Antton Iraeta. Boxeolari ohia

«Boxeolari gisa plazagizona izan naiz: ringean hazi egiten nintzen»

Borrokalaria izan da, eta borrokalaria da orain ere, bai ringean, bai bizitzan. Kolpeak hartu ditu bietan, baina gutxitan lortu dute bera K.O. uztea. Plazagizona da oraindik. Damu du boxeoa azkarregi utzi izanaz.

JON URBE / FOKU.
jakes goikoetxea
Usurbil
2020ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Errege egunean 40 urte beteko dira Antton Iraetak (Azpeitia, Gipuzkoa, 1951) boxeo profesionalean debuta egin zuenetik. Ibilbide laburra egin zuen boxeolari profesional gisa, hiru urte eta erdi eskasekoa, baina abenturaz eta pasadizoz betea. Umetatik ikasi zuen gogor lan egitea zer zen. Baita gurpil gainean ibiltzen eta txofertzan aritzen ere. Txirrindularitza gustatzen zitzaion, baina morroskoegia zen bizikletan lehiatzeko. Aitaren furgoneta, rallyetako autoak eta moto-krosa probatu zituen, boxeoan serio hasi aurretik. Boxeoa utzita, hainbat lanetan aritu da, Euskal Herrian eta atzerrian: goizaldean jaiki eta baserriz baserri kamioiarekin esnea biltzen, Hernaniko (Gipuzkoa) autobusa gidatzen, Ekuadorren dantzaleku bat kudeatzen, Oiartzunen taberna bat... Gaur egun, Usurbilgo Iguarte sagardotegia gobernatzen du, Urbil saltoki handiaren ondoan.

Gaztetan, indartsua zinen.

Bai, indarra neukan. Pentsa, gau batean, Azpeitiko Gautxori dantzalekuan, txantxetan hasi gintzaizkion harri jasotzaile bati: geronek ere jasoko genuela hark jasotzen zuen harria. 25.000 pezeta eta bost lagunentzako afaria jokatu genituen. Hurrengo egunean, harri jasotzailearen prestatzailearengana joan nintzen. Apustua aipatu nion, eta haren lokalera eraman ninduen. Harri handi bat eman zidan, eta jaso egin nuen. Harri jasotzailearen marka gainditu egin nuen. Harria astun samarra zen... 200 kilokoa. Sekula harriak jaso gabea nintzen. 25 urte-edo izango nituen.

Lanak egin zintuen indartsu?

Aita zenak pentsuen almazen batzeukan. Aita elbarri gelditu zen gerran, hanka zaurituta, eta zama lana guztiak nik egiten nituen. Pentsu zakuekin asko ibiltzen nintzen aurrera eta atzera. 14 urterekin hasi nintzen aitaren furgonetarekin pentsua banatzen.

Ez zenuen gimnasiorik behar.

Orduan, lana zen gimnasioa.

Gidatzeko baimena izateko gutxieneko adina izan gabe gidatzen zenuen?

Amak esaten du gidatzeko baimena ahoan nuela jaio nintzela.

Zuk izan nahi zenuen boxeolaria edo norbaitek esan zizun boxeorako egokia zinela?

Lagun kontratista bat neukan, Joxe Mari Unanue. Aurrena, ni halterofilian hastea nahi zuen, baina esan nion ez nuela jantziko halterofiliakoen arroparik. Hark lagundu zidan boxeoan lehen urratsak egiten.

Eta nola hasi zinen boxeoan?

Beixama, herriko aguazila, oso kirolaria zen, boxeolaria izandakoa, eta harekin ibiltzen nintzen, Azpeitiko futbol zelaiko aldageletan.

Nolakoak ziren entrenamenduak?

Mugimenduen teknika lantzen genuen, zakuarekin eta punching ball-arekin entrenatzen ginen, sokasaltoan...

Baina zure aitak ez zuen nahi zu boxeoan aritzerik.

Ez. Lehen entrenamendua egin eta gero, galarazi egin zidan boxeoan jarraitzea.

Kasu egin zenion.

Beharko. Hark esandakoa ez zen eztabaidatzen.

