Bittor Elizagoien. Bertsolaria

«Duela 40 urte, bertso kaskar bati txalo jotzen zion jendeak; gaur, ez»

Nafarroako bertsolaritzaren bilakaera bertatik bertara bizi izan du Elizagoienek. Bertso eskolen sorrera, txapelketen garapena eta azken 40 urteetako gorabeherak izan ditu hizpide. Kezka ere badu, pandemiaren etenak ekar ditzakeen ondorioengatik.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Iker Tubia.
2021eko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Nafarroako bertsolaritzari erabat loturik da Bittor Elizagoien (Arraioz, Nafarroa, 1961). Bertsolari gisa 1979an egin zuen debuta Lesakan (Nafarroa), eta, orduz geroztik, plaza eta oholtza anitz zapaldutakoa da. Nafarroako Bertsozale Elkartearen bidez bertsozaletasuna bultzatu eta indartzea lortu dutela nabarmendu du.

Urtarrilean utzi zenuen Nafarroako Bertsozale Elkarteko zuzendaritza batzordea. Zer dela eta?

Urte asko dira; elkartea sortu zenetik hor nengoen, eta orain jende gaztea dago lan egiteko gogoarekin, gu baino hobeki prestaturik daude; beraz, lekua utzi behar zaie. Eta gero, gaur egungo egoera honekin, bilera presentzialak kenduta, pixka bat jokoz kanpo gelditu nintzen.

Nola hasi zinen bertsotan? Nondik heldu zaizu zaletasuna?

Txiki-txikitatik banuen afizioa: gure baserrian irrati bat egoten zen, eta eguerdian, berriak ematean, Basarrik beti bertsoa jotzen zuen; hori sakratua zen. Aita bertsozalea zen, eta osaba pixka bat aritzen zen. Arreba zaharrena ere bertsozalea zen. Garai haietan Iparraldean egiten zuen lan, eta hango bertso saioak grabatu eta niri zintak pasatzen zizkidan.

Non kantatzen zenuen?

Herriko bestetan, lagun artean. Sasi bertsolariak beti izan dira hemen [Baztanen], eta haiekin. Plazan 17 urterekin hasi nintzen.

Zein ziren sasi bertsolari haiek?

Ez ziren profesionalak. Bertsotan beren baitatik aritzen ziren; errimak eta neurriak, ba... Afizioa duena gaur egun bertso eskolatik pasatuko da, eta erakutsiko dizkiote bertsoaren errimak, neurriak eta dena; baina bere baitatik heldu dena, bertsolaria dena, aterako da, baina ez dena, berriz, ibiliko da ahal duen moduan.

Lehenbiziko saioa 1979an izan zenuen, Lesakako txapelketan. Nola igo zinen oholtzara?

Hagitz urduri. Ostatuan eta lagun artean ibilia nintzen, baina ez nintzen batere prestatuta. Gogorra egin zitzaidan, baina ateak ireki zizkidan, eta jarraitu nuen.

Garai hartako txapelketak oso diferenteak ziren?

Bai, desberdina zen: hasi antolakuntzatik. Nahiko egin zuten, eta haiei esker gaude hemen: Antton Erkizia, Kontxi Erro, Dionisio Mujika... Orain asko profesionalizatu da. 1980an Amurizak txapela irabazi zuenetik goiti, bertsolaritza erabat aldatzen hasi zen: hasi ziren bertso eskolak jendea pixka bat hezten.

Gaiak ezberdinak ziren? Kantatzeko manera?

Bai, neurria libreagoa zen garai haietan, eta gaiak izaten ziren gehienbat etxe ingurukoak. Beti antzekoak. Gero 1983tik goiti hasi ziren gai jartzaile batzuk gaiak prestatzen, eta aldatu zen aunitz.

Txapelketaz txapelketa ibili zinen: 34 jokatu zenituen. Gustura ibiltzen zinen giro horretan?

Bai, ni beti erronkazalea izan naiz. Benetan oso gustura aritzen nintzen. 1979an debuta egin eta 1989 arte ia hamar urte galdu nituen. Kirolzalea naiz, eta bertsoa baino gehiago gustatzen zitzaidan. Ikusi nuenean eliteko aizkolari izateko indartsuagoa izan behar nuela, hasi nintzen bertsoari denbora gehiago dedikatzen.

Aizkorarekin aritzen zinen?

Sekulako afizioa genuen, eta lagun artean apustuak egiten genituen. Aizkolari handien apustuetan adinako giroa sortzen zen, edo gehiago. Gero, aitzakia zen entrenatzeko, korrika egiteko... gorputza ongi izateko.

