Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA

Euskara hartu, euskara eman

Ibarrara iritsi da Iparra Hegoa elkarteak antolatutako Kutxa Birako kutxa. Bertako erdaldunek eta kanpotik iritsitako migratzaileek euskararekin bat egin dezatela eskatu dute.
Ezkerrean, Alurr dantza taldeko dantzariak, kutxaren aurrean dantzan. Eskuinean, berriz, Ibarrako piperrak irudikatzen dituzten buruhandiak, kutxa plazara eramaten.
Ezkerrean, Alurr dantza taldeko dantzariak, kutxaren aurrean dantzan. Eskuinean, berriz, Ibarrako piperrak irudikatzen dituzten buruhandiak, kutxa plazara eramaten. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jakes Goikoetxea -

2021eko apirilak 25

Ibartarrok euskararekiko zer amets genituen edo gure erronka zein zen galdetu ziguten», zuzendu zaie Onintza Aranalde Ibarrako plazan (Gipuzkoa) bildutako herritarrei. «Euskal hiztunokin bat egin dezatela bertako erdaldunek eta kanpotik etorritako etorkinek». Ibarran horixe eskatu dute euskararentzat. Aranaldek hitzez laburbildutakoa kopla batzuetan jaso dute.

Lola Diezek, Monica Martinek eta Izaskun Urrestarazuk sartu dute kopla bihurtutako ametsa plazan jarritako egurrezko kutxan. Izan ere, ametsaren hezur haragizko adibide dira: Diezek eta Martinek bi urte daramatzate euskara ikasten, Auzoko programaren bitartez; Urrestarazu, berriz, programaren dinamizatzailea da. Ez dira ohiko euskara eskolak: euskara ez dakitenak eta euskaldunak elkartzen dituzte, elkarrekin urratsak egiteko.

Eskuz landutako kutxa bat, Ibarrako plazaren erdi-erdian. Iparra Hegoa elkarteak abian jarritako Kutxa Bira ekinbidearen kutxa da. COVID-19 izurritearen eraginez euskararen aldeko hainbat ekinbide bertan behera geratu zirela ikusita, Kutxa Bira sortu zuten, herriak euskararen bidez lotzeko, kutxa lekuko. Ekinbideak hainbat laguntzaile ditu; besteak beste, BERRIA. Kutxa larunbat goizean iritsi da Ibarrara.

Kutxa martxoaren 20an abiatu zen herriz herri, Argentinako Viedmatik. Diasporatik Euskal Herrira iritsi da, eta herriz herri dabil. Maiatzaren 30ean bukatuko du ibilbidea: Urruñatik (Lapurdi) Segurara (Gipuzkoa) joango da. Bi herri horietako pertsonen arteko harremanetik sortu zen, hain zuzen, Iparra Hegoa elkartea. Seguran herri guztietako ametsak plazaratuko dituzte.

Amets Arzallusen mezua

Nagore Zaldua eta Eneko Bachiller artisau donostiarrek egin dute ekinbidearen sinboloa, kutxa. Baserri gehienetan egon ohi zen kutxen erreplika bat da, tradizionalak baino txikiagoa, eskuz esku eramateko modukoa. Gaztainonondo egurrez egina.

Diezek, Martinek eta Urrestarazuk ez dute soilik Ibarrako ametsa kutxan sartu. Amets Arzallus bertsolariak Kutxa Birarako idatzitako mezua —Hitza da gure lurra— ere irakurri dute: «[...] euskal herria, euskara eman eta hartzen duen jendea [...]».

Horixe egiten dute, hain zuen, Diezek, Martinek eta Urrestarazuk. Euskara ikastea «hazteko aukera» eta herritarrek bera ezagutzeko aukera da Diezentzat; komunikatzeko eta integratzeko tresna, Martinentzat.

Martinen kasuan, senar-emazteak joaten dira saioetara, eta alaba izaten dute bidelagun eta akuilu. Diezek aldaketa bat nabaritu du etxean euskara ikasten hasi zenetik: «2 urteko alabari euskaraz egiten diot, eta hark gauzak euskaraz eskatzeko joera du».

Gustura ari dira, eta jarraitzeko asmoa dute, baina eskaera bat egin diete administrazioei: «Jendeak euskara ikasi nahi du, baina ez dago baliabide nahikorik. Gehiago sustatu beharko litzateke».

Arzallusen testua irakurtzeak eragin dien urduritasunik gabe, dultzaina hotseko Ikusi mendizaleak ahapeka abesten ari dira.

Aurretik, dantza egin dute Alurr dantza taldeko gazteek, eta abestu egin du Juan Rodriguezek: «[...] No soy de aquí, ni soy de allá, ser feliz es mi color, mi identidad (Ez naiz hemengoa, ezta hangoa ere, zoriontsu izatea da nire kolorea, nire nortasuna) [...]».

Ekitaldiaren hasieran, bi piper erraldoik eraman dute kutxa Ibarrako plazara, herritarrek —gehienak haurrak— osatutako bidetik. Ibarrako piperrak dira, buruhandi bihurtuta. Ekitaldia bukatuta, piperrak arduratu dira kutxa eramateaz, hego haizea lagun. Nora? Idiazabalera (Gipuzkoa).

«Ba al dago pausorik ematerik ametsik gabe?», galdetu dute Idiazabalen. Handik Zerainera abiatu da egurrezko sinboloa. Herri guztietan egiten ari diren moduan, Arzallusen mezua irakurri dute: «[...] Hizkuntza da, oraingoz, munduak eskaini digun bizileku bakarra, hitza da gure lurra».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Endika Barrenetxea, Iñaki Ozkarizi zesta nola jarri erakusten, atzo, Galarretan. ©JON URBE / FOKU

«Zesta bat emango dizut»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Galarretako erremonte eskolak ostiralero irekitzen ditu ateak modalitatea ezagutu eta lehen urratsak egin nahi dituztenentzat. Bi ikasle izan zituen atzo Endika Barrenetxeak.
1 ©ITSASO VELEZ DEL BURGO / EZEZAGUNA

Ezkutuko ehizari aurre egiteko

Ane Insausti Barandiaran

Pertsonen, armen eta drogen trafikoaren ondoren, urtero diru gehien mugitzen duen legez kanpoko jarduera da ezkutuko ehiza. Roberto Fraile eta David Beriain kazetariak horri buruzko dokumental bat egiten ari zirela hil zituzten.
 ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.