialki Mafalda komiki zinta modura, eta 1973ko ekainaren 25ean argitaratu zen azken zinta. Jaiotza da bata, eta azken zinta bestea. 1.928 zinta denera. Ez da heriotzarik izan tartean. Bai, ordea, biziz berritzeak eta berriz interpretatzeak. Mafaldaren mundu ikuskera ez baita denboraren joanean galdu, eta errepikatze bakoitza da oihartzun berri bat. Nahiz eta Quinok berak errepikatzearen beldurrez utzi zion hura margotzeari: «Zinta bat margotzen hasi, eskuz estali eta amaieran nora eramango ninduen aldez aurretik jakin nuenean, ulertu nuen amaitu beharra neukala. Horregatik utzi nion Mafalda margotzeari; ez errepikatzeagatik».

Baina, nork, nor eta nora eramate horretan, Mafaldaren ironiak, umore garratzak, idealismoak eta utopiak bide propioa egin dute. Helduen arketipoak astintzen ditu bere kezka sinple eta ateraldi biziekin, eta dilindan jartzen ditu denak. The Beatles eta Woody Woodpecker maite ditu, eta nazka die zopari eta James Bondi. Finkatutakoa auzitan jartzeko darabiltza denak. Ezin hobeto dago adierazita Donostiako Okendo kultur etxean Mafaldari buruz jarritako erakusketan: «Munduaren erabilerari buruz egiten dituen galderek errukigabe desegiten dute askotan absurdoa den helduen mundua».

Eta zinta bat horren adibide. Gizon heldu batek galdetzen dio: «Nola duzu izena?». Erantzuten du berak: «Mafalda». Hark: «Zeinen ongi! Eta eskolara joaten zara». Berak: «Bai, noski! Eta zuk zure zergak ordaintzen dituzu?». Erantzunik gabe ageri da gizona, eta Mafaldaren ama, lotsaz gorrituta, umeari eskutik helduta ihesi. Mafalda, kexu: «Bera hasi da betebeharrei buruz hizketan!».

Lagunez inguratuta

Ez dago bakarrik Mafalda. Inguruan ditu erakusketan zein zinta barruetan Miguelito ameslaria, Susanita gogaikarria, Felipe nagia, Manolito kapitalista, aita izenik gabea, Raquel ama, Guille anaia eta Burocracia dortoka. Ez du abizenik Mafaldak. Halaxe nahi izan zuen Quinok. «Gaur egun bizi balira, gurasoak bananduta egongo lirateke?» galdetu omen zioten Oviedon (Asturias, Espainia) 2014an eman zioten sariaren bezperan egindako afarian. Eta han hasi omen ziren denak hausnarrean, eztabaidan, eta gogoeta psikologikoen jiran. Eta jarri omen ziren denak Quinori begira, eta hark: «Ez dakit... Niretzat marrazkiak bakarrik dira...».

Ez zen lehen aldia. Garaiak eta pertsonaiak «gaur egunera» ekartzeko ahalegin antzu bat egoten baita askotan. Mafaldari buruz ere bai. «Nolakoa litzateke gaur egun Mafalda?», galdetu omen zioten beste behin Quinori. «Hilda legoke ziurrenik, Argentinako diktaduran desagertutako umeetako bat izango litzateke».

Ateraldiak eta eztenkadak nondik norengana doazen antza ematea ez da zaila. Bere buruaz «lotsati beldurgarria» zela zioen horrek marrazkien bidez egiten zuen ariketa. Gustagarriak dira Rodolfo Braceli idazle eta kazetariak hasiera hartan egin zizkion elkarrizketak. Batean , zera galdetzen dio Quinori bere haurtzaroari buruz: «Zoriontsua zinen?». Quinok: «Eta ez nekien». Horregatik izango ditu erakusketak abenduaren 18ra arte ateak zabalik (badaezpada). Beste zinta hartan, izan ere, amak esaten dio Mafaldari: «Erosketak egitera noa; ez aterik zabaldu inori». Eta Mafaldak amari: «Eta zoriontasuna bada?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.