Cadiz 0-2 Alaves

Altxorra itsas hondoan

Alavesek sasoiko bigarren garaipena lortu du Cadizen, Joseluren bi goli esker. Berehala jarri da aurretik, eta, latz sufritu ostean, lehia erabakita utzi du amaieran

Joselu Mato Alaveseko aurrelaria, partidako lehen gola ospatzen, atzo, Cadizen. ROMAN RIOS / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko urriaren 24a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Joseluk, penaltiz (6. min.). 0-2: Joseluk (91. min.). Epailea. Alberola Rojas. Txartel horiak: Alaveseko Miazgari eta Ximo Navarrori. Bestelakoak. 15.000 ikusle inguru Nuevo Mirandilla estadioan.

Partidak irabazteko formula aurkitu du Alavesek: gola berehala sartu, eta lorturiko aldea zain eta muin defendatzea. Hala gailendu zitzaion Atletico Madrili zazpigarren jardunaldian, eta modu berean erdietsi zuten atzo denboraldiko bigarren garaipena, Cadizen zelaian. Oso bolada makurrean zegoen Javi Callejaren taldea, eta, halakoetan, kosta ahala kosta irabazi behar da, asko sufrituta eta gutxi gozatuta bada ere. Pragmatismoa eta erresistentzia. Apaingarriak, beste baterako. Erasoan eraginkorra eta defentsan sendoa izan zen atzo Alaves, eta, bigarren zatian itolarri latza izanagatik, altxorra atera zuen itsas hondotik. Emaitzak teknikariaren esanak berretsi zituen: taldeak ez du amore eman oraindik.

Modurik onenean hasi zuen norgehiagoka, penaltiz 0-1ekoa eginda. Joseluri falta egin zioten area barruan, eta aurrelaria bera arduratu zen jaurtiketaz. Erdi-erditik sareratu zuen baloia, indarrez, arriskurik hartu gabe. Arabarrek etxetik kanpo egindako lehen gola izan zen, eta denboraldi osoko hirugarrena. Balio handikoa zen Callejaren mutilentzat, eta, horren jakitun, sariari eusteko lanera bideratu zituzten ia ahalegin guztiak. Laneko atorra soinean, pikotxa eta pala eskuan.

Hasieran, eroso eutsi zioten Cadizi. Tinko defendatu zuten Pachecoren area Cadizen erdiraketa ugariez. Gainera, baloiarekin argitasuna izan zuten zenbait minutuz. Manu Garcia, Toni Moya eta Pellistri izan ziren horren erantzuleak. Hain justu, uruguaitarra 0-2koa egiteko zorian izan zen 30. minutuan, baina erabakimena falta izan zitzaion Ledesma gainditzeko. Lokartu egin zen, eta gainera etorri zitzaion Espino. Lehenago, Duarteren erdiraketa pozoitu batek gutxirengatik ez zuen bukatu Cadizen ate barruan.

Egoera kontrolpean zuten gasteiztarrek. Azken ordu laurdenean, baina, aurrerako urratsa egin zuen Cadizek, eta atzean gotortu beste erremediorik ez zuen izan Alavesek. Dena den, apenas sortu zioten aukerarik. Sobrinoren jaurtiketa gurutzatu bat eta Alarconek buelta erdian eginiko errematea izan ziren etxekoen hurbilketarik onenak lehen zatian. Eskuin hegaletik erdiraketa batzuk egin zituzten elkarren segidan, baina ez zuten modurik topatzen Laguardiak, Miazgak, Duartek eta Loumek altxaturiko harresia gainditzeko. Nabarmentzekoa izan zen erdilari senegaldarraren jarduna, gotik garaiezina izan baitzen. Hori bai, arazo gehiago izan zuen baloiarekin.

Etxekoek azeleragailua sakatu zuten aldageletatik bueltan. Indarberrituta zelairatu ziren, berdinketaren gola ahalik eta azkarren lortzeko intentzioz. Setiatu egin zuten Alaves; orduan bai, gogotik sufritu beharrean izan zen Arabako taldea. Pereak erotu egin zuen eskuin hegalean, goi-mailako bakarkako jokaldiekin. Bestalde, Pacheco bere onena ematera behartu zuten Negredoren erremate akrobatikoek. Beste jokaldi batean, etxekalte aritu zen Ximo Navarro, atezainari pase txarra emanda, eta Laguardiak atepetik atera behar izan zuen baloia. Erauntsiari ozta-ozta ari zitzaizkion eusten arabarrak.

Joselu, barkatu eta asmatu

Haatik, Cadizen grina apalduz joan zen pixkanaka. Ez zuen olatua baliatu, eta, etxekoen aparraldia igarota, Alavesi aukerak zabaldu zitzaizkion partida erabakita uzteko. Lehenik, Edgarri gol bat baliogabetu zioten, jokoz kanpo zegoelako; geroago, Riojak ez zuen asmatu kontraeraso azkar bat behar bezala bukatzen; eta hurrena, Joseluk erdi-erdira errematatu zuen korner bat, dena alde zuela. Ordea, ez zuen kale egin 91. minutuan, Haroyanek eta Ledesmak atzean egindako oparia baliatuta. Miguel de la Fuentek hondoko marratik pasatu zion baloia, eta aurrelariak arazorik gabe sareratu zuen.

Hortaz, kolpea eman zuen mahai gainean, bi gol sartuta, eta arnasa hartzeko aukera eman zion taldeari. Garaipenak ez dio balio jaitsieratik irteteko, baina, behintzat, argia dakusa tunelaren bukaeran. Datorren asteartean beste pauso handi bat emateko aukera izango du, Elxen aurka, Mendizorrotzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.