Osasuna 0-3 Atletico Madril

Eraginkortasun kontua izan da

Osasunak gehiegizko zigorra jaso du etxean, Atletico Madrilen aurka. Garesti ordaindu ditu atzean egindako hutsak, eta aurrean kamuts ibili da. Atletico, ordea, zorrotza izan da

JAGOBA MANTEROLA / @FOKU.
enaut agirrebengoa
2022ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Joa Felixek (3. min.). 0-2: Luis Suarezek (0-2, 59 min.). 0-3: Correa (89 min.). Epailea. Melero Lopez. Txartel horiak Osasunako Chimy Avilari eta Atletico Madrileko Vrsaljko eta Serranori. Bestelakoak. 20.040 zale Sadarren.

Batzuetan, alferrik da jokoaren ekimena edukitzea eta aurkariak baino gol aukera gehiago sortzea. Hori da norgehiagokak irabazteko biderik zuzenena, baina ez du beti garaipena ziurtatzen. Are gehiago, posible da merituek puntu bakarra biltzeko ere balio ez izatea. Hala gertatu zitzaion atzo Osasunari, Atletico Madrilen aurka. Gorritxoen eginahalek ez zuten saririk izan askoz ere eraginkorragoa izan zen aurkari baten kontra. Atera lau bider jaurti zuen Diego Simeoneren taldeak, eta horietatik hirutan baloia ate barrutik atera behar izan zuen Herrerak. Atezaina erakustaldiak egiten ari zen, baina atzo oker nabarmenak egin zituen Atletico Madrilen lehen bi goletan. Nafarrek ez zuten ihardesteko gaitasunik izan, ate aurrean ez baitzuten asmatu.

Mindutako piztia zen Atletico Madril. Etxean sailkapeneko azkenaren kontra galduta eta Txapeldunen Ligako postuetatik kanpo iritsi zen atzo Sadarrera. Osasunak, berriz, hiru partida zeramatzan galdu gabe eta ateari giltzarrapoa jarrita. Bada, atzo Simeoneren taldeak zigilatu zuen bere atea, aspaldiko partez. Eta, era berean, letagin zorrotzak erakutsi zituen erasoan. Nor den oroitu zuen. Osasuna ezustean harrapatu zuen aurkariaren susperraldiak, eta markagailuan atzetik zen bosgarren minuturako. Herrera ez zen sendo aritu korner bat urruntzerakoan —Suarezen falta eskatu zuen atezainak, baita, gerora, Jagoba Arrasate entrenatzaileak ere—, eta atea hutsik zela baliatuz, aldaratzea sarera bidali zuen Joao Felixek.

Gorritxoei kosta egin zitzaien norgehiagokari neurria hartzea, baina piztuz joan ziren pixkanaka. Lehen aukera ona 16. minutuan izan zuten, David Garciaren burukada batean; haatik, ezin izan zuen errematea aterantz bideratu. Aginte makila hartu zuen Jagoba Arrasateren taldeak, aurkaria atzean sartu zelako, arriskuak hartzeari uko eginda. Nafarrek aparteko arazorik gabe gainditzen zuten zelai erdiko marra, baina, gero, komeriak zituzten zelaiaren azken laurdenean sakonak izateko. Pase erraz dezente galdu zituzten, eta, zehaztasunik gabe, oso zaila zen zuri-gorriak estu hartzea.

Irtenbidea korner batean topatzear izan ziren, 38. minutuan: Budimirrek zutoinera jaurti zuen, haren burukada Moncayolak desbideratu ondoren. Segidan, boleaz indartsu jaurti zuen Nacho Vidalek, eta luzatua egitera behartu Oblak. Aukerei ez zien probetxurik atera Osasunak, eta, horrenbestez, markagailuan atzetik iritsi zen atsedenera. Marka zen, Atleticok jaurtiketa bakarra egin baitzion lehen zati osoan.

Gutxirekin asko ari ziren lortzen kanpokoak, eta beste horrenbeste gertatu zen bigarren zatian. Osasunaren aldeko korner baten ostean iritsi zen 0-2koa, 59. minutuan. Felixek luze jokatu zuen Suarezekin, eta uruguaitarrak atetik 40 metrora egindako jaurtiketa batekin sartu zuen gola. Herrera tokiz kanpo aurkitu zuen, erabat. Atezainak ez zuen egunik samurrena izan. Hori bai, edozeinek ez zuen asmatuko baloi hori ate barrura bidaltzen, atepean inor egon ez arren. Suarezek zerbait badu, ordea, eraginkortasuna du. Jokoan ez zuen ia eraginik izan, baina markagailuan erabakigarria izan zen guztiz.

Latz saiatu, ezin asmatu

Bigarren golak apaldu egin zuen Osasunaren kemena. Eta garra guztiz itzal ez zedin, Torres, Barja eta Kike Garcia aldi berean zelairatu zituen Arrasatek. Arrekoak ez zuen aparteko ezer egin; beste biek, ordea, gora egiten lagundu zioten taldeari. Barjak piztu egin zuen ezker hegala, eta Kike Garcia mehatxua izan zen area barruan. Budimirrek ere dardarka jarri zuen Atleticoren atzealdea, baina kroaziarraren burukadek ez zuten sarerako bidea hartu. Lehen errematea oso gutxirengatik joan zitzaion kanpora, eta bigarrena Oblakek gelditu zion.

Erdiraketak behin eta berriz egin zituen Osasunak, are gehiago Cote zelairatu eta gero. Gogor saiatu ziren etxekoak, baina nahiari ezinak hartu zion gaina. Azkenerako, astindua hartu zuten, Correak 0-3koa egin baitzuen kontraeraso batean. Artean hamar minutu falta ziren, eta epaileak sei minutu luzatu zuen partida. Bukaera tramite mingarria baino ez zen izan gorritxoentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.