U30eko greba orokorra

Duintasuna eskatzeko eguna

Gutun Sozialaren greba orokorrak eragin zabala izan du, tokian-tokiko oihartzuna ezberdina izan arren. Manifestazioak oso jendetsuak izan dira: 145.000 pertsona, lan, pentsio eta bizitza duinen eske

Pentsiodunen aldarriak berebiziko garrantzia izan dute. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Irune Lasa.
2020ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Atzokoa ez zen beste egun bat izan. Toki batzuetan normaltasuna gehiago hautsi zen, eta beste batzuetan gutxiago, baina Hego Euskal Herriko bazter gehienetara iritsi zen greba orokorraren eragina. Mobilizazioak ere oso jendetsuak izan ziren, batez ere hiriburuetan egindako manifestazioak. Lan, pentsio eta bizitza duinak aldarrikatzeko Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak egindako deialdiak ukatu ezinezko oihartzuna eta babesa izan zituen.

Lanuztearen erantzunari dagokionez, industriako enpresa askotan eten edo murriztu zen jarduera, batez ere Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroako iparraldean; kooperatiba industrial askok ere greba egin zuten. Merkataritzan, hiriz kanpoko gune handi batzuk itxi ziren; adibidez, Garbera eta Urbil Gipuzkoan. Hirietan, berriz, piketeak pasatu ahala saltoki gehienak —guztiak ez— pertsianak itxiz joan ziren. Hirietako erdiguneetan, dena den, multinazional ezagunen saltokiak zabalik gelditu ziren; hori bai, ohi baino bezero gutxiagorekin.

Izan ere, hiriburuetan garraio publikoen murrizketaren eragina ere asko antzeman zen. Trenak, autobusak, metroak gutxieneko zerbitzuetan aritu ziren, bidaiarien mugikortasuna zailduz.

Trafikoa trabatzeko saioak ere izan ziren egunean zehar, hala nola Bilboko San Mameseko sarreran, Hernani eta Andoain lotzen dituen zean (Gipuzkoa), eta barraskilo operazio bat ere Sakanan (Nafarroa). Trenbideak moztuta egon ziren tarte batez Berrizen (Bizkaia,) eta Hendaia eta Irun artean (Gipuzkoa).

Arlo publikoan —osasungintzan, hezkuntzan...—, deitzaileen arabera, oihartzun zabala izan zuen grebak, «nahiz eta sektore publikoko behin-behinekotasuna %35etik gorakoa izan eta ezarritako zerbitzu minimoek greba eskubidea guztiz baldintzatu».

Datu kontrajarriak

Beste behin, datu kontrajarriak iritsi ziren greba orokorraren deitzaileen aldetik eta gobernuen aldetik. Eusko Jaurlaritzak azaldu zuenez, greba deialdiak %16,9ko erantzuna izan zuen EAEko Administrazio Orokorreko sektorean, eta Osakidetzan %8tik azpikoa. Hezkuntzako datuak, arazo informatikoak tarteko, beranduago eman zituen: ikastetxeen %48aren datuekin, haietan grebaren arrakasta %48koa izan zen. Hedabide publikoek ere greba egin zuten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, jarduera saio informatiboetara mugatuta. Nafarroan, administrazioko langileen %8,13k egin zuten greba, foru gobernuak azaldu zuenez.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako eledunaren arabera, grebaren erantzuna 2013ko maiatzekoa baino apalagoa izan zen. «Norbaitek administrazioaren desmobilizazioa nahi baldin bazuen, ez du helburua lortu».

EAJk, ildo beretik, greba orokorrerako deia «erabateko porrota» izan zela adierazi zuen, «euskal hiritargoaren gehiengoa lanera joan» zela. EAJren ustez, «euskalgizartearen gehiengo zabal batek ulertu du gaurko greba erabat politikoa dela, aldarrikapen ekonomiko eta sozialaren itxura eman nahi izan zaion arren».

Jendetza

Baina, norbaiten nahia bazen atzo ezer aipagarririk ez gertatzea, normaltasun erabatekoa izatea, ez zuen bere xedea lortu. Besteak beste, kaleetan jendetza batu zelako Eskubide Sozialen Gutunak deitutako manifestazioetara, batez ere eguerdiarekin hiriburuetan egindakoetara.

Bilboko manifestazioan, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak erantzun egin zien greba politikoa zela leporatu dietenei. «Esaten digute greba politikoa dela; izango ez da, ba! Zer dira, bestela, pentsioak, lan baldintzak edo eskubide sozialak?».

Garbiñe Aranburu LABeko buruak, berriz, oharra egin zuen: «Bi hilabetean kasu egiten ez badute, udaberrian beste borroka loraldi bat ezagutuko dute».

Eskubide Sozialen Gutunaren arabera, 145.000 pertsona bildu ziren goizean hiriburuetako manifestazioetan. Arratsaldez ere, mobilizazioak izan ziren eskualdeetako herri nagusietan. Guztiak lan, pentsio eta bizitza duinak aldarrikatzeko asmoz, bizi eta ezagutzen dituzten egoera prekarioak salatzeko, erakutsi nahian atzokoa ez zela beste egun bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.