Alaves 1-2 Celta

Elurretan katigatuta

Alavesek ezin izan dio eutsi goraldiari, eta galdu egin du Celtaren aurka. Elurra mara-mara ari zuela erabaki da partida, bigarren zatian, Martinen penalti batekin

Iago Aspas, Celtaren bigarren gola sartzear. Fernando Pachecok penaltia gelditu zion, baina aurrelariak gola sartu zuen aldaratzea baliatuta. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
enaut agirrebengoa
2021eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Santi Minak (11. min.). 1-1: Joseluk (21. min.). 1-2: Aspasek, penaltiz (70. min.).Epailea. Gonzalez Fuertes. Txartel horiak: Alaveseko Duarte, Lejeune eta Martini; eta Celtako Brais eta Tapiari. Bestelakoak. 10.093 ikusle Mendizorrotzan.

Bost neurketa zeramatzan Alavesek galdu gabe, baina esku hutsik gelditu zen atzo, Celtaren kontra. Elurpean desagertu zen arabarren bolada ona; maluta sarriek zuritu egin zuten Mendizorrotzako zelaia bigarren zatian, eta partidak orduan egin zien ihes Javi Callejaren mutilei. Eguraldia, printzipioz, mesedegarria zen haientzat, baina Celta aritu zen elurretan jolasean: Martinek eginiko penaltia baliatu, eta hiru punturekin irten zen Gasteiztik. Norgehiagoka orekatu eta bizia izan zen, eta Alavesek azkar batean erantzun zion galiziarrek emandako lehen kolpeari, lehen zatian. Alabaina, izoztuta utzi zuen kanpokoen bigarren golak, eta errealitatera itzularazi, azken asteetan izandako aparraldiaren ondoren.

Callejarenek goiari eusteko itxaropena zuten, eta indarrez ekin zioten norgehiagokari. Bere egin zuten ekimena, eta jokoa lantzeko borondatea erakutsi. Haiena izan zen lehen gerturatze aipagarria, eskuin hegaletik triangulazio fina eginda. Ginga jartzea besterik ez zitzaien falta izan; Diturok gelditu egin zuen Ponsen errematea. Alavesen hasiera ona ezerezean gelditu zen 11. minutuan, Santi Minak 0-1ekoa egin eta gero, zoria lagun. Celtako aurrelariaren jaurtiketak Lejeuneren hankan jo zuen, eta, hala, Pacheco ezustean harrapatu. Laguardia gola eragozten saiatu zen, baina baloia marra igaroa zen atzelariak urrundu zuenerako.

Golak ez zion onik egin Alavesi, baina ez zuen erreakzio handi baten beharrik izan berdinketa berrezartzeko. 21. minutuan orekatu zuen partida, Joseluren bidez: ia eskuetatik kendu zion baloia Diturori, hura lasaiegi ibili baitzen. Falta eske hasi zen atezaina, baina ez zuten halakorik ikusi ez epaileak, ezta bide epaile laguntzaileak ere. Neurketa ez ezik, Javi Morenoren marka historikoa ere berdindu zuen Joseluk, Alavesekin Lehen Mailan 29. gola eginda.

Baloiaren jabetza, oro har, Celtarena izan zen. Galiziarrak Alavesen zelaian paratu ziren, zirrikituak noiz aurkituko zain. Aspasek deabrukeriak egin zituen areatik urrun, batean eta bestean agertuz, eta atsedenaren atarian erdiraketa bikaina bidali zion Minari; aldiz, errematea ez zen horren zehatza izan. Pacheco eta Laguardiaren arteko nahasmena izan zen beste une kritikoa Alavesentzat, atzelariak atezainari pase okerra eman zionean. Bestelakoan, arabarrek ondo eutsi zioten ordena defentsiboari, eta kontraerasora bizi ateratzen saiatu ziren. Oso irekita zegoen partida.

Aldaketak, beranduegi

Atsedenaren ondoren iritsi ziren Alavesen minuturik onenak. Piztu egin zuen hegaleko jokoa, eta erdiraketa ugari bidali Celtaren areara. Horietako bat bere atean sartzear izan zen Araujo, eta, segidan, Lejeuneren burukada oso gutxigatik joan zen kanpora. Beste korner batean, Loumi zutoinera joan zitzaion baloia. Elurra mara-mara, eta aukerak barra-barra. Erauntsi hartan, aldaketak egiten hasi zen Eduardo Coudet, Celtako entrenatzailea. Kateak jarri zituen gurpiletan, eta, hortik aurrera, galiziarrak nagusitzen hasi ziren. 70. minutuan lortu zuten saria, Martinek erdiraketa bat eskuarekin eten eta Aspasek penaltia baliatu eta gero; ez lehendabizikoan, baina bai aldaratzean.

Golaren ostean egin zuen lehen aldaketa Callejak; ordurako, lau zituen eginak Coudetek. Berandu egin zitzaion Alaveseko entrenatzaileari, eta korrika eta presaka aritu zen azken minutuetan. Zelai erdia moldatu, eta aurrelari guztiak zelaian ipini zituen azkenerako, baina gasteiztarrek ez zuten aurkitu golerako bidea. Gogotik saiatu ziren azken txanpan, eta bi aukera on izan zituzten. Bata, Guidettiren oinetan: suediarrak izkin egin zion Tapiari area txikiaren ertzean, baina geldoegi ibili zen errematean. Joselu trebeagoa izan zen areaz kanpotik, baina Diturok zapuztu egin zuen Alavesen azken ahalegina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.