Kirola ona da bertsotarako?

Kirola, neurrian, ona da denetarako, burua askoz argiago egoten delako. Energia asko lortzen du buruak, eta gogorik ezak kendu.

Nola prestatzen zenituen txapelketak?

Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean biltzen ginen. Etortzen ziren Gipuzkoatik-eta ikasleak Iruñera, unibertsitatera, eta hor elkartzen ginen. Astean entrenamendu pare bat egiten genituen, eta, gero, bakoitzak bere burutik. Beti erraten dut: bertsolariak txapelketa nahi badu egin, behar du bere baitatik kristoren lana egin. Bestela antzu gelditzen da.

Bitan irabazi duzu txapela: 1994an eta 1999an. Nola gogoratzen duzu lehenbiziko hura?

Kristoren ilusioa egin zidan txapelak, baina horrek adina 1992an bigarren egin nuelarik. Lehenbiziko helburua izaten da finalean sartzea, eta gero, txapela.

Horrek eman zizun indarra jarraitzeko?

Bai, indar handia ematen du: txapela irabazteak hurrengo urterako prestatzea eskatzen du. Ezin duzu txapeldun izan eta hurrengo urtean hamalaugarren gelditu, txapel horren sinesgarritasuna zalantzan gelditzen delako.

Eta bigarren txapela?

Txapelek ilusio handia egiten dute. Gainera, urte hori nahiko ona izan zen: egin nituen kanporaketak, finalerdiak eta denakirabazi nituen nire taldean, eta gero txapela; beraz, biribila.

Nola gogoratzen duzu finala?

Nahiko nekaturik nintzen. Saldiasen bertso afaria nuen bezperan, eta berandu etxeratu nintzen. Haur txiki bat genuen, eta oso lo gutxi egin nuen.

Bi alaba izan dituzu, txapela irabazi zenuen urteetan sortuak.

Xelebrea da: 1994an jaio zen Amaia, eta 1999an Ainhoa. Orain adarra jotzen didate: «Beharrik jaio ginen gu, bertzela ez zenuen txapelik edukiko».

Eta zer zen Iantzi saria?

Paolo Iantzi bertsolaria zen. 1966tik aitzinera ez zen txapelketarik jokatu, eta berriz hasi zirenean egin zuten Iantzi saria bezala, Lesakako sariketa balitz bezala. 1983an, Nafarroako Bertsolari Txapelketa ofiziala sartu zen.

Orduan asko aldatu zen bertsolaritza Nafarroan?

Bai, bai: 1980tik 1990era. Hemen bertsolari gutxi zeudenez, gipuzkoarrek kantatzen zuten Nafarroako txapelketan. Gero, iraultzarik handiena izan zen 1992tik goiti gure bertso eskolako gazteak sartu zirelarik: bi Estitxuak, Silveira, Olaetxea, Amaia Telletxea... Garai hartan, bi Nafarroekbatean jokatzen genuen. Iparraldean bertsolari maila bazegoen, eta elkarrekin egin genuen, hemen bertsolari gutxi zegoelako.

Zergatik banatu zineten?

Ikusi genuen Iparraldean bazirela gai bertso txapelketa egiteko: bazituzten bertsolari gazte pila bat eta maila handikoak; eta Nafarroan ere gai ginen txapelketa egiteko; orduan, 2004an erabaki zen bakoitzak berean egitea.

Iparraldekoekin batera aritzeak izan zuen eraginik?

Ikuspegi politikotik aberatsa izan zen. Nafarroa bakarra da, baina mugak puskatu egiten zuenez, elkarrekin aritzea aberatsa izan zen. Gero, bertsolari batzuk ezin zuten Hegoaldera etorri, eta Iparraldean jokatzen zuten. 1989ko finala han jokatu zen.

Lehia ona da bertsolaritzarako?

Txapelketarik ez balego, bertso maila ez litzateke orain duguna. Ez bakarrik horregatik: nork bilduko lituzke hainbertze mila pertsona, ez balitz txapelketa bat? Uste dut bertsolaritzatik bizitzeko beharrezkoak direla txapelketak.

Nafarroako Bertsozale Elkartea 1983an sortu zenuten. Orduan zer egoeratan zegoen bertsolaritza Nafarroan?

