ATZEKOZ AURRERA

Plaza bat, zinez egurasteko

'The Works and Days' dokumentala saritu dute Ikuspuntu jaialdian. Egitarau ofizialaz harago, jende ugari bertaratu da Plaza espazioan egin diren solasaldi, tailer eta doako emanaldietara.

Dozenaka lagun bildu dira egunero Plaza gunean, areto ibiltariko emanaldiak ikusteko. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2021eko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Atzo amaitu zen Ikuspuntu, Nafarroako zinema dokumentaleko nazioarteko jaialdia, eta Iruñeko Baluarte auditoriumeko Ganbera aretoan bildu ziren zinemagileak, jaialdiko arduradunak, ikusleak eta kazetari ugari, akreditazioa lepoan zintzilik. Sei egunez, ez-fikziozko zinemaren arnasgune izan da Iruñea, emanaldiak eskaini baitituzte, Baluartez gain, Kondestablearen jauregian, Nafarroako Filmotekan, Planetarioan eta Katakrak liburu dendan.

Aurten, gainera, dokumentalen oihartzuna ez da aretoetara mugatu. Kanpoan, Baluarte plazan, zinemazaleek aukera izan dute filmen egileekin solastatzeko, film laburrez gozatzeko eta jarduera alternatiboetan parte hartzeko. Plaza izena eman diote espazio berriari: topaleku ireki bat, beste baten barruan.

Auditoriumaren parean jarritako karpa, dozena bat mahaitxo, aulkiak eta agertoki txiki bat: hori da, funtsean, Plaza gunea. Formula sinplea, baina oso eraginkorra izurri garaian edukiak jendarteratzeko. Han aurkeztu zuten, besteak beste, Marina Lameiroren Dardara, Berri Txarrak taldearen azken birari buruzko dokumentala. Horrez gain, solasaldiak, tailerrak eta doako emanaldiak eskaini dituzte egunero.

Rick Prelingeren Lost Landscapes filma izan zen atzo proiektatu zituztenetako bat. «Filma gustatu zait, baina, batez ere, interesgarria iruditzen zait gisa honetako dokumentalez gozatzeko aukera zabaltzea», esan du Plaza gunetik atera berri den Mikel Sarriegik: «Egitasmo honengatik izan ez balitz, oharkabean pasatuko litzaizkiguke lan hauetarik gehienak», gaineratu du.

Plazako proiekzio guztiak, baina, ez dituzte aire zabalean egin: kamioi handi baten atzealdea atondu zuten zinema areto ibiltari baten gisara, eta COVID-19aren aurkako neurri ugari ezarri zituzten, «emanaldi seguruak» direla ziurtatzeko. Hala, aulki guztiak desinfektatu dituzte proiekzio baten eta bestearen artean, aretoko ateak zabalik egon dira une oro, aireztatzea bermatzeko, eta edukiera mugatu dute: gehienez, hamabi lagun sar zitezkeen aldi berean.

Hori dela eta, atzo kanpoan gelditu ziren sarrera aldez aurretik erreserbatu ez eta, besterik gabe, leihatilara hurbildu zirenetako asko. «Sanferminetako dokumentala ikusi nahi genuen, baina sarrerak agortu dira», azaldu zuen Maria Luisa Remirezek. Bi lagunekin joan zen eguerdiko emanaldia ikustera, baina ezin izan zuen gonbidapenik lortu.

Izan ere, arrakasta handia izan du Iruñeko Udalak iazko ez-sanferminei buruz ekoitzitako dokumentalak. Bi emanaldi egin dituzte egunero gaztelaniaz denak, eta gehienetan agortu dituzte sarrerak. Atzoko emanaldiaren ostean, negar malkotan atera ziren ikusleetako batzuk. Beste batzuei ez zitzaien hainbesterako iruditu: «Izurri garaian festak bertan behera gelditu zirela eta hainbeste drama egitea... Ez dakit, gehiegitxo iruditzen zait», laburbildu zuen Pedro Martirenak.

Winter eta Edström garaile

Plazako azken emanaldia bukatu eta berehala hasi zen Ikuspuntu jaialdiaren sari banaketa ekitaldia, Baluarten. C.W. Winter eta Anders Edström dokumentalistek jaso zuten filmik onenaren sari nagusia, The Works and Days (of Tayoko Shiojiri in the Shiotani Basin) lanarengatik. Nicole Brenez, James Lattimer eta Antoine Thirion epaimahaikideen esanetan, film «monumentala eta apala» da aldi berean: «Film horrek mundu bat sortzen du, ikusleen buruan loratzen den mundu bat».

Morgan Quaintancek jaso zuen zuzendari onenaren saria, Surviving you, always filmarengatik. Epaimahaikideek maitasun istorio baten gisara definitu zuten dokumentala, «beldurra, irrika eta paranoia ere biltzen dituen maitasun istorio bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.