Rayo 0-3 Osasuna

Ondo olioztatuta dago

Osasunak nagusitasunez irabazi dio Rayori, lehen zatian hautsi duen partida batean. Bigarren garaipena kateatu du etxetik at, eta 32 puntu ditu jada

Osasunako jokalariak, Ruben Garciak sartutako gola ospatzen, gorritxoen bigarrena, atzo, Vallecasen. MARISCAL / EFE.
enaut agirrebengoa
2022ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Moncayolak (9. min.). 0-2: Ruben Garciak (39. min.). 0-3: Kike Garciak (93. min.). Epailea. Figueroa Vazquez. Txartel horiak: Rayoko Alvarori eta Saveljichi; eta Osasunako Vidali. Bestelakoak. 8.586 ikusle Vallecasen.

Osasunaren makineriak jada ez dauka herdoilik. Garaipen lehorteak ugertuta utzi zuen, baina olioztatu egin dute gorritxoek azken bost lehietan lortu dituzten hamar puntuek. Horietatik hiru atzo lortu zituzten, Rayoren zelaian. Partida sendoa eta eraginkorra jokatu zuten, eta guztiz merezita irabazi zioten Andoni Iraolaren taldeari. Etxetik kanpo denboraldi ikusgarria ari dira osatzen: atzokoa seigarren garaipena dute Iruñetik urrun. Dagoeneko 32 puntu dituzte zakuan; beraz, salbazioa berriz ere aurrerapenez lortzeko moduan daude.

Jagoba Arrasatek ehungarren aldiz zuzendu zuen Osasuna Espainiako Lehen Mailan. Hamaikakoan ezusteko aldaketak egin zalea zen lehen, baina azkenaldian jokalari sorta finkoa ari da zelairatzen. Atzo, esate baterako, Nacho Vidal eta Darko Brasanac izan ziren berritasun bakarrak; biak ere, zigorra bete ostean itzuli ziren taldera. Bestela, Sevillaren aurka titular gisa aritu ziren jokalari berberek hasi zuten norgehiagoka.

Beti antzeko hamaikakoa erabiltzeak lanak erraz diezazkioke aurkariari. Aldiz, jokatzen dutenek buruz dakite teknikariak zer nahi duen eta taldekideak nondik nora dabiltzan. Atzo, erabateko elkar ulertzea izan zen jokalari gorritxoen artean. Rayon, ordea, txandakatzeak egin zituen Iraolak, Kopako lehia jokatu ondoren, eta txinparta galdu zuen taldeak. Hori, neurri handi batean, nafarren meritua izan zen, Rayori ez ziotelako arnasa hartzen utzi. Hertsiki estutu zuten haren zelaian, ondo antolatutako presioaren bidez. Eta erasoan, zuzen eta zorrotz jardun zuten, itzulingururik gabe.

Bizitasun handiz ekin zioten partidari; hainbeste, ezen 10. minutua betetzerako jada aurretik baitziren markagailuan. Moncayolak etekina atera zion Budimirren borrokarekin hasi eta Avilaren fedeari esker arriskutsu bihurtu zen jokaldiari. Argentinarra ahalegindu zen Ruben Garciaren erdiraketa luzea zelaitik atera ez zedin, eta Moncayolak area txikiaren ertzetik sareratu zuen baloia, aurrelaria balitz bezala. Maiz agertu zen arean; erdilariei asko igotzeko eskatu zien Arrasatek, mehatxua handitzeko.

Osasuna ez zen gol bakarrarekin konformatu, eta nagusi izaten jarraitu zuen, jokoaren zentzu guztietan. Bigarren baloi gehienak Nafarroako taldearentzat izan ziren, eta hori izan zen lehen zatiko gakoetako bat. Beste giltza Rayoren atean egon zen: zalantzati aritu zen Dmitrievski atezaina. Lehenik, irteera ustela egin zuen, eta buruz errematea egiteko aukera eman zion Budimirri. Gero, komeriak izan zituen Ruben Garciaren falta bihurri bat gelditzeko. Eta 39. minutuan, ez zen gauza izan erdilari gorritxoaren ezkerkada gelditzeko. Jaurtiketa itzela izan zen, baina atezainari eskuak tolestu zitzaizkion.

Hala, neurketa ia erabakita utzi zuen Nafarroako taldeak. Errentari eustea besterik ez zeukan etxetik kanpo bigarren garaipena kateatzeko. Ez zirudien erronka zailegia, lehen zatian Rayok ia kilimarik ere ez baitzion egin. Alabaina, etxekoek estutu egin zuten bigarren zatian. Lehen aukera garbia Osasunak izan zuen, Moncayolaren bidez, baina erdilariak gora jaurti zuen penalti puntutik. Hortik aurrera, Rayoren aukeren segida iritsi zen. Garbienak Ntekak eta Falcaok izan zituzten, baina Herrerarekin egin zuten topo. Atezain gorritxoa erabakigarria izan zen berriro, iragan partidan Sevillari penaltia gelditu ostean.

Falcaok gola sartu zuen geroago, baina eskuarekin, argi eta garbi. Balekoa izan zen, ordea, Kike Garciak luzapenean sartu zuena. Ordezkoen arteko jokaldia izan zen. Osasunaren makineria ondo olioztatuta dagoen beste erakusgarri bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.