Alaves 2-1 Levante

Piztiak piztu du argia

Alavesek luzapenean irabazi dio Levanteri, galtzen hasi eta gero. Joseluk sartu ditu arabarren bi golak. Callejaren taldea guztiz suspertuta iritsiko da etenaldira

Joselu Alaveseko aurrelaria gola ospatzen, atzo. DAVID AGUILAR / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: De Frutosek (13. min). 1-1: Joseluk, penaltiz (77. min). 2-1: Joseluk (91. min)Epailea. Cordero Vega. Txartel horiak: Alaveseko Toni Moyari, Guidettiri eta Laguardiari; eta Levanteko Franquesari, Cardenasi eta Pepeluri. Bestelakoak. 12.176 ikusle Mendizorrotzan.

Piztu da piztia. Areako harrapakaria da Joselu, eta sasoi hasieran lozorroan egon ondoren, golak ehizatzeari ekin dio, asegaitz. Atzo, hark atera zuen ilunpetik Alaves, azken ordu laurdenean bi gol sartuta. Levantek aurrea hartu zuen lehen zatian, eta aldeari erosotasunez eutsi zion, harik eta Joseluk hortzak erakutsi zituen arte. Aurrelariaren golek neurketa irauli eta urrezko hiru puntu balio izan zioten Javi Callejaren taldeari. Aparraldi betean da, jokoan izandako azken 12 puntuetatik 10 zakuratu baititu. Azken-aurren iritsi zen aurreko geldialdira; oraingo etenak, ordea, jaitsieratik kanpo eta goranzko joera garbian harrapatuko du.

Ximo Navarro gabe, baina Pachecorekin atera zen zelaira Alaves. Atezainak min hartu zuen Elxen kontra, eta garaiz iritsi zen atzoko partidara. Hala, aulkian gelditu behar izan zuen Siverak, Camp Noun nabarmen aritu arren. Ximok, berriz, lesio larria izan zuen Bartzelonaren zelaian, eta atzo Martin jardun zen atzeko eskuin hegalean. Pellistri izan zen Callejaren hamaikako beste berritasuna; Edgarri kendu zion titular postua.

Okerreko hankarekin itzuli zen Pacheco, kale egin baitzuen Levanteren lehen golean. 13. minutua zen, eta Malsak pase zorrotza bidali zuen atzelarien bizkarrera, De Frutosen bila. Pacheco itsu-itsuan irten zen atetik, eta baloia haren gainetik loratu zuen Levanteko jokalariak, buruz. Atezainaren hutsaz harago, errematea kalitate handikoa izan zen.

Ia ezerezetik iritsi zen kanpokoen gola, lehen minutuak elkarri neurria hartzekoak izan baitziren. Defentsako sendotasunetik abiatuta, beste urrats bat egin nahi zuen atzo Alavesek, eta baloiarekin ausartagoa izan. Bada, atzean berehala zabaldu zitzaion arrakala, eta gero, baloia berak eduki arren, lanak izan zituen arriskua sortzeko.

Gainera, etenaldi ugari izan zen, arabarren kalterako. Oso argitasun gutxi izan zuten lehen zatian, eta atera behin ere jaurti gabe hartu zuten aldageletarako bidea. Apenas izan zen jokaldi aipagarririk: lehia hasi berritan, Riojak barneraldi ona egin zuen eskuin hegaletik, baina Pons ez zen iritsi errematera; eta gola jaso ondotik, falta batean Lejeunek egindako burukada gurutzatu bat izan zen etxekoen aukera bakarra. Bigarren zatiari begira, erritmoz aldatu beharrean ziren Callejaren jokalariak.

Berdinketa, penaltiz

Lerroak aurreratu zituen Alavesek, eta sakona izan zen ezker hegalean, Duarte eta Riojaren agerraldiak tarteko. Ordea, ez zuen modurik aurkitzen abagune garbiak sortzeko. Levante eroso zegoen bere arean gotortuta. Defentsan zenbakirik txarrenak dituen taldea izanagatik, tinko ari zitzaien ihardesten etxekoen ahaleginei.

Egoera horretan, sistema aldatu zuen Callejak, eta bi aurrelarirekin jokatzen hasi zen Alaves. Hala, abantaila handiagoa izan zezakeen erdiraketak errematatzeko orduan. Baloi ugari bidali zuen arearen bihotzera, baina Levanteko atezainak ikusle hutsa izaten jarraitzen zuen. Edonola ere, gasteiztarren setakeria ez zen alferrikakoa izan, Martinen erdiraketa bat defendatzean penaltia egin baitzion De Frutosek Duarteri. Baldar aritu zen Levanteko jokalaria. Joseluk indarrez jaurti zuen penalti puntutik, eta baloiak sareetan bukatu zuen, aurrez zutoinean jo ostean.

Hamar minutu pasatxo gelditzen ziren lehia bukatzeko, eta bi taldeek jo zuten garaipenaren bila. Apurtu egin zen partida, eta Levantek gertu izan zuen 1-2koa, Dani Gomezen erremate batean. Orduan bai, goi mailako atezaina dela erakutsi zuen Pachecok, eta geldiketa erabakigarria egin. 91. minutuan iritsi zen Alavesen momentua, Levanteren areara egindako hamaikagarren erdiraketan. Martinen erdiraketa gozoa maisutasunez baliatu zuen Joseluk, burukada ikusgarri batekin. Estasia Mendizorrotzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.