Ander Gebara. Realeko jokalaria

«Taldeak aurrerapauso bat eman du aurten»

San Mamesen Athletic mendean hartu, eta garaipenaren bidera itzuli nahi du Ander Gebarak. Gustura dago egiten ari den lanarekin: «Lesiotik osatu ondoren, taldeari laguntzea zen asmoa, eta ari naiz. Pozik nago».

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Taldearekin lan saioak egin eta Zuzenbide ikasketetan murgiltzeko baliatu ditu derbiaren aurreko egunak Ander Gebarak (Gasteiz, 1997). Atseden tarte bat aprobetxatu du Athleticen aurkako derbia aztertu eta taldearen egoera aletzeko.

Aspaldiko partez, atseden egun batzuk izan dituzue. Beharra bazenuten, ezta?

Uste dut baietz. Azken hilabete eta erdia oso bizia izan da, eta denoi ondo etorri zaizkigu atseden hartzeko egun hauek.

Deskonektatu al duzu atseden egunetan ?

Zaila izan da, baina saiatu naiz. Hiru jaiegun izan ditugu etxean egoteko, familiarekin. Nik beharrezkoak nituen, haien falta sumatzen nuen eta. Gure kirolean ez da erraza deskonektatzea.

Indarrak berritu al zaizkizue?

Bai. Egia da ez direla atseden egun asko izan, baina arnasa pixka bat hartzeko baliatu ditugu, datorrenari heltzeko.

Urteko azken partida jokatuko duzue gaur, San Mamesen, Athleticen aurka. Garaipenaren bidera itzultzeko neurketa egokia da?

Partida oso berezia da urtea amaitzeko. Garaipena lortuz gero, bultzada bat emango digu.

Nolako lehia espero duzu?

Biziak izan ohi dira derbiak. Lehia handia egoten da. Bi taldeek planteamendu ezberdina egingo dugula iruditzen zait, eta ikusiko dugu nork lortuko duen partida bere aldera eramatea.

Athletic ez dago inoizko unerikonenean, baina talde gogorra da, eta derbiak beti dira derbiak. Faborito argirik ba al duzu?

Halakoetan, ez du garrantzirik nolako unean iristen den talde bakoitza. 22 jokalariek dena ematen dute, eta, alde horretatik, partida lehiakorra espero dut. Ez dut irabazteko hautagai argirik ikusten.

Zer egin beharko du Realak hiru puntuak eskuratzeko?

Bi areetan asmatu beharko dugu. Hori, zalantzarik gabe. Gero, saiatuko gara gure jokatzeko era zelaian islatzen, eta intentsitatez eta oldarkortasunez aritzen.

Hutsik egongo da San Mames. Horrek mesede egiten al dizue?

Halako partidetan, badu esanahia etxean edo kanpoan jokatzeak, eta orain han aritzea egokituko zaigu. Igarriko da, noski, jenderik ez egotea. Alde horretatik ere partida bereziak dira derbiak; giro ederra izaten da, baina aurten, zoritxarrez, ez da halakorik izango.

Azken bederatzi partidetan ez duzue irabazi. Zerk eragin du bolada txar hori?

Jende gehienak uste du punteria falta izan dela. Nik uste dut zenbait partidatan zertxobait gehiago ere falta izan zaigula. Garaipenik ez bada lortzen, berriz aztertu behar da dena, non huts egin den jakiteko. Partida askotan, oso ondo aritu da taldea jokoari dagokionez, baina areetan trebeago izatea falta izan zaigu. Ate aurrean bai, baina azken porrotetan, agian, defentsan ere falta izan zaigu zerbait.

Egoera hori eteteko prest al zaudete?

Noski. Ez dugu zalantzarik: nahiz bolada txarragoan izan, badakigu zer den egin beharrekoa, eta gure jokoa zelaian islatuz gero garaipenetik gertu izango garela. Ez dugu beste ezertan pentsatzen.

Egutegiak arnasaldi txiki bat eman dizue. Ona da gelditzea?

Izan liteke, baina, nahiz eta azken emaitzak ez diren oso onak izan, talde guztiek behar zuten arnasa pixka bat. Hainbeste partida izanda, atseden hartzeko tarte bat mesedegarria da. Halere, taldea oso ondo ikusten dut, eta gogoz gaude bolada txarra iraultzeko.

Kontuak kontu, Reala sailkapenaren goialdean da. Ondo hasi duzue Liga.

Hala da, bai. Denboraldi hasiera ontzat eman behar da; bai [Espainiako] ligan, bai Europa ligan, taldea gauzak ondo egiten ari da, eta, alde horretatik, oinak lurrean izan behar ditugu, baina baikorrak izanda.

Urte osoari errepasoa eginda, nolako balorazioa egiten duzu?

Taldea hazi egin da, eta aurrerapausoa egin du arlo guztietan eta lehiaketa guztietan. Zaleak harro daudela uste dut.

Ligan, hamasei partidetatik hamabitan aritu zara, eta Europan, seitik hirutan. Gustura, ezta?

Balorazioa oso ona da. Aurreko denboraldi amaieran lesioa izan ondotik, sasoia berreskuratzea zen asmoa, eta taldeari laguntzeko prest egotea. Osatu ostean, ondo sartu naiz taldera. Pozik nago.

Zer eskatzen diozu 2021ari?

Zaleei pozak ematen segitzea. Kopako finala irabazi eta haiekin ospatzea. Gainontzean, ez dugu mugarik jartzen. Historia egiten segitzea eskatzen diot 2021ari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.