Euskal Herriko Itzulia. Demi Vollering. SD Worx-eko ziklista

«Espero dut indartsuena ni izatea»

AITOR MANTEROLA GARATE.
Aitor Manterola Garate.
Bastida
2022ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Euskal Herriko Itzuliko historiako lehen etaparen garailea arrabolan ari da hankak soltatzen.Demi Volleringek (Pijnacker, Herbehereak, 1996) helmuga zeharkatu duela ez da denbora asko pasatu. Nekatuta dago UCIko sailkapenean bigarren doan txirrindularia, baina garaipenak ematen duen gozotasunak arinduta ari da.

Etapa irabazi eta gero pozik egongo zarela ez da dudarik, eta, bestelakoan, nolakoa izan da etapa?

Hasiera lasai samarra izan da, baina bukaerako partea, astunagoa. Herrerako gainak zati batzuk gogorrak zeuzkan, eta, gainera, erritmoa bizitu dugu taldekoek, zerbait lortu nahian, baina alferrik. Gero, Elise Chabbeyk ospa egin du, eta Lucinda (Brand) eta biok atera gara atzetik. Azkenean, harrapatu egin gaituzte, baina geroko saialdia ondo atera da. Ederra izan da.

Irabazleak beti izaten du indartsuenaren izana ondoan, eta, zure kasuan, ez da hori bakarrik izan: etapa guztian erakutsi zenuen besteak baino koska bat gorago zaudela. Horrela al da?

Ondo sentitu naiz, bai [barrezka]. Ez dizut ukatuko indartsu ez nagoela, eta espero dut indartsuena ni izatea. Baina ezin dut ezkutatu ondorengo bi etapak [gaurkoa eta biharkoa] oso gogorrak direla; oso mendate gogorrak dauzkagu bi etapa horietan. Oraindik ez dago ezer erabakita hemen.

Zein da gogorragoa, gaurkoa ala biharkoa?

Biak dira gogorrak. Ez ditut ondo ezagutzen, dakidan arren zailtasun handiko ibilbidea izango dela bietan. Taldean ez gara asko,baina guretzat oso igoera onak dira.

Atzoko etapak hainbat gauza erakutsi zituen zu indartsu zaudelaz aparte. Badirela beste txirrindulari batzuk ere sasoi puntu onean. Zein izango dela uste duzu aurkari gogorrena?

Amanda [Spratt] eta Pauline [Rooijakkers] oso indartsu ikusi ditut, baita Elisa Chabbey eta Lucinda Brand ere. DSM taldeko Liane Lippert ere bizi ikusi dut. Azkenean, maila handiko lasterketa da Itzulia, eta oso txirrindulari onak daude. Horrek esan nahi du hautagai asko daudela lasterketa irabazteko.

Denboraldi zoragarria ari zara osatzen: atzokoa 11. lasterketa zenuen, eta bi irabazteaz gain, beste sei aldiz podiumean izan zara.

Oso ondo ari naiz. Pozik nago. Zirraragarria egiten ari zait denboraldi zati hau.

Zer iritzi duzu Itzuliaz?

Lasterketa ederra da, gogorra,eta gustatzen zait. Aldapa asko daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.