Botikak inprimatzen

EHUren Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako ikerketa talde batek artoaren eta patataren almidoiarekin hidrogelak sortu ditu. Haietan botika bat txertatu du, eta 3D inprimagailuekin pilulak egin ditu. Botika pertsonalizatuak sortzeko aukera eskaintzen du.

Almidoi eta botika nahasketa xiringan sartzen dute, eta xiringatik inprimatzen dute. EHU.
jakes goikoetxea
Donostia
2022ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Botikak inprimatzea. Norberaren beharrei egokitutako botikak inprimatzea. Egokituak, pertsonak behar dituen botikaren edo botiken dosiak pilula bakarrean biltzeko aukera ematen duelako. Guztia artoaren eta patataren almidoiari esker, 3D inprimagailuak baliatuz.

Botikek, printzipio aktiboek, bitartekari bat, garraiobide bat behar izaten dute giza gorputzean sartzeko eta bertan askatu ahal izateko. Horixe egiten dute pilulek. Trinkoak izaten dira batzuk; kapsula formakoak besteak. Dosiak estandarrak izan ohi dira, eta horrek zailtasunak eragiten ditu dosi pertsonalizatuak eskaintzeko: adinari, sexuari, pisuari, gaixotasunaren larritasunari... egokitutako dosiak. Horrez gain, zenbait botikaren kasuan, garrantzitsua izaten da, pilula hartutakoan botika modu kontrolatuan askatzea.

Hori guztia egiteko modua ikertu dute EHUren Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Materialak + Teknologiak taldeko ikertzaile batzuek. Bi arto motaren eta patataren almidoia erabili dituzte. Haien almidoia gel bihurtu dute, gel horretan txertatu dute botika —ibuprofenoa—, eta almidoizko pilulak inprimatu dituzte. Botikaren dosiak egokitu ahal izan dituzte, eta ikusi dute botikaren askatze prozesua azkarragoa edo motelagoa dela erabilitako almidoiaren arabera. International Journal of Pharmaceutics aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

«Helburua izan da teknologia erabiltzea farmakologia pertsonalizatua egiteko», laburbildu du ikerketa Arantxa Ezeizak. EHUren Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako katedraduna da, Materialak + Teknologiak taldeko zuzendaria.

Almidoia ezaguna da farmazia industrian. Asko erabiltzen da, normalean hauts bihurtuta. Almidoia ezaguna da Materialak + Teknologiak ikerketa taldearentzat ere. Kizkitza Gonzalezek hamarkada bat darama almidoiarekin ikerketak egiten. Almidoiarekin bioplastikoak sortu zituen bere doktore tesian. Doktoretza osteko ikertzailea da gaur egun, eta hura arduratu da ikerketako lan esperimental gehienak egiteaz.

Almidoiaren ezaugarriak zerrendatu dituzte Nagore Gabilondo Ingeniaritza Eskolako irakasle eta ikertzaileak eta Gonzalezek berak: «Propietate egokiak dauzka hidrogelak sortzeko; iturri ezberdinetatik lortutako almidoiak portaera ezberdinak izan ditzake; merkea da; xurgatzeko erraza da, metabolizatzen dugu, eta ez du arazo toxikologikorik sortzen; gure elikaduraren oinarria da».

Botika eraman behar duen materialak, substantziak, ezaugarri batzuk bete behar ditu. «Baldintza erreologikoak», zehaztu du Ezeizak. Materiaren deformazioa eta jarioa aztertzen du erreologiak. «Gai izan behar du xiringatik ateratzeko eta pieza egindakoan formari eusteko». Hasteko, sortutako nahasketa inprimagarria zela frogatu behar izan zuten.

EHUko ikerketa taldeak almidoia gel bihurtu du, hidrogel. Almidoi hidrogel horretan txertatu dute botika, ibuprofenoa, hanturaren kontrako botika ezaguna. «Asko erabiltzen den produktu batekin saiatu nahi genuen», Gonzalezen arabera. Ibuprofenoa erabili dute, hidrofobikoa ere badelako, ez delako uretan disolbatzen: «Ikusteko almidoia botika hidrofobikoekin nola moldatzen den, hidrofiloekin errazagoa baita». Gabilondorena da azalpena. Beste botika batzuekin ere probatu dute.

Artoa eta patata

Nahasketa xiringa batean sartu dute; 3D inprimagailuan jarri, eta inprimagailuarekin eman diote forma. Gero izoztu eta liofilizatu egin dute, urgabetu. Pilula gogortu egiten da, ez du gel izaera.

