ATZEKOZ AURRERA

Arnasgune bat bidegurutzean

Bilbo hirigunetik oso hurbil eta herri ugariren bidegurutzean dago Erandioko Akarlanda parkea. Besteak beste, eskalatzeko, paseoan ibiltzeko eta barbakoak egiteko aukera dago han.

Erandioko Akarlanda parkean aukera dago barbakoak egiteko, paseoan, korrika eta bizikletan ibiltzeko, eta eskalatzeko. RAUL BOGAJO / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Erandio
2020ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Saskibaloi eta futbol zelaietan, zenbait haur baloiari kolpeka. Asfaltozko bideetan, pertsona maskaradun ugari paseoan.Bide bazterretako bankuetan, eguzkipean, beste zenbait herritar eserita. Jan-edanez betetako mahaien bueltan, familia eta lagun taldeak. Eskalada murruan ere, gazte ugari horma malkartsuetan gora. Haurren zirrara oihuez eta lagunarteko elkarrizketez gain, isiltasuna da nagusi. Larunbat goiza da, eta udazken kolorez jantzita dago Erandioko Akarlanda parkea (Bizkaia). Hosto marroixkaz beteta daude belardi eta bideak, eta bazter guztietan dabiltza arnasguneari zukua atera nahi dioten herritar taldetxoak.

Parkeak aukera ematen du ekintza ugari aire zabalean egiteko: korrika egin, paseoan ibili, eskalatu, bazkaldu, eguzkitan etzan... eta garaiotan are esanguratsuagoa den zerbait eskaintzen du Akarlandak: espazio estrategikoa da askorentzat. Hamaika herrirekin egiten du muga; eta, hain zuzen, hartutako azken neurrien arabera, posible da herri mugakideetara joatea aisialdi arrazoiak direla medio. Bilbo, Leioa, Getxo, Berango, Urduliz, Loiu, Sondika, Barakaldo, Sestao, Laukiz eta Loiuren artean dago Akarlanda. Herri eta hirien aztoramenetik at, arnasgune bat da bidegurutzean.

Askok buruari eragin eta neurriak errespetatuz aisialdiaz gozatzeko zirrikitua aurkitu dute Akarlanda parkean. Nagore Otazuak horrela topatu du amarekin eta ahizparekin elkartzeko espazioa. «Ni Bilbon bizi naiz , baina ama eta ahizpa, Urdulizen; Erandio da justu bien artean dagoen herria». Mahaiaren bueltan elkartu dira, etxetik ekarritako janaria aire zabalean dastatzeko prest. «Etxetik kanpo egoteko aitzakia ona da; aste barruan ezin gara hirigunetik mugitu, eta asteburua aprobetxatzen dugu Bilbo jendetsu eta zaratatsutik atera eta lasai egoteko». Udazkeneko egun laburrak gozatu, eta ilundu arte geratuko dira Akarlandan. Bazkaria prest dute, eta Otazuaren alaba, jostailuzko kamera eskuetan, han eta hemen ari da argazkiak ateratzen. Amama ere pozik, bilobekin egoteko tartea duelako.

Tapaki baten gainean, belardian eserita dago Patricia Garcia,eta alaba txikiarekin jolasten ari da. Familiarekin lotzeko toki estrategikoa da Garciarentzat Akarlanda. «Gu Bilbotik gatoz, eta familia Getxon dugu. Erandio erdibidean dago, eta hemen geratzen gara elkar ikusi ahal izateko». Beti izan dute parkea hurbil, baina aitortu du herriz herriko konfinamendua ezarri denetik egin dutela parkera eguna pasatzera joateko hautua.

Semea eskalatzen ari den bitartean, alaba txikiari bazkaltzen ematen ari da Ruben Gomez, bankuan eserita. «Nire loba sarritan etortzen da hona eskalatzera, eta semeak lehengusinarekin batera eskala dezan etorri gara». Bilboko Zorrotza auzotik joan dira Akarlandara Gomez eta familia. «Azaro amaiera izateko, eguraldi zoragarria dago, eta, tabernak itxita daudenez, aukera bikaina da parkera etortzea». Gomezek azaldu duenez, gutxitan joaten da Akarlandara, baina lobaren bidez jakin du azkenaldian jende gehiago dabilela. «Lobak esan digu normalean asko jota bizpahiru pertsona egoten direla eskalatzen, eta gaur dozena bat dabiltza eskalada murruaren inguruan».

Gertukoari erreparatu

Eskalatzera joan ohi da Jon Aberasturi Akarlandara, baina gaur bi zuhaitz enborren artean lotu du slackline egiteko xingola. Parkean dauden euskarriez gain, posible da kirol eta jarduera gehiago egitea etxetik eramandako gailuekin. Aberasturik xingola probatzeko tokia aurkitu du parkean. «Egia esan, konfinamendu garaian erosi nuen slackline egiteko xingola, eta neurri berriek inguru hurbilean ditudan parajeei gehiago erreparatzera behartu naute».

Paco Ibañez bankuan eserita dago, eguzkitan. Erandiokoa da bera, herrikoa, eta urteak daramatza ia egunero parkeko bideetan gora eta behera paseoan: «Inguru hau ondo zaindu behar dugu; ezin dugu hau galtzen utzi: ezinbestekoa dugun arnasgune bat da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.