Lontxo Aburuza izan zen elkartearen lehen harria jarri zuena. Ikusi genuen erakundeetatik diru laguntzak lortzeko-eta elkarte bat behar zela. Txapelketa ofiziala antolatzea, bertso eskolak bultzatzen hastea, eskoletan bertsolaritza sartzea... horrelakoak ekarri zituen elkarteak.

Aurrerago, 1990ean Bortzirietako Bertso Eskola sortu zenuten. Nafarroako lehenbizikoa zen?

Iruñeko Zaldikon bazen bertso eskola bat, baina helduendako. Gazteen bertso eskoletan lehenetarikoa izan zen Bortziritakoa.

Zerk bultzatuta hasi zineten?

Lesakan bazegoen oso harrobi ona bertsotan, eta ikusten genuen Nafarroako bertsolariak zahartzen ari zirela: Fagoaga anaiak eta hirurok ginen gazteenak. Beharrezkoa ikusten genuen bertsolari gazteak bultzatzeko. Nik uste fruitu onak eman zituela: ez ziren bakarrik bertsolariak atera; atera ziren gai jartzaileak, epaimahaiak, bertsozaleak... Horrek eman zion bultzada handia Nafarroako bertsolaritzari.

Zaldiko Maldikoko helduen bertso eskolak nolakoak ziren?

Zaldikon egiten genuen afaria, eta afalondoan gaiekin-eta. Entrenamendu serioak ziren. Eskoba kirtena Zaldikon sortua da; eskobaren aurrean kantatzearena. Behar genuen kontzentrazio handiagoa, eta hori bururatu zitzaigun.

Zergatik dira garrantzitsuak bertso eskolak?

Gaur egun bertsolari izateko derrigorrezkoak dira bertso eskolak. Arestian erran dudana: egiten ditu bertsolariak, eta bertsolari ateratzen ez diren bertsozaleak. Adibidez, nabaritzen da duela 40 urte, bertso kaskar bati txalo jotzen ziola jendeak; gaur, ez. Gaur jendeak bertsoa ezagutzen du. Bertso ona eta txarra bereizten ditu jendeak. Hor bertso eskolak lan handia egin du.

Nola aberasten du edo zer ekarpen egiten du ezagutza horrek?

Ez da bakarrik bertsoa ulertzea: horrek ekartzen du gure hizkuntza aberastea ere; bertsolariek sinonimo aunitz erabili behar dituzte neurriengatik, eta orduan hitz bat bizkaieraz sartzen baduzu, nafarrek ere ulertuko dute.

Ibilbide hori aintzat hartuta, nola ikusten duzu bertsolaritzaren egoera Nafarroan?

Momentuan nahiko osasuntsu ikusten dut. Erran behar da Nafarroan azkeneko urteetako finalak onak izan direla, baina geldialdi honek beldurra ematen dit. Ea zer ondorio uzten duen, eta ea nola abiatzen diren bertsolariek hurrengo txapelketetan.

Konplexurik gabe ari dira Nafarroako bertsolariak oholtzan?

Bai, bai, bai. Txiki-txikitatik ibiltzen dira, eskola arteko txapelketetatik. Gertatzen da plaza gutxi izaten dutela, eta, azkenean, bertsolaria plazak egiten du, horrek ematen dizu konfiantza. Hiru saio kantatu eta txapelketara bazoaz, horrek aunitz estutzen du bertsolaria.

Ezagunek dute toki gehiago?

Bai, hori beti hala izan da. Bakarrik gu 1990eko hamarkadan zortea izan genuen bertso saio pila bat antolatzen zelako. Hemen, herriko besta guzietan bertsolariak izaten ziren, bertso afariak... Orduan, piramideko goiko zortziak iristen ez ziren tokietarako deitzen ziguten guri. Beraz, guk ere plaza dezente egiten genituen.

Orain ez da hainbeste saiorik antolatzen?

Orokorrean, bertso saioa gehiago daudela diote, baina Baztanen lehen hamabortz herrietan egiten ziren bestetan saioak, eta aparte ere bai. Orain, herri bat edo bitan.

Zergatik?

Garai batean, bertsoa entzuteko joan behar zenuen bertsolariak zeuden tokira, eta pilotariak ikustera, frontoira. Orain, etxean ikus dezakezu dena. Ez dakit horregatik den. Herriko bestak ere ez dira garai batekoak; ekitaldi pila bat galdu dira. Gure eskualdean diot. Garai batean, Arraiozen ekartzen genuen bortz egunetarik bortzak orkestrak, eta tabernatik diru pila bat ateratzen genuen gazteek. Orain, hori ezinezkoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.