Osasuna 2 - 0 Cadiz

Bigarrena ere etxean gelditu da

Irabazi egin du Osasunak Sadarren, Cadizen aurka. Neurketako bi golak penaltiz iritsi dira. 1981az geroztik, lehenengoz lortu dute gorritxoek ligako aurreneko bi partidak irabaztea

Osasunako jokalariak Chimy Avila taldekidea zoriontzen, neurketako lehenengo gola sartu eta gero. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Chimy Avilak, penaltiz (37. min). 2-0: Kike Garciak, penaltiz (79. min). Epailea. Mateu Lahoz. Txartel horiak: Osasunako Lucas Torrori eta Chimy Avilari; eta Cadizeko Ivan Alejori, Chusti eta Choco Lozanori. Txartel gorria:Cadizeko Tomas Alarconi, bi txartel hori ikusita (76. min). Bestelakoak. 18.587 ikusle Sadarren.

Estatistikak apurtzeko daudela diote askok, eta hori egin zuen, atzo, Osasunak. 1981. urtetik zeraman Nafarroako taldeak lehenengo bi jardunaldietan garaipena lortu gabe, eta lortu egin zuen atzo. 2-0 nagusitu ziren gorritxoak Sadarren, Cadizen aurka.Chimy Avilak eta Kike Garciak sartu zituzten golak, penaltiz. Jagoba Arrasatek ere lehenengoz lortu zuen garaipena Sergio Gonzalezen talde baten aurka.

Ante Budimir izan zen aldaketabakarra Arrasateren hamaikakoan. Sevillaren aurkako neurketan egin bezala, ederki hasi zuen neurketa Osasunak. Oso goian hasi zuten presioa Arrasateren jokalariek, eta baloia luze jotzera behartu zuten Cadiz. Ledesmaren atera gerturatu ziren arren, gorritxoek ez zuten aukera garbirik sortu, eta lehenengo aukera Cadizek izan zuen 15. minutuan. Mamady Diarrari baloia area barruan iritsi zitzaion taldekide baten kontrol luze baten ondoren, baina Maliko hegalekoak gora bota zuen errematea.

Aurkariaren lehenengo abisuaren ondoren, nagusi izan zen Osasuna. Oso gutxi iraun zien baloiak bisitariei, eta arrisku handia eraman zuen etxeko taldeak Ledesmaren atera. 25. minutuan izan zuten gorritxoek lehenengo aukera garbia. Budimirrek area barruan ederki borrokatu zuen baloia, eta goleko pasea eman nahi izan zion Moi Gomezi. Atzelari bat aurreratu egin zen, ordea, baina ia bere atean sartu zuen baloia. Ledesmak geldiketa bikaina egin zuen hori eragozteko. 35. minutuan iritsi zen gorritxoen lehenengo gola. Errebote baten ondoren Budimirrek jaurtiketa egitea lortu zuen, baina atezainak aurretik eraman zuen kroaziarra. Mateu Lahoz epaileak ez zuen birritan pentsatu, eta penaltia adierazi zuen. Chimy Avilak jaurti zuen, eta ez zuen hutsik egin. Atsedenaldira 1-0ekoarekin iritsi zen neurketa.

Hiru penalti, bi partidatan

Bigarren zatiak hasiera zirraragarria izan zuen. Lehenengo bost minutuetan aukera garbi bana izan zuten bi taldeek. Osasuna saiatu zen aurrena; Moi Gomezekerdiraketa bikaina egin zuen, baloi geldian daukan maisutasuna erakutsiz. Budimirrek burukada ederra eman zuen, baina ederki erantzun zion Ledesmak. Berehala izan zuen aukera Cadizek: kontraerasoa bikain bideratu zuten, eta Diarrak jaurtitzea lortu zuen. Atzelari baten gorputzean jo zuen baloiak, ordea, eta aldaratzea Lucas Perezen oinetara iritsi zen. Atepean bakarrik zegoen galiziarra, baina kanpora bidali zuen errematea. Zoria alde izan zuten gorritxoek, ordurako atezaina lurrean baitzegoen

Sergiok aldaketak egin zituen berdinketa lortu nahian. 77. minutuan, ordea, jokalari bat gutxiagorekin gelditu zen Cadiz, Tomas Alarconek bigarren txartel horia ikusi baitzuen. Are gehiago okertu zitzaion neurketa Sergioren taldeari, bi minutu geroago. Victor Chusten penaltia adierazi zuen epaileak 79. minutuan; Kike Garciari elastikotik heltzeagatik. Hamar minutu zeramatzan aurrelariak zelaian, eta hark jaurti zuen penaltia sareetara. Horrelaxe amaitu zen neurketa.

Arrasate «oso pozik» agertu zen prentsaurrekoan: «Ez da erraza bi neurketa jarraian irabaztea, eta horrek konfiantza ematen digu lanean jarraitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.