ELX 0 REALA 1

Nahi baino gehiago sufritu du

Brais Mendezek sartutako gol bakar batek garaipena eman dio Realari Elxen. Donostiako taldea partida erabakita uztear izan da lehen zatian, baina Merinok penalti bat huts egin du

Take Kubo eta Ander Gorosabel, Brais Mendez zoriontzen, hark gola sartu ondoren, atzo, Elxen. MANUEL LORENZO / EFE.
Iñigo Lasa Fresneda.
2022ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Brais Mendezek (20. min). Epailea. Iglesias Villanueva. Txartel horiak: Elxeko Gumbauri, Tete Morenteri eta Mojicari; eta Realeko Merinori eta Karrikabururi. Bestelakoak. 22.656 ikusle Martinez Valeron.

Gol bakarra sartu, atea hutsean mantendu, eta hiru puntuak eskuratu. Hori da azkenaldian Realak darabilen formula. Eraginkorra da, puntu dezente pilatu baititu modu horretara. Baina arriskutsua ere bada, aurkariaren gol bakar batek saria heren batera murrizten duelako. Atzo, ondo atera zitzaion apustua talde txuri-urdinari. Nagusi izan zen Elxen (Herrialde Katalanak), baina ate aurrean izandako eraginkortasun falta nabarmenak azken hatsera arte tentuz ibiltzera behartu zuen. Brais Mendezek 20. minutuan sartutako gola nahikoa izan zen irabazteko: 0-1.

Alexander Isak Newcastleri saldu eta gero, aurrelari peto bakarra du Realak: Jon Karrikaburu. Atzo, baina, hura aulkian utzi, eta aurrean Momo Cho jartzea erabaki zuen Imanol Alguacilek, Take Kubo eta Brais Mendezekin batera, aurreko lerroari mugikortasuna eta abiadura emateko asmotan. Ondo atera zitzaion apustua entrenatzaile oriotarrari.

Bizi hasi zen neurketa Martinez Valeron: bi taldeek azkar iritsi nahi zuten kontrarioen areara. Minutuek aurrera egin ahala, Reala baloiaren jabe egin zen, eta erraz aurkitu zituen hutsuneak Franciscoren taldearen defentsan. Oso makal ibili ziren etxekoak atzean. 20. minuturako aurretik zen Reala. Martin Zubimendiri pentsatzeko denbora utzi zioten zelai erdian, Elxeko defentsek ez zuten elkar ulertu, eta defentsa lerroa desegin zuten. Brais Mendez bakarrik utzi zuten, eta galiziarrak maisuki amaitu zuen jokaldia Edgar Badiaren aurrean.

Gola sartu eta gero, lasai asko jokatu zuten donostiarrek. Baloia ondo mugitu zuten alde batetik bestera. Zubimendik, Mikel Merinok eta David Silvak izan zuten neurketaren aginte makila, eta hiruren artean erraz aurkitu zituzten zuloak etxeko taldearen defentsaren bizkarrean.

Realak Choren abiadura baliatu zuen Elxi min egiteko. Baita lortu ere. 33. minutuan, penaltia egin zioten jokalari frantziarrari, baina Merinok ezin izan zuen bigarren gola sartu penalti puntutik. Panenka erara bota zuen, baina Badia ez zen mugitu, eta arazorik gabe harrapatu zuen baloia. Errenta handitzeko aukera dezente izan zituen talde txuri-urdinak lehen zatian.

Franciscoren taldea, ordea, apenas gerturatu zen Remiroren ate ingurura lehen zatian. Bisitarien presio handia baliatu nahian, baloi luzeen bitartez, Igor Zubeldiaren eta Robin Le Normanden bizkarra bilatzen saiatu ziren. Baina erdiko bi atzelariak sendo ibili ziren Roger Marti eta Ezequiel Ponce aurrelarien zaintzan.

Defentsan, tinko

Bigarren zatia hasi eta berehala, abagune paregabea izan zuen Realak. Brais Mendezek ate aurrean bakarrik utzi zuen Silva, baina espainiarra atezainari izkin egiten ahalegindu zen, eta konturatzerako jaurtiketa egiteko tokirik gabe gelditu zen. Etxeko taldeak erantzun bikaina eman zion Realaren abaguneari. Lehen zatian ez bezala, Elx gipuzkoarren area zapaltzeko gai izan zen sarritan, baina saiakera guztietan Alex Remirorekin topatu zen. Etxekoek gora egin baino gehiago, Realak egin zuen behera. Izan ere, Elx batere antolakuntzarik gabe ari zen. Talde bat izan beharrean, 11 jokalari ziren elastiko berbera jantzita. Baina arriskua sortzen hasi ziren, bisitariak neurketatik atera zirelako ordu laurdenez.

Gauza okertzen ari zela ikusita, ordubetea beteta, zuhaitza astintzea erabaki zuen Imanolek. Karrikaburu eta Aritz Elustondo zelairatu zituen, Choren eta Zubeldiaren ordez —Elustondok 200. partida jokatu zuen Realarekin—. Karrikaburuk gertu izan zuen gola zelairatu eta berehala.

Azken minutuetan Realak pare bat pauso egin zituen atzera, aldeko emaitzari eusteko intentzioarekin. Elxek erasora egin zuen orduan, eta arriskua sortzen saiatu zen, erdiraketen bidez. Baina bigarren zatian zelairatutako Asier Illarramendik, Aritzek eta Jon Pachecok Le Normandi baloi guztiak urruntzen lagundu zioten. Ez zuten asko sufritu Imanolek zuzendutako jokalariek, Elxek ez baitzuen arrisku handirik sortu, baina bai behar zena baino gehiago. Amaieran, garaipena, apur bat sufrituta, baina garaipena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.