REALA 2 - 2 GIRONA

Bolbora bustita ere, Europara

Txuri-urdinek bina berdindu dute Gironaren aurka, bi golen aldea lortu eta gero. Lehen ordu erdian dotore, baina atsedenaldira artekoak zigortu du. Bisitariek hamarrekin amaitu dute

Mikel Oiartzabal atzo, Anoetan, Gironako atzelarien artean erdiraketa bat egiten duen bitartean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
Donostia
2023ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Golak. 1-0. Oiartzabalek, penaltiz(5. min).2-0. Silvak (24. min). 1-1. Coutok (37. min).2-2. Stuanik (48. min).

Ur hotza burutik behera botatakoan bezalaxe. Hala amaitu zuten atzo Realeko jokalariek eta Anoetara bildutako zaleek, eta ez euri jasarengatik. Txuri-urdinek puntu bat zakuratu zuten Gironaren aurka, eta Europarako sailkatu ziren matematikoki.

Dena den, partidaren joanak izoztu zituen estadiora joandakoak. Realak laugarrenez jarraian lortu du kontinentean barrena ibiltzeko baimena, eta, hala, inoizko markarik onena berdindu du. Ordea, taldearen jiran disimulurik gabe aitortzen da: ez Konferentzia liga, ez Europa liga; Txapeldunen Liga da helburua.

Realak garaipena nahi zuen bide hori sendotzeko, eta ondo aritu zen jokoan. Are, erakustaldia eman zuen lehen ordu erdian. Estreinako minutuetan, batez ere. Imanol Alguacilek bezperan ohartarazi zuen moduan, donostiarrak irabazteko zelairatu ziren, eta agerian geratu zen hasi orduko.

Enbata baten gisa hasi zen Reala, aurrean zuen guztia paretik kentzen, eta Aihen Muñozek izan zuen lehen aukera argia, bigarren minutuan. Etxaurikoak zutoinera bota zuen baloia. Take Kubo bizi aritu zen partida osoan zehar, taldearen iparrorratz, eta haren saialdi batek bideratu zuen norgehiagoka. Eskuin hegaletik area barruraino sartu zen, eta Riquelmek zangotrabatu egin zuen. Penaltia. Mikel Oiartzabalek jaurti, eta asmatu. Realak abantaila lortu zuen bosgarren minuturako.

Sormen uholde batek hartu zuen Anoetako soropila. Zelai erdiko jokalariek distira berezia egin zuten. Batetik, eremu osoan gailendu ziren, Gironakoak atzeko zuloan sartuz. Bestetik, zirrikitu guztiak baliatu zituen aurkariaren areara egiteko, eta etenik gabe sortu zuen arriskua.

Etxekoek hala lortu zuten bigarren gola. Kubo nekaezinak erdiraketa neurtua egin zuen eskuin hegaletik, eta kataluniarren ahoko zuloan kokatu zuen baloia, David Silva ikusi eta gero. Kanariarrak aise sartu zuen gola, ukitu batekin. 24. minutua zen.

Realari itxura ezin hobeko bilakatu zitzaion norgehiagoka, baina gutxi iraun zion. Lehen zatiko azken ordu laurdenean zerua nola ilundu zitzaion partida, ezerezean geratu baitzen aldea.

Deus galtzekorik gabe, Gironak aurrerako urratsa egin zuen hurrengo minutuetan, eta solteago jokatzen hasi zen. Jarrera horrek ordaina izan zuen 37. minutuan, Yan Coutok markagailuko aldea murriztu zuenean. Brasildarraren zartako indartsua jo, eta sarean sartu zuen baloia, Alex Remirok deus egiterik ez zuela.

Bisitariak hazi egin ziren, ondorioz, eta gero eta gehiago gerturatu ziren Realaren atera. Atsedenaldiaren aurreko azken jokaldian orekatu zen partida, Cristian Stuaniren bitartez. Aurrelariak azti errematatu zuen falta jaurtiketa bat, binakoa ezartzeko.

Jirabiraka, baina golik ez

Realak hasierako gidoia baliatu nahi izan zuen atsedenalditik bueltan, eta lortu zuen hein batean. Aukera sorta handia izan zuen, Kuboren, Silvaren eta Carlos Fernandezen erremateen bitartez. Penaltia ere eskatu zuten behin baino gehiagotan, baina epaileak ez zuen ezer adierazi. Oriol Romeu bai, hura kaleratu zuen. Txuri-urdinak saiatu ziren azkenera arte, eta Carlos Fernandezek langara bota zuen baloia. Bolbora bustia zegoen, baina, eta zapore gaziko berdinketa Anoetan, neurketaren hasieran zera entzun zen tokian: «Berriz ere Europan ikusiko dute Reala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.