ATZEKOZ AURRERA

Barkoxeko hartza loti handia da

Maskaradak abiatu dituzte Barkoxeko herritarrek. Hiru barrikadetatik landa egin dute plaza jokoa, umorez beterik, oso gogotsu. Eskiulan dute datorren igandeko hitzordurat.

Barkoxeko karrika zolan egin dute hirugarren barrikada, maskaralariei batzarri egiteko. Dantzariek ere abilezia erakutsi dute. AINIZE MADARIAGA.
Ainize Madariaga
Barkoxe
2021eko abuztuaren 1a
00:00
Entzun

Hartzaren iratzartze berantiarra ekarri du COVID-19ak; bertze albo kalte bat. Baina hobe belu, dolua egin baino: Barkoxeko (Zuberoa) herritarrek gogotsu egin die batzarri aurtengo lehen maskaradari.

 

Hasian hasi, burura ditzatela, hori du uste Mari Erreartegarai barkoxtarrak: «Barrikadak oro egin dizkizugu, urte oroz, salbu iragan urtean, prefosta. Udan izatea enetako lehentze duzu. Den ber, hartzaile gaituzu, udan bada ere. Abiaturik baitziren, hel daitezen bururat». Ahargopea auzoko plazan mahai ederra prestatu du, auzoekin batera.

Plaza hartu dute kauter, dantzariek eta buhameek. Xorrotxak hasi dira kantuz, Mixel Etxekopar zena omendu dute: «Mitikiletik jin zen 40 urte badirela, auto zaharrak arra-berritzen zituen, eta haietako bat arranjatzen ari zela, pean harrapatu zuen. Gizon misteriotsua zen, bakartia, bere garajea beti zabalik zen», erran du Daniel Maurik. Plazan berean bizi da, Leteian. Berak ere puskak ekarri ditu, maskaradariei batzarri egiteko.

Fabien Lexardoi pastoraletako errejentarendako da barrikada. Inauteek udako mozorroa jantzi behar izan dute, beraz. Lehentze ez bada ere, ezohikoa da arrunt. Anaiz Pinque xorrotxetako bat da: «Dena aldatu dizugu aurten, udan ari baikara: urtxintxa gibel utzi dizugu, arropak udako maneran ezarri dizkizugu. Alta, hobe genikezun begiratu izan bagenitu! [kar, kar]. Badizugu dendari saldo bat Barkoxen arropak oro egin dituztenak. Lan eijerra egin dizute: Beltzen mankak laburtu dizkizute, buhameen jantziak arinagoak egin, gureak ere denak berriak...».

Ahizparekin kantatzen du Pinquek egun; aitak paraturiko hitzak dira barrikada bakoitzean bi bozetan botatzen dituztenak.

Hiru izan dira: «Karrika zolan bizi baita, Patrickendako [Queheille] ari gaituzu. Beti harekin trebatzen baikara, plaza gainean gehiago bilduko dizu, kauter eta buhameengandik. 2009ko barkoxtar arizale ohi zenbait aipatuko dizkizugu ere».

Patrick Queheille arizale baino aritu eta aditua da. «Aitzindaria», mustraka guzietan egon da, kauter eta buhameen jokoak lantzen: «Beraiek dute oro idatzi. Plazako jokoa dut landu haiekin. Antzerki bat baita nobait, buhameen jokoa eta kauterena». Nabarmendu du aurtengoak baduela berezitasuna; joko guzietan neskak ari baitira: «Ez bakarrik buhameetan edo dakita nik; denetan, kerestu, buhame, xorrotx, kauter eta aitzindarietan!»

Barrikadak, berriztuak

Aspaldiko maskaradak goizean abiatu eta etxez etxe ibiltzen zirela oroit da Queheille, baina galtzen ari bide da, ez txarrerako, iduriz: «Gero eta haboro entseatzen dute barrikada gotor baten egitea, harremanen azkartzeko. Zeren eta duela 40 urte hamabost barrikada egiten genituen, baina ez genuen deus ere partekatzen eskaintzaileekin».

Merkalekuko barrikadak eman dio abiatzea Barkoxeko maskaradari, ametz ederrak protagonizaturik. Izenak salatu bezala, XIX. eta XX. mende hatsarrean bertan egiten zuten merkatua. Maskaradak zentzu amiñi bat arra-eman dio guneari, jendea juntatu baitu tarte batez, ele eta maila handiko dantza eta kantuen inguruan.

Arraileriak ez du hutsik egin, umoreak aise gainditu du COVID-19aren testa: buhameek ezusteko ederra prestatua baitzuten: buhamobil, zeinak Baby shark melodia ozen kantatzen baitu. Arcaishonetik (Okzitania) ekarrarazi dute, apaindu eta teilatua moztu diote, alta, aroa ikusirik, damutuko ziratekeen. «Egungo ezustekoa genizun, buhameak alfer baitira, eta barrikadak bata besteer amiñi bat urrun!», erran du Ximun Pinque Kabanak.

Barrikadaz barrikada dabiltza Bilboko Jon, Jurgi eta Unai. Saltsaren parte dira; izan ere, 2014an eta 2019an eman baitzuten «Hegoaldeko lehen maskarada», Zalgize eta Gamere Zihigan (Zuberoa). Urtero segitzen dituzte; «etxean gaude», erran dute.

Hurrenez hurren, Kabana, Pitxu eta Patxipa izan ziren; haiek ere, hartza udan iratzarri zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.