Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA

Inauterietako maskara berriak

Maskara kirurgikoak apaintzeko tailer bat antolatu du Bilboko Euskal Museoak, haurrentzat. Inauteriak egoerara egokitu dituzte, eta festa horren jatorriari buruzko azalpenak eman dituzte.
Forma eta kolore askotako apaingarriekin apaindu zituzten maskarak haurrek atzo, Bilboko Euskal Museoak antolatutako tailerrean.
Forma eta kolore askotako apaingarriekin apaindu zituzten maskarak haurrek atzo, Bilboko Euskal Museoak antolatutako tailerrean. EUSKAL MUSEOA Tamaina handiagoan ikusi

Uxue Gutierrez Lorenzo -

2021eko otsailak 14 - Bilbo

Maskaratuta ala mozorroa jantzi gabe, Bilboko Euskal Museoan dauden pertsona guztiek dute maskara bat soinean. Zuriak, beltzak edo koloretakoak; baina denak, ahoa eta sudurra ondo estalita. Inauterietako larunbat goiza da, baina ez da hori maskara jantzita eramateko arrazoia: pandemia betean eguneroko elementu bihurtu da maskara, mozorro kutsua apurka galduz. 2021eko inauterietan, eguneroko maskarari ukitu berezia ematea bihurtu da ospakizunaren adierazle bakarrenetako bat. Desfile koloretsuen faltan, inauterietako zenbait pertsonaia ezagutzeko eta maskara kirurgikoak apaintzeko tailerra antolatu dute Bilboko Euskal Museoko kideek.

Apal bada ere, nabari da inauteriak direla. Zortzi haur joan dira tailerrera, eta hiru daude mozorrotuta: Harry Potter pelikulako Hermione tailerra noiz hasiko zain dago museoaren atarian, eta alboan ditu katu bat eta printzesa bat. Era berean, nabari da pandemia betean murgilduta dagoela mundua: segurtasun distantzia gordetzen ari dira haurrak, eskuak desinfektatu dituzte tailerra hasi aurretik eta gurasoek, espazioaren edukiera dela eta, ezin izan dute tailerra ikusi.

Nor bere aulkian eseri, eta adi entzun dituzte Alaitz Mendiolagarai museoko hezkuntza departamentuko langilearen azalpenak. Inauteriei buruz mintzo da: «Zer egiten dugu inauterietan?», bota du galdera. «Mozorrotu!», erantzun dio katuz jantzitako haurrak. Bigarren galdera: «Zergatik mozorrotzen gara?». Ahots fin baten erantzuna, apal: «Dibertitzeko». Azalpen luzearen aurretik, azken galdera: «Mozorrotzen garenean, ezagutzen al gaituzte?». Haurretako batek argi utzi du aspaldiko kontua iruditzen zaiola mozorrotzearena: «Ez dut gogoratzen!».

Mendiolagaraik esplikazioari ekin dio. «Lehen, neguko azken jaia ziren inauteriak, eta nahi adina jaten zuten herritarrek. Izan ere, inauterien ondoren eta udaberriko produktuak hazi arte, uzta eskaseko garaia zetorren». Adi begiratzen diote haurrek Mendiolagarairi. «Neguko uztaren bukaeran ospatzen ziren inauteriak, baina, zergatik mozorrotuta? Inork ez ezagutzeko mozorrotzen zen jendea, eta bihurrikeriak egiten zituzten; batez ere, janaria ostu». Lapurretak gauzatzeko janzten zituzten maskarak.

Tradizioaren azalpena Bizkaiko lau pertsonaiaren adibideekin osatu du museoko langileak: Mundakako atorrak eta laminak, Durangoko surrandiak, eta Markina-Xemeingo hartza. «Atorrak musikariak dira, eta zuriz janzten dira; burko bat buruan jarrita, etxez etxe joaten dira, janaria lapurtzen». Soilik gizonek janzten duten mozorroa da atorrena, eta andreek, berriz, lamina itxura hartzen dute Mundakako inauterietan. «Laminek ere lapurtzen zuten?», galdetu du haurretako batek. Baiezkoa erantzun du hizlariak, hori baita inauterien jatorrizko funtsa: janari lapurretak eta bihurrikeriak.

Ohiko maskarak, mozorro

Teoriatik praktikara salto egin dute ondoren. Usadioaren nondik norakoak hobeto ezagututa, hiruko taldetan banatu dira pandemia garaiko mozorroa atontzeko. Maskara kirurgikoak forma eta kolore askotako apaingarriekin hornitu dituzte: izarrak, bihotzak, borlak... Katuz mozorrotu den haurrak irizpide argia izan du maskara apaintzeko: «Pieza guztiak erabili nahi nituen; denak jarri ditut».

Mozorrotzeko erabili ohi diren maskaren partez, osasun egoerak bultzatutako maskarak dituzte soinean haurrek 2021eko inauterietan; baina posible da ohitura zaharrak berriztatu eta egoera berrietara moldatzea: jantziak dituzten maskaren gainean apaindu berri dutena jarri, eta gurasoei erakustera joan dira, poz-pozik.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Hiru kazetari, Bizkaiko irrati batean lanean. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Profil digitalak garai berrietan

Urtzi Urkizu

EHUk 'EAEko kazetarien profil digitalak eta audientziekiko elkarrizketa' liburua plazaratu du. Ondorioztatu dute kazetariak prestakuntza jasotzen ari direla gaitasun digitaletan.

 ©GUILLAUME FAUVEAU

«Dantzari esker banaiz»

Ainize Madariaga

Dantzaren zirimolak oinak harrapatu zizkion lehenik, eta josteko makinak gero. Biekin, eta euskal dantza tradizionalaren kodeak errespetatuz, ase ezinezko sormen lana egin du berrogei urtez. Saritu berri dute.
NUPeko antzerki taldeko kideak, Iruñeko Kondestablearen jauregian, hilketa bat antzezten. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Lau hilketa Iruñean

Iker Tubia

Nafar idazleen nobeletatik ateratako lau istorio antzeztu dituzte NUPeko antzerki taldeko kideek, Iruñea Beltza jaialdiaren azken egunean. Ikusleak batetik bestera ibili dira.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.