Bartzelona 4-1 Alaves

Burua makurtu gabe

Alavesek galdu egin du Bartzelonaren zelaian, baina itxura duina emanda. Estutu egin du bigarren zatian, eta lehia berdintzear egon da. Messik itzali du arabarren garra

Alaveseko Ximo Navarro atzelaria eta Bartzelonako Sergio Busquets erdilaria baloiarengatik lehian, atzo, Camp Noun. ERIK FONTCUBERTA / EFE.
enaut agirrebengoa
2019ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Griezmannek (14. min.). 2-0: Vidalek (45. min). 2-1: Ponsek (56. min). 3-1: Messik (69. min). 4-1: Suarezek, penaltiz (75. min). Epailea. Melero Lopez. Txartel horiak: Bartzelonako Umtiti eta Albari; eta Alaveseko Aleix Vidal, Wakaso, Martin eta Elyri. Bestelakoak. 63.054 ikusle Nou Campen.

Galtzea beti da mingarria; are gehiago etenaldi baten aurretik bada eta aurreko lehietan oso emaitza kaskarrak lortu badira. Haatik, Camp Nouren gisako zelai zail batean gertatuz gero, eta itxura duina emanda, kolpea arindu egiten da. Alaves esku hutsik gelditu zen atzo Bartzelonaren zelaian, baina ez zuen burua makurtu. Lehiakor aritu zen, bigarren zatian batik bat, eta berdinketa ez zuen urruti izan. Estu hartu zituen kataluniarrak, eta, hala, azken partidetako itxura hobetu.

Gotortuta ekin zion lehiari Arabako taldeak, Bartzelonaren saiakerei tinko eusteko asmoz. Baloiaz ez zuen ezertxo ere jakin nahi izan, eta luze jokatu zuen, itzulingururik gabe. Bada, zuhurtziak ez zion ezer onik ekarri. Batez ere, defentsako harresiak pitzadurak zituelako. Kataluniarrak lehen ordu laurdena betetzear zela jarri ziren aurretik: Ximok ezin izan zuen moztu Suarezen erdiraketa, eta Griezmannek bikain errematatu zuen, Martinen zaintza eskasa lagun.

Golaren ostean, balazta sakatu zuen Ernesto Valverderen taldeak. Eta, aldi berean, arabarrek urrats bat egin zuten aitzinera. Lerroak apur bat aurreratu zituzten, eta paseak kateatzen eta Bartzelonaren areara gerturatzen hasi ziren. Wakasok izan zuen gasteiztarren lehen gol aukera, 27. minutuan, baina oker jaurti zuen area ertzetik. Lau minutu geroago, jokaldi ona ehundu zuten Aleixek eta Lucasek, eta Pons bakarrik utzi. Ordea, eskua adierazi zioten Lucasi.

Neurketan sartuta zegoen Alaves, baina kolpea hartu zuen atsedena ate joka zela. Izan ere, 2-0ekoa egin zuen Vidalek, Suarezen pasea jaso eta jaurtiketa indartsu batekin Pacheco gaindituta. Edonola ere, ez zuen etsi Asier Garitanoren taldeak. Bergararrak Luis Rioja zelairatu zuen aldageletatik itzuli eta gutxira, eta aldaketak on egin zien arabarrei; hainbeste, ezen markagailuko aldea murriztu baitzuten 55. minutuan. Riojak Duarterekin jokatu zuen ezker hegalean, atzelariak arean jarri zuen baloia, eta Ponsek maisuki errematatu zuen buruz.

Hazi egin zen Alaves, eta binakoa egiteko bi aukera on izan zituen. Lehena Aleixek izan zuen, Pique eta Ter Stegenen arteko gaizki-ulertu baten ostean; eta bigarrena, Duartek, korner batean. Ordea, barkatu egin zuten, Messik ez bezala. Argentinarrak area ertzean jaso zuen baloia, eta, ohi bezala, gurpilarekin bidali zuen sarera. Hogei minutu gelditzen ziren lehia amaitzeko, baina itzali egin zen gasteiztarren itxaropena. Areago Suarezek 4-1ekoa sartu zuenean, penaltiz. Bederen, lehiatu izanaren sentipenarekin itzuli ziren etxera Garitanorenak. Bada zerbait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.