ATZEKOZ AURRERA

Ahots pilulak, aurrez aurre

'Podcast' sortzaileen eta entzuleen Euskalpod topaketa egin dute bigarrenez Urnietan; umorea, teknologia, ikus-entzunezkoak, irrati libreak eta beste hainbat gai jorratu dituzte zazpi saiotan.

Urnietako Lekaio kultur etxean bildu ziren atzo podcast zaleak; egun osoan aritu ziren saioak sortzen. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
Urnieta
2019ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Eskerrak entzuleei, zuek gabe ez garelako ezer», entzun da bozgorailuetatik Urnietako Lekaio kultur etxean (Gipuzkoa). Uhinetatik zabaldutako ahots bat izan daiteke, baina ez da hala. Izan ere, podcast sortzaileek bertan egosi eta zabaldu zituzten atzo euren saioak. Eta, sortzaileak ez ezik, podcast entzuleak ere bildu ziren Euskalpod topaketan. Ahots pilulak sortu eta hartu, guztia leku berean.

Mahaiaren erdian eseri da David Bazaga, kaskoak belarrietan eta mikrofonoa aurrean. Bi lagun ditu albo banatan, lanabes berdinekin haiek ere. Elastiko hori-beltzak dituzte soinean, AF Studios leloarekin. Alopecicos Frikis da haien saioa. «Egia azaleratuko dugu gaur», esan du Bazagak. Haien arteko begiradak ikusita, umorezko zerbait datorrela igarri dute parez pare eseritako dozenaka ikus-entzuleek.

Neanderthalak, Greziako filosofoak, erromatarrak, Frantziako Iraultza... historiaren errepasoa egin dute 45 minututan, txiste eta algara artean. Hamaika pertsona aztertu dituzte, eta ondorio argi bat atera dute: burusoilak dira pertsona argiak. Burusoilak dira podcast-aren egileak ere, eta ez da kasualitatea. Bazagak aurreratu du saioaren hasieran: «Podcastsortzaileari bere buruaz hitz egitea gustatzen zaio».

Umorea izan da lehenengo pilularen osagai nagusia. Bigarrenari ekin aurretik, hamabost minutuko etenaldia egin dute EuskalPoden bildutakoek. Kafea, garagardoa eta mokadutxoak daude aretoaren ertz bateko mahaian. Taldetxoak sortu dira haren inguruan. Hizketan ari dira Sofia Arregi eta Idoia Soto; Hernanitik (Gipuzkoa) eta Donostiatik etorri dira, hurrenez hurren. «Podcast entzulea naiz ni. Liburuei eta telesailei buruzko saioak entzuten ditut nagusiki». Sotok, entzuteaz gain, sortu ere egiten ditu Internet bidez hedatutako ahots saioak. «Gaur entzutera etorri naiz, baina iaz saio bat egin nuen». Black Mirror telesailari buruzko Radio San Junipero da haren podcast-a; Euskalpoden lehen topaketan aurkeztu zuen.

Black Mirror ez, baina beste telesail bat izan da bigarren pilularen osagai nagusia: Game ofThrones. Mikel Sanchez da El oso y la doncellapodcast-aren gidaria. «Telesailaren jarraitzailea naiz. Hari buruzko Argentinako podcast bat entzuten hasi nintzen. Kapitulu bat ikusi, eta Javirekin elkartzen nintzen, hari eta podcast-ari buruz hitz egiteko». Hortik jaio zen bi lagunen saioa.

Sanchezek gustuko du podcast-ek ahalbidetzen duten askatasuna: «Baliabide gutxi behar dira sortzeko, eta nahi duzunean entzun dezakezu». Halaber, azaldu du podcast-ek aukera ematen dutela zaletasun berak dituztenak elkartzeko. Horixe egin dute eurek ere: telesailaren azken denboraldiaren atarian, eszena esanguratsuen eta pertsonaien errepaso bat egin dute, ikus-entzunezkoekin lagunduta.

Irrati libreak hizpide

Sarea da podcast-en bizitoki naturala. Horregatik, Internet bidez ere bada Euskalpod jarraitzeko aukera, Iñigo Sendino koordinatzaileak azaldu moduan. «Youtuben eta Euskadigitalen atarian entzun daiteke zuzenean». Haatik, Urnietan toki fisiko bat hartu dute soinu pilulek. «Euskal komunitateko podcast-ak topatzea da helburua, baita podcast mundua publikoari erakustea ere». Sendinoren arabera, gero eta gehiago ari dira zabaltzen podcast-ak, tartean, ohiko hedabideek aukera moduan ikusi dituztelako; irratiek, esaterako.

Hain zuzen, irrati libreak eta euskarazko podcast-ak izan dituzte hizpide Gramofonoa saioan. «Zergatik ez dago euskarazko podcast independente gehiago?», galderarekin ekin dio Gorka Juliok. Haren iritziz, jendea irrati libreetan aritzen delako. Zarauzko (Gipuzkoa) Arraio irratiko Amanita esatariarekin batera aletu du haien jarduna: «Beste hedabideetan ez dagoen informazioa ikusarazteko modu bat da». Irratia nola, gai ugari jorratzeko eta zaletasun berak dituztenak batzeko soinu pilulak dira podcast-ak ere, sarean zein aurrez aurre.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.