Sevilla 2-0 Osasuna

Ezin zuen betiko iraun

Osasunak aurrenekoz galdu du etxetik kanpo, Sevillaren kontra. Akats larriak egin ditu atzean, eta erasoan ez du gaitasunik eduki aurkaria estu hartzeko

Chimy Avila Osasunako jokalaria eta Ivan Rakitic Sevillakoa, lehian, atzo, Sanchez Pizjuanen, ligako partidan. JULIO MUÑOZ / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko urriaren 31
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Diego Carlosek (39. min.). 2-0: Ocamposek (59. min.). Epailea. Del Cerro Grande. Txartel horiak: Sevillako Jordani; eta Osasunako Aresori eta Budimirri. Bestelakoak. 20.335 ikusle Sanchez Pizjuanen.

Orbanik gabea ari zen izaten Osasunaren etxetik kanpoko jarduna. Irabazi egin zituen Sadarretik urrun jokatutako lehen lau partidak, eta asteazkenean urrezko puntua urratu zuen Santiago Bernabeun. Haatik, boladak noizbait bukatu behar zuen, eta gorritxoei atzo bukatu zitzaien pagotxa, Sevillaren zelaian. Julen Lopetegiren taldea harkaitz hutsa da Sanchez Pizjuanen, eta nafarrek ez zuten zirrikiturik topatu gotorlekuan. Kamuts aritu ziren erasoan, baina bekatu nagusia atzean egindako huts larriak izan ziren. Erakustaldi defentsiboa eginak ziren Real Madrilen aurka, baina atzo opari eman zizkioten golak aurkariari.

Jagoba Arrasatek txandakatzeak iragarri zituen neurketaren bezperan. Bada, esan eta egin: zortzi jokalari berri sartu zituen hasierako hamaikakoan. Taldea indarberritzea zen asmoa, Real Madrilen zelaian hartutako jipoiaren ostean. Gorritxoak beren estiloari leialak izaten saiatu ziren atzo, baina ez zuten izan beste egun batzuetako lehiakortasunik. Sevillak menderatu egin zituen, eta, gainera, gehiegizko erraztasunak eman zizkioten bi goletan. 60. minutura 2-0eko markagailuarekin iritsi ziren, eta hortik aurrerako ahaleginak erabat alferrekoak izan ziren. Kilimarik ere ez zieten egin Lopetegirenei.

Osasunaren historian partida gehien jokatu duten jokalarietan seigarrena bihurtu zen atzo Oier Sanjurjo, Miguel Flañoren 238 lehiako marka berdinduta. Kapitaina titular aritu zen, eta oso gertu izan zuen lehen gola norgehiagokaren hasieran. Lehen zutoinean errematatu zuen Roberto Torresek ateratako kornerra, baina burukada gehiegi gurutzatu. Osasunak aurkariaren arean sartutako baloi ugarietako bat izan zen. Jokoa ez zuen askorik ehundu; horren ordez, erdiraketaz josi zuen Sevillaren area. Erremateak, ordea, oso bakanak izan ziren, eta, Oierrenak salbu, ez zuten kolokan jarri Sevillako atzelarien nagusitasuna.

Haatik, aurkariaren erdiraketak sufrikarioa izan ziren gorritxoentzat. Sevilla zorrotza eta sakona izan zen hegaletan, eta 16. minutuan bidali zuen lehen abisua: Jordanek erdiratu, eta, buruz, kanpora jaurti zuen Mirrek. Hasieran larri izan zen Osasuna, baina luzatu egin zen gero, presio aurreratuaren bitartez. Sevillaren emaria etenda, neurria hartu zion neurketari. Alabaina, ez zion etekinik atera goraldiari, eta aurkaria oldartu egin zitzaion atsedenaren aurretik. Jordani zutoinera joan zitzaion burukada, eta, 39. minutuan, 1-0ekoa iritsi zen, Diego Carlosen sinadurapean. Sevillako defentsak bakar-bakarrik errematatu zuen Rakiticek ateratako kornerra. Ezer gutxi egin zezakeen Juan Perezek.

Kontrara, atezainaren hanka sartze baten ondorio izan zen bigarren gola. Luze jokatu zuen Bonok, Sevillako atezainak, eta Aresok abantaila garbia izan arren, atepetik ateratzea deliberatu zuen Perezek. Gorritxoek ez zuten elkar ulertu, eta diru zorroa lapurtu zien Ocamposek. Baloia sarera bultzatu, eta kito; 59. minutuan, argentinarrak bi goleko errentarekin jarri zuen Sevilla. Denboraldiko lehen gola, nola ez, Osasunari sartu zion. Bolada txarrean diren golegileak oso maiz suspertzen dira Iruñeko taldearen kontra.

Budimirren itzulera

Partidari azken ordu erdia gelditzen zitzaion oraindik, eta mirariaren bila, aldaketa hirukoitza egin zuen Arrasatek: Avila, Torres eta Iñigo Perez kendu, eta Kike Garcia, Moncayola eta Budimir zelairatu zituen. Aurrelari kroaziarra bi hilabete luzeko etenaren ostean bueltatu zen lehiara. Alabaina, ez zuen Osasunaren jokoa berpizterik izan. Gainontzeko aldaketen eragina ere oso apala izan zen. Arrasateren mutilek harresi baten kontra egin zuten talka behin eta berriz. Sevillak, aldiz, aukera onak izan zituen hirugarrena egiteko, baina Juan Perezen eskuekin eta aurpegiarekin egin zuen topo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.