Presidentetzarako bozak Kolonbian. ANALISIA

Kolonbia, aldaketaren bila

Arantxi Padilla
2022ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun

Gaur, ia 40 milioi kolonbiarrek presidente berria aukeratu ahal izango dute, eta ikusmina, urduritasuna eta arriskuak ikaragarriak dira. Garaile ateratzen den hautagaiak aurretik izango dituen erronkak ere izugarriak dira, konpondu beharreko arazoek ez baitute parekorik herrialdearen historian.

Hauteskunde kanpaina luze honen ondoren, iritsi da eguna, eta kolonbiarrek euren etorkizuna aukeratu beharko dute. Milaka dira, orain arte ez bezala, aldaketa baten beharra sumatu eta proiektu politiko desberdin baten alde bozkatzeko gogoa dutenak. Kalean sumatzen da, eta inkestetan ere bai. Hautagaien artean, Gustavo Petro ezkertiarrak du babes gehien, botoen %40 baino gehiagorekin, eta atzetik jarraitzen diote Federico Gutierrez eskuindarrak eta Rodolfo Hernandez populistak %23 eta %21ekin, hurrenez hurren.

Hilabete hauetan guztietan, Petro azaldu da hasiera-hasieratik inkesta guztietan garaile, baina, azken asteetan, Rodolfo Hernandez populista orain arte bigarren zihoan Federico Gutierrez Fico-ri parean jarri zaio eta lehia bizia izango da seguru.

Petrok, Itun Historikoa koalizioan batu diren alderdi desberdinen hautagaiak, aurreneko itzulian irabazi nahi du, badakielako ekainean, hamabost egun barru egingo litzatekeen bigarren itzulira joanez gero, hauteskunde hauetako hautagai guztiak eta milioika bozkatzaile bere kontra jarriko direla. Baina hilabete asko daramatza inkesta guztietan buru, eta aurreneko itzulian edo bigarrenean irabaztea lortuko balu, eta hala diote adituek eta etxe desberdinek egindako inkestek, Kolonbiako historiako lehen presidente ezkertiarra bihurtuko litzateke Petro.

Ezkerra lehen aldiz Kolonbiako gobernuan, Nariño jauregian... Eta alderdi eskuindarrak, enpresaburuak, herrialdeko elitea, beldur dira. Eta kalean ere nabari da tentsio hori: «Petro gerrillari bat da, eta, irabazten badu, Venezuela, Kuba edo Nikaragua bihurtuko gara», «etxeak eta lana kenduko dizkigute, desjabetu egingo gaituzte...» eta antzeko kontsignak etengabeak dira Fico edo Rodolforen jarraitzaileen partetik. Beldur dira euren pribilegioak galtzeko arriskuaren aurrean.

Kolonbiako errealitate gordina ezin da inon ezkutatu, ordea. 21 milioi pertsona pobrezian bizi dira herrialde honetan, eta, adituen arabera, orain arteko bidetik jarraitzeak gosea, berdintasunik eza eta indarkeriaren gorakada ekarriko lituzke. Baina kolonbiarrek uribismoari bizkarra eman diote azken hilabeteotan. Ivan Duque presidentearen gobernualdia, azken hamarkadetako okerrena ez bada, okerrenetariko bat bezala baloratzen da.

Lau urte luze hauetan, Duquek bake prozesuan lortutako akordioak haustea izan du helburu. 2016az geroztik, akordioan hitzartutakoa ez betetzeaz gain, gizarteratze prozesuan zeunden ehunka gerrillari ohi, gizon eta emakume hil dituzte, baita euren lurrak, natura eta eskubideak defendatzen dituzten lider sozial eta indigenak ere. Duqueren agintaldian gizartearen leherketa ikusi dugu, protesta jendetsuak kaleetan, oinarrizko eskubideen hobekuntza eskatuz eta bizitza duin bat aldarrikatuz, eta indarkeriak gora egin du ezbairik gabe.

Hori dela eta, egun, kolonbiarren %70 baino gehiagok gaitzesten dute haren agintaldia, eta horrek azaltzen du Alvaro Uribe presidente ohiaren presentzia txikia hauteskunde kanpaina honetan. Oraingoan, Uribek, gehitu bainoago, kendu egiten du, eta bere hautagaiak, Ficok, elkarrizketa edo eztabaidetan etengabe dio independentea dela, badakielako uribismoarekin lotzeak botoak kentzen dizkiola.

Azken asteetan Hernandezek kendu dizkio boto asko, Donald Trumpekin, Nayib Bukelerekin, edo Jair Bolsonarorekin alderatzen duten milioidunak. Proposamenik aurkeztu ez, eta, besteak beste, zinegotzi bati eztabaida batean zaplazteko bat emateagatik ezagutzen dena.

Asko dago jokoan hauteskunde hauetan, eta iruzur arriskua handia da. Hori dela eta, nazioarteko ia 300 bat behatzaile egongo dira herrialde osoko hauteslekuak zaintzen, haien artean Euskal Herritik etorritako behatzaileak, alderdi eta elkarte desberdinetakoak. Eta euren rola oso garrantzitsua izango da, herrialde honetan ia hauteskunde guztietan izan direlako irregulartasunak: botoen salerosketak, boto-paperen desagertzeak, edota zenbaketa arazoen salaketak.

Eta hori gutxi balitz, hautagai ezkertiarrek heriotza mehatxuak salatu dituzte, eta azken asteotako mitinetan, balen kontrako txalekoak eta ezkutu handiek babestuta atera behar izan dute jendaurrean hitz egitera, segurtasun sare handi baten babesarekin.

Eduardo Zapateiro Kolonbiako Armadako komandanteak estatu kolpe batekin ere mehatxu egin zuen agerraldi batean, ezkerrak presidentetza irabazteko aukeraren aurrean, baina adituek azken hau ez dute hain posible ikusten. Presidenterako hautagai indartsuenaren hilketa bat bai, ordea, aurrekariak badaudelako, ez hain aspaldi gertatu delako.

Beldurraren politikak orain arte funtzionatu badu, badirudi hauteskunde hauetan benetako aldaketaren gosea gailendu zaiola, eta aire berriak datozela Kolonbiara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.