Hiru almidoi mota ezberdin erabili dituzte: arto arruntarena, waxy artoarena eta patatarena. Portaerak ere ezberdinak izan dira: «Arto arruntaren almidoiaren kasuan, botika berehala eta guztiz askatzen da, hamar minutuan; waxy artoaren eta patataren almidoien kasuan, berriz, botika modu jarraian askatzen da, eta sei ordu inguru behar ditu guztiz askatzeko». Kizkitza Gonzalezek eman ditu zehaztasunak.

Horrek aukera eskainiko luke pilula bakar batean, almidoi mota ezberdinak konbinatuz botikaren askatze denborak ere konbinatzeko, tratamenduaren premien arabera. «Desegiteko denbora kontrolatzeko aukera ematen du almidoiak», nabarmendu du Gonzalezek.

«Almidoia kate polimeriko luzeez osatuta dago», Gabilondok azaldu duenez. Hiru almidoi motetan antzekoak dira. Baina haien barruko egitura eta sendotasuna ezberdina da. «Uretan jarriz gero, urak kate polimeriko horiek banatu egiten ditu, almidoi batean errazago eta azkarrago, bestean ez hainbeste». Horrek azaltzen du botikak askatzeko abiadura ezberdinak izatea.

Guztia da almidoia. Almidoia hidrogel bihurtzeko prozesua sinplea da. «Baina almidoiaren propietateak aldatu egiten dira, eta, ezberdintasun horretan oinarrituta, teknologiak aukera eskaintzen dizu pilula pertsonalizatuak egiteko». Horixe da, Gabilondoren ustez, ikerketaren ekarpen nagusia.

Botika bat baino gehiago hartu behar dituzten pertsonen kasuan, «posible da, nahi baldin bada, botika bat baino gehiago batera jartzea», Gabilondoren arabera. «Nahi bada, botika bat jar daiteke almidoi batean, beste bat beste almidoi batean, eta guztiak pieza berean inprimatu. Hanturaren kontrako botika bat eta tentsioa kontrolatzeko beste bat, esaterako». Polipilula bat sortzeko aukera eskainiko luke. Hori bai, halako pilula bat sortu aurretik botiken arteko elkarrekintzak aztertu beharko lirateke, ea botika bat bestearekin nahasteak zer eragin duen haien eraginkortasunean.

Zilindroak eta piramideak

3D inprimagailuak forma ezberdinetako hidrogelak sortzeko aukera eskaini die, eta forma ezberdinak aztertu dituzte, formak botikaren askatze prozesuan duen eragina ikusteko. Zilindro eta piramide formako hidrogelak sortu dituzte. Ondorioztatu dutenez, hidrogelaren formak zenbat eta azalera handiagoa, orduan eta azkarrago askatzen du botika. Zilindro formakoek piramide formakoek baino azkarrago askatu dute botika.

Botikaren askatze prozesua neurtzeko disoluzio bat erabili dute, 7,4ko pH-arekin eta 37 graduko tenperaturan. Giza gorputzeko baldintzak simulatzeko erabili ohi da.

Pertsona batzuek, edadetuek batez ere, zailtasunak dituzte pilulak irensteko, pilulen neurriagatik edo formagatik. Ikerketan ikusi dute almidoiarekin pertsona horientzako pilula egokiak sor daitezkeela, ez irensteko, baizik eta mingainaren azpian jartzeko eta listuarekin pilula disolbatzeko eta botika hartzeko.

Hurrengo urratsa esperimentuak animalietan in vivo egitea litzateke, saguetan-edo. EHUko Medikuntza fakultatearekin harremanetan jarri dira, zerbait egin ahal izateko.

Materialak + Teknologiak taldearen esperimentuak haien laborategietako ekipamenduaren mugetaraino iristen baitira. Hortik aurrera, bestelako akordioak eta elkarlanak behar dituzte. Ez da erraza. Urrats asko egin behar dira, dirua lortu, burokrazia amaigabea... Ikerketatik kanpoko lan arrotza eta astuna da ikertzaileentzat. Gabilondok badu kexu doinuko eskaera bat: «Ikerketa talde edo ildo ezberdinak modu benetan eraginkorrean lotuko edo harremanetan jarriko dituen zerbaiten falta sumatzen dut. Burokrazia guztia egingo lukeen agentzia bat. Bestela, zuk bilatu behar duzu dena, eta ez da hain erraza».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.