ATZEKOZ AURRERA

Futbolak eragindako oihuak

Bilbo 2021eko Eurokopako egoitzetako bat izango den erabakiko du UEFAk apirilaren 19an. Hala izan ez dadin eskatu dute Bilbon, 'Eurokopa honi ez' plataformak antolatutako manifestazioan.

San Mames estadio paretik hasi eta udaletxean bukatu zen manifestazioa. Hiru ilara osatu zituzten manifestariek, distantziak gordetzeko. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2021eko apirilaren 11
00:00
Entzun
Apirilaren 19an erabakiko du UEFAk Bilbo 2021eko Eurokopako egoitzetako bat izango den, baina, halere, San Mamesen obrak hasiak direla ohartarazi zuen Eurokopa honi ez plataformak duela bi aste, eta justu horien paretik hasi zuten atzo egitasmoa gaitzesteko manifestazioa. Langileen barrakoi hutsen aldamenean pilatu ziren gazte andanari suziri bidez adierazi zieten martxan jartzeko ordua zela, eta poliki-poliki irten ziren, distantziak gordez baina uholdean hasieran, Luis Briñas kaletik barrena. Hiru ilaratan zintzo ordenatu ziren laster, Felipe Sarrate kalera heldu zirenean, eta atzekoak euren tokia hartzen ari ziren oraindik aurrekoak jada Jesusen Bihotzera helduak zirenean.

Suzirien eztanden ondotikozurrumurruak berehala bihurtu ziren gaitzespen oihu, bakanak hasieran. Mezuak loratzeko gogo gutxi izan zuten manifestariek euren adierazpenetan, oro har, zehatz eta argi ezagutarazi baitzituzten eskaerak: «Eurokopa honi ez» bota zuten nagusiki, eta gisa horretako protestetan dagoeneko betikotu diren moldeetara ere jo zuten hainbatetan, «Euskal Herria, antifaxista» eta «borroka da bide bakarra» leloak ahoan izan baitzituzten, besteak beste.

Kale Nagusian barrena, aldarrikapenak maizagoak izaten hasi ziren, eta bereziki indartsuak eta koralak bilakatu ziren El Corte Inglesen eta haren inguruko bankuen aurretik igarotakoan bota zituzten «A-anti-antikapitalista» oihuak. Iñigo Cabacas gogoratzeko aukera ere izan zuten Plaza Biribila gurutzatu eta Buenos Aires kalea hartu zuenean protestak, «Justizia Iñigorentzat» oihukatu baitzuten, hain justu, Justizia Jauregiaren aurretik igaro zirenean. Hirugarrenez piztutako ke bonbekin lagundu zituzten aldarriak —Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregiaren aurrean eta Moiua plazaren sarreran piztu zituzten aurretik—.

Hasierako suzirien zarataren inertziak ibilbide bukaerara arte iraun zuen, nolabait, oihuen, txaloen eta petardoen laguntzarekin goratu baitzuten ahotsa Eurokopa ospatzearen erabakiaren kontra. Dena dela, behin hiru ilaratan antolatu zirenean, hala mantendu ziren udaletxera heldu eta, orobat distantzia gordez, eraikinaren aurrean sakabanatu ziren arte, plataformakoen adierazpenak entzuteko. Zalaparta erabili zuten Eurokopa gaitzesteko, baina momentu oro izandako ordena ere baliagarri izan zitzaien helburu horretarako, ilaren arteko tarteetatik ibili ahal izan baitzen bozgorailua zeraman gizona, aldarriak han eta hemen barreiatzen, eta, era berean, hutsune horiek aprobetxatu baitzituzten plataformako hainbat kidek zapiak eta eranskinak saltzeko.

Irizpide «arbitrarioak»

Bengala berde batzuekin egindako pasabide batekin egin zioten harrera «lepoan hartu eta segi aurrera» kantatzen bukatu berri zuen segizioari, futbolean irabazleari egiten zaion harreraren pareko. Baina irabazlerik gabeko taldea zen hura, plataformako pare bat kidek irakurri zuten manifestazioak zioenari erreparatuta: «Baten batek argudia lezake Eurokopa bezalako proiektuak direla datu ekonomiko kezkagarriei buelta emateko modu bakarra. Hala ere, ezagunak zaizkigun behin-behinekotasunari, ezegonkortasunari, atsedenik ezari edo soldata miserableei deitzen die burgesiak aberastasuna».

Eurokoparen izaera «inperialista» berretsi zuten, eta ohartarazi zuten egitasmoak Euskal Herriko «pobrezia orokorra, dominazioa eta errepresioa areagotu» ditzakeela. Halaber, kritiko agertu ziren agintariek murrizketak ezartzeko erabiltzen dituzten irizpideekin, batik bat Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak UEFArekin adostu duen edukieraren harira —13.000 ikusle sartu ahalko dira San Mamesen, ezarritako baldintza batzuk betetzen badira—: «Egungo osasun egoeran Eurokopa ospatzeak garbi erakusten du langileen askatasunen urraketa erabat arbitrarioa izan dela. Horrela bakarrik uler daiteke Eurokopa jokatzea baina biltzeko debekua edo etxeratze agindua mantentzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.