Boxeolaria izanda ere, gogoan duzun belarrondokorik handiena aitak emandako bat da.

Eskolan piper egin nuen, eta aitak eta maisuak txikiteoan topo egin zuten. Maisuak aitari esan zion ez nintzela eskolara joan, eta aitak, etxera etorri orduko, sekulako belarrondokoa eman zidan, ez ahazteko modukoa.

Aita gazte hil zen. Hura hil eta gero, boxeoan hasi zinen buru-belarri; aurrena, Azpeitian, eta gero, Donostian. Zer esan zizuten etxean?

Banindoala esan nien. Ama geratu zen, arrebarekin.

Donostiara bai, baina nora joan zinen?

Aurrena Trintxerpera, familia batera. Hilabetera alde egin nuen, badakizu zergatik? Jaten gehiegi ematen zidatelako. Etxeko semea kirolaria zen, eta amak jan egin behar genuela esaten zigun. Jan bai, baina gero zer? Intxaurrondora joan nintzen, neure kontura bizitzera. Pisu bat partekatu nuen eskubaloi jokalari batzuekin.

Boxeoa zen zure bizitza.

Bai, parrandak ere utzi egin nituen.

Gaztetan liskargilea izan zinen?

Ez. Egokitzen bazen bai, baina berez ez. Gogoan dut San Sebastian bezpera batean, Azpeitian, muturra erabat handituta utzi niola beste bati. Beldurtuta, alde egin nuen. Ordurako, lehen urratsak eginak nituen boxeoan.

Zer ibilbide egin zenuen boxeolari gisa Donostian?

Aurrena, Anoetara joan nintzen, han Miguel Almanzor baitzegoen, [Jose Manuel Ibar] Urtainen entrenatzaile izandakoa. Handik, Bidebietara. Hango entrenatzailearekin debutatu nuen profesionaletan. Lehen borroka K.O.z galdu nuenean utzi nion harekin lan egiteari: sekulakoak jasotzen ari nintzen, eta aurkariarengana joateko esaten zidan; baina nola joango nintzen harengana kolpe gehiago jasotzera? Ordura arte uste nuen inork ez ninduela eraitsiko muturrean jota, baina bai, bazeuden.

Nolako boxeolaria zinen?

Boxeolari gisa plazagizona izan naiz: ringean hazi egiten nintzen.

Jotzailea edo hartzailea?

Amarrutsua. Ukondoarekin jotzen nuen, hankak zapaltzen nituen... Round-en bukaerako kanpaiak jotzen zuenean ere kolperen batek ihes egiten zidan. Ez nuela entzun esaten nuen, barkamena eskatzen nuen, baina muturrekoa besteak jaso zuen.

1980ko Moskuko Olinpiar Jokoetara joateko aukera izan zenuen. Ez zinen joan. Zergatik?

Hara ez joateko pasatu nintzen profesionaletara. Joanez gero, Stevensson kubatarrak jo eta txartelik gabe bueltatuko nindukeen Azpeitira [Teofilo Stevenssonek hiru aldiz irabazi zuen urrea Olinpiar Jokoetan].

Beldurra zenion?

Beldurra ez, errespetua bai. Sekulako gizon puska zen. Pisu astunetan lehiatzen nuen: 90 kilotik gora. 1,80 metro luze nintzen, eta ni baino garaiagoak ziren denak.

Estatistiken arabera, borroka gutxi egin zenituen profesionaletan, dozena eta erdi baino gutxiago. Hain gutxi izan al ziren?

Profesionaletako lehen borroka galdu eta gero, prestatzailea utzi egin nuen. Baina harekin bi urteko kontratua sinatua nuenez, hurrengo borroketan irabazitakoaren zati bat eman behar izaten nion. Zati hori ez ordaintzeko, hainbat borroka egin nituen Europan, hemen inork jakin gabe. Zuzenean neuk egiten nituen tratuak. Hala ibili nintzen Herbehereetan, Belgikan, Italian... ia Europa osoan.

Boxeolari euskaldun bat Europan, entrenatzaile ofizialak jakin gabe, borrokatzen. Xelebrea da.

