Liga azken txanpan. Aihen Muñoz. Realeko jokalaria

«Azken partidetan buruz indartsu egotea da garrantzitsuena»

Realak gertu du Txapeldunen Ligarako sailkatzea, baina Aihen Muñozek ez du erlaxatzeko tarterik nahi. Atzelari nafarraren esanetan, azken lau partidak «zailak» izango dira: «Argi eduki behar dugu ez dela amaitu».

JAVI COLMENERO / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2023ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Aihen Muñoz (Etxauri, Nafarroa, 1997) bat dator taldekideekin: Txapeldunen Ligarako sailkatu nahi du, kosta ahala kosta. Atzelariak esan du Reala «ondo» dagoela ligako azken partiden atarian, eta baikorra da beren aukerei dagokienez. Txuri-urdinek Bartzelonaren aurka jokatuko dute gaur (21:00, Movistar), irabaztea xede hartuta.

Zer hausnarketa egiten duzu taldearen egoerari buruz?

Oso bolada onean gaude. Azken emaitzekin, sailkapenaren goialdean eutsi diogu, eta ea horrela segitzen dugun azken lau partidetan.

Joan zen asteburuko emaitzek txikitu egin dute aurkariekin zenuten aldea. Gironaren aurkako berdinketak zapore gazia utzi al zizuen?

Etxean jokatuta, irabaztea espero genuen, baina talde guztiak lehiatzen dira ondo. Pena izan zen, baina bide beretik segitu behar dugu. Ea asteburu honetan aldea handitzen dugun.

Bartzelonan jokatuko duzue gaur. Txapeldunak dira matematikoki. Beraz, erlaxatu egingo al dira?

Liga irabazi dute, eta agian apur bat erlaxatuko dira, baina, zelaira sartzean, txipa aldatuko dute. Ziur naiz dena ematera aterako direla. Haien etxean jokatuko dugu, eta zaleei garaikurra erakutsiko diete. Dena emango dute.

Ea ospakizunek apur bat nahasten dituzten, ezta?

[Barrez] Ea gu ondo hasten garen. Azkenaldian, asko daukagu jokoan, eta zerbait ona lortu nahi dugu han.

Bartzelona ondo arituko dela espero duzu. Nola aurre egiten zaio horrelako talde bati?

Oso jokalari onak dira, teknikoki eta fisikoki oso indartsuak, eta oso ondo aritu dira urte osoan. Gure tresnak erabiliko ditugu, gure estiloa, eta ea gure atea hutsean utzi eta haiena zulatzen dugun.

Aurten baduzue aurrekari bat Camp Noun, Espainiako Kopakoa. Galdu arren ondo jokatu zenuten. Hori da bidea?

Bai. Jokalari bat gutxiagorekin aritu ginen, gainera. Zaila izango da, baina, gure lana oso ondo eginda, lor dezakegu. Aste barruan ondo entrenatu gara, eta gogor egin dugu lan.

Hamabi puntu geratzen dira jokoan. Haietako zenbat beharko dituzue Txapeldunen Ligan sartzeko?

Ez dakit. Denak irabaziz gero, lortuko dugu [barrez]. Ez, oso partida zailak ditugu: Bartzelona, Almeria, Atletico Madril eta Sevilla. Vila-realek eta Betisek ere egutegi zaila dute. Garrantzitsua izango da ez galtzea, puntuak lortzea eta etxean indartsu aritzea.

Bartzelonak eta Atletico Madrilek izango dute gutxien jokoan. Almeriak beharra du, eta Sevillak aukera du Konferentzia ligarako. Zer diozu egutegiaz?

Almeria hil ala bizi dago, eta beste hiru taldeek maila handia dute. Bartzelonak liga irabazia du, bai, baina beti aritzen dira intentsitate handian gure aurka. Ea Sevilla eta Atletico nola iristen diren azken partidetara. Ez dute ezer oparituko.

Taldeak susperraldia izan du jokoan?

Uste dut urte osoan eutsi diogula maila onari. Egia da batzuetan irabazi egiten dela, beste batzuetan galdu, baina uste dut Reala beti izan dela Reala, emaitzak alde batera utzita. Orain garai onean gaude: Real Madrili irabazi genion, Sadarren ere bai... Bolada onean gaude, baina uste dut sasoi osoan eutsi diogula estiloari.

Txapeldunen Liga duzue xede, baina jada lortu duzue Europarako sailkatzea laugarren urtez jarraian. Baliotsua da?

Izugarria da, balio handiko gauza da Realak lau urtez jarraian postu horietan amaitzea. Orain, Txapeldunen Ligarako bidean segitu behar dugu. Gauza gehiago ditugu egiteko.

Jokalarientzat ere ederra izango da Europan zehar ibiltzea, ala?

Noski, oso gauza ederra da. Gainera, urte osoan partida asko jokatzen ditugu, bidaiatzea polita da, eta maila ona eman dugu azken urteetan. Ez gara oporretara joaten. Horrela eutsi nahi diogu, urrats bat gehiago eginda.

Zeuk esan duzu: partida asko jokatzen ari zarete. Nola eragiten du halako exijentziak?

Egunerokoari esker ailegatu garaondo amaierara. Jokalari guztiak Imanolen [Alguacil, entrenatzailea] esanetara gaude azken partidetarako. Buruz indartsu egotea da garrantzitsuena; bukaera gertu ikusita, kontzentratuta egotea eta pasioari eustea. Oso argi eduki behar dugu oraindik ez dugula amaitu.

Indarberritze lanak berebiziko garrantzia izango du orain.

Bai. Gorputzak zama handia du garai honetan. Azkeneko esfortzua egin behar dugu zaintzeko, atseden hartzeko, jatekoa zaintzeko, eta batez ere, burua argi edukitzeko, helburua kontuan hartuta.

Azken boladan ezker hegalean ari zara, finko. Gustura zaude?

Bai, orain oso gustura nago, zelaian gora eta behera gozatzen. Taldea ere puntuak lortzen ari da, eta oso pozik nago, orokorrean.

Aurrez, gutxi jokatu zenuen aldi batez. Nolakoa izan zen garai hori?

Gogorra. Mentalki, batez ere. Jokatzeko prest egon arren, ez duzu jokatzen. Hori da futbolaren aldetik txarrena, lesioekin batera. Ni lasai egon nintzen, egunerokoan dena ematen, eta nire aukeraren zain. Penatua nengoen, ez jokatzeagatik, baina ondo eraman nuen. Uste dut horrek lagundu didala orain ondo egoten.

2024. urtera arte duzu kontratua. Berritzea al da zure helburua?

Horrek ez nau kezkatzen, baina egia da nire nahia eta asmoa hemen segitzea dela. Ea hala den, baina ez nago kezkatuta, ez baitago nire esku. Ea zer gertatzen den.

David Silvak orain gutxi berritu du kontratua, eta Igor Zubeldiak, berriz, asteazkenean. Reala talde erakargarria al da futbolari batentzat?

Bai. Reala oso talde lehiakorra bihurtu da. Ikusten da jende askok hemen jarraitu nahi duela, eta baita jendeak etorri nahi duela ere. Zubietan oso ondo egiten ari dira gauzak. Bai beheko mailan, baita lehen taldean ere. Onena da klubekoak gozatzen ari direla, baita hemengo jendea ere.

Lerroburu bat sasoi amaierarako?

Laugarren postua eskuratu izana, eta denon artean ospatu dugula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.