Zergak igo beharko dira, Espainiako Bankuaren ustez

2020ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Iragarpenak betetzen badira, atzeraldi sakonenetako bat Espainiak izango du, turismoarekiko duen menpekotasunari batu zaiolako kinka txarrean dagoela haren industria nagusia, autogintza. Azken aurreikuspenak, OCDEk egindakoak, esaten du Espainiaren BPGa %11,1 jaitsiko dela pandemian aldaketa handirik ez badago, eta %14,4, berriz, udazkenean beste itxialdi bat badago.

Eroriko horrek BPGaren %12,5eko defizita ekarriko duela dio OCDEk, hau da, 135.000 milioi eurotik gorako zuloa kontu publikoetan. Diru hori Espainiaren zor publiko handiari batuko zaio, eta baliteke BPGaren %125-130era iritsi daiteke.

Zor handi hori hartzea beharrezkoa dela onartu du Espainiako Bankuak, orain lehentasuna duelako konfinamenduak ekarritako kalte ekonomikoa diru publikoarekin arintzea. Berritasuna bada Espainiako Bankuak hori esatea, aurreko krisian austeritatearen babesle nagusia izan zelako.

Baina, epe erdira, «behin suspertzea sendotzen denean», berreraikitze «programa handinahi bat» beharrezkoa dela ziurtatu du banku zentralak. Horren barruan dago ekonomia «eraginkorragoa» egiteko zenbait erreforma egitea, baina baita kontu publikoak onbideratzeko neurriak hartzea ere, Espainia gai izan dadin orain hartuko dituen zorrak ordaintzeko, interes tasen balizko igoerak jasanezin egin aurretik.

Plan horretan zenbait zerga igo egin beharko direla uste du, eta baditu hautagai batzuk: zerga bereziak handituko lituzke —hidrokarburoak, alkohola eta tabakoa, esaterako—, BEZ tasa murriztua kenduko lieke produktu eta zerbitzu batzuei, eta sozietate zergaren «zuloak» estaliko lituzke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.