Xelebrea? Italian borroka bat lotu genuen. Ondo ordaintzen zuten. Pugilato liburuan begiratu, eta kontrarioaren arrastorik ez. Promozionatzen ari ziren boxeolariren bat izango zela pentsatu nuen. Pisatzeko garaian ikusi genuen: sekulako zezena. Zer egin? Gutxienez lehen round-ean eutsi, gero lurrera erori, kobratu eta etxera buelta. Baina kanpaiak jo zuen, eta kontrarioa irribarre zabal-zabal batekin etorri zitzaidan agurtzera. Eskuineko eskuarekin agurtu nuen, jo nizkion eskularruak, baina ezkerrarekin, pilotarien moduan, boleaz eman nion matrailezurrean. Ziplo erori zen.

Ez dirudi jokaldi oso garbia.

Kanpaiak jotzen duenean ez dago txorakeriarik. Paco Bueno boxeolari ohiak esana zidan, kontuz ibiltzeko agurrekin, noizbait topo egingo nuela agurtu beharrean egurtuko ninduen norbaitekin. Horretaz oroitu nintzen Italian.

Zer gertatu zen?

Sekulako iskanbila sortu zen: aulkiak hegan, jendea sutan... Taxia hartu eta ospa egin genuen, kobratu gabe. Hilabetera, berriro deitu zidaten, beste norbaiten kontra aritzeko. Pentsatu nuen aukera ona zela bi borrokak kobratzeko. Aldagelan, antolatzaileari esan nion ez nintzela aterako ringera bi borrokak ordaindu ezean. Biak ordaindu zizkidan. Badakizu nola igo nintzen ringera?

Nola?

Dirua hankartean, barrabilen babeslean sartuta. Bi milioi ziren.

Bi milioi pezeta (12.000 euro inguru)?

Bai.

Dirua irabazten zen.

Bai. Hemen eta han muturrekoak berdin-berdin hartzen ziren, baina kanpoan gehiago kobratzen zen.

Billete sortatan kobratuko zenuten.

Billeteak bata bestearen gainean.

Boxeolaria, dirutza, dirua xahutzea, parrandak... Boxeo hori ezagutu zenuen?

Ezagutu bai, baina egin ez. Paco Buenok beste aholku bat eman zidan: borroka bukatutakoan, joan zaitez ohera, eta bi edo hiru egunera, ondo zaudenean, orduan egin parranda. Borroka bat jokatu eta gero, guztiak primeran daude, zu izan ezik. Borroka bakoitza eta gero parranda bat behintzat egiten nuen. Hori bai, ez nuen inoiz gimnasioko saioetara kale egin. Nire oinarria hori zen: oso ondo prestatuta joaten nintzela.

Boxeolariak jasotzen ditu kolpeak, baina etekina inguruko beste askok ateratzen diote. Zure kasuan ere hala izan da?

Managerrari argi utzi nion: «Nik hau kobratu behar dut, ez zait axola zuk zenbat kobratzen duzun». Inoiz ez nuen harekin diru kontuei buruzko arazorik izan.

Nahita lurrera botatzea aipatu duzu lehen. Inoiz egin duzu?

Pentsatu bai, egin ez. Ringera igotzen zarenean beste kontu bat da.

Borrokaren bat galtzeko eskaintzarik jaso duzu inoiz?

Ez, inoiz ez.

Izan al zenuen Ameriketako Estatu Batuetara boxeatzera joateko tentaziorik?

Lagun batek hara eraman nahi ninduen, baina esaten nion ea zertara joan behar nuen, hango boxeolaririk txarrena hemengo onena baino hobea zela.

Ibilbide laburra egin zenuen boxeo profesionalean: 1981eko urtarrilean hasi, eta 1984ko maiatzean utzi. Nekatuta zeundelako utzi zenuen?

Ez, alderantziz. Oraindik ere damututa nago, azkarregi utzi nuelako. Ezkondu ere egin nintzen, eta utzi egin nuen. Borrokatzeko moduan nengoen. Hartzen ikasten hasi nintzen, baina hori txarra da. Boxeoaren artea jotzea eta ez jasotzea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.