Azken euskal neanderthalen DNAren bila

Euskal Herriko azken neanderthalen zantzuak bilatzen hasiko dira bihar, Zestoako Amalda III kobazuloan. Ikerketak izango du epika, oso zaila delako kobazulora heltzea. Baina zailtasun horretan datza itxaropena, inor gutxik ukitu ahal izan duelako leizea.

Labarra. Kobazulora heltzeko, 30 metro jaitsi beharra dago bertikalean.
Labarra. Kobazulora heltzeko, 30 metro jaitsi beharra dago bertikalean. JOSEB RIOS / EZEZAGUNA

Edu Lartzanguren -

2019ko irailak 13

Tentazio handia dago esaldi borobil batez iragarpena egiteko: Euskal Herriko azken neanderthalen zantzuak aurkitzeko lanak hasiko dituzte bihar. Baina gehiegikeria al da hori esatea? «Ez, ez da gehiegikeria», erantzun du Joseba Rios Garaizar arkeologoak. Hura ari da ikerketa prestatzen. Zestoako (Gipuzkoa) Amalda III kobazuloa aztertuko dute, han bizi izan zirelako azken neanderthal haiek.

Amalda I kobazuloa ongi aztertuta dago, Riosek azaldu duenez. Baina hango estratigrafia nahastuta dago. Amalda III leizean, ordea, askoz hobeto dago, inork ez duelako ukitu. «Horregatik nahi dugu han azken neanderthalen zantzu horiek aurkitu».

Hipotesi batekin ari dira lan egiten: neanderthalak Amaldan bizi zirenetik 100-200 urtera galdu ziren Euskal Herrian. Ondoren, beste neanderthal batzuk heldu ziren, Akitaniatik. Horiek teknologia ezberdina zuten, Chatelperron aldikoa, eta Aranbaltza kobazuloan (Barrika, Bizkaia) ari dira aztertzen horien zantzuak. «Berez, horiek lirateke Euskal Herriko azken neanderthalak, baina beste kultura bat dute. Haatik, hemen milaka urtez egon zen kultura Amaldan desagertu zen».


Joseba Rios Amalda III kobazuloan, 1984. urtean laginak hartzeko eginiko zuloan, maila estratigrafikoak aztertzen. / JOSEBA RIOS

Zergatik galdu ziren, ordea, euskal —anakronismoa zilegi bada— neanderthal haiek? Riosek hainbat hipotesi ditu: baliteke orduko klima aldaketak neanderthalen gizartea zatitu izana. «Talde txikiagoak izango ziren, elkarrengandik urrun bizi ziren, eta horrek hibridazioa [cro-magnonekin], ahultzea eta, azkenean, galtzea ekarriko zuen».

Indusketak egingo dituzte Amalda IIIn. Beste zientzialari talde batzuk genetika aztertzen ari dira, eta badira orduko klima aldaketa ikertzen ari diren beste batzuk. «Ez dugu inoiz erantzun zuzenik topatuko», ohartarazi du Riosek. «Erantzuna beti konplexua izango da, eta diziplinartekoa».

Ez da ikerketa erosoa izango, oso zaila delako Amalda III kobazulora heltzea. «Koba hau ez da Amalda I-etik ikusten, beste aldapa batetik igo behar da. Zailtasun handia izan genuen aurkitzeko: 30 metroko pareta bertikal bat pasa behar da, eta hara ezin du edonork igo», esan du Jabier Lazkano Antxieta arkeologia taldeko kideak. Amalda I kobazuloa Joxe Migel Barandiaranek aurkitu zuen 1920ko hamarkadan. Ahaztuta egon zen urte luzez, Jesus Altuna arkeologoak 1979-1984 artean ikertu arte. Harekin ibilitako Lazkano eta beste boluntarioek topatu zituzten inguruan Amalda II, eta, gero, Amalda III.

Laginak hartzen ibli ziren leizean Lazkano eta lagunak, orduan, igandetan, eta neanderthalen tresna asko topatu zituzten. «Zundaketa egin genuen, eta oso aberatsa zen». Beste abantaila bat ere badu kobazuloak: txikia da, eta halakoetan, aztarnak «kontzentratu» egiten dira, eta, ondorioz, errazago topatzen dira. «Gure taldearen koba kutunenetakoa da», esan du Antxieta taldeko Jose Inazio Arrietak. «Ilusio handia eman digu Joseba Riosek 35 urte pasatu ondoren guri elkarlanean aritzeko eskatzeak».

Ikerketa prestatzeko erabaki behar izan duten lehenbiziko gauza logistika izan da. Zer egin? Egunero orduak galdu hara heltzeko, edo, behin joanda zazpi egun egin han lotan? Azkenean, joan-etorriak egitea erabaki dute: «Eskertuko dugu ohe bat eta fundamentuzko janaria», esan du Riosek. Joan zen igandean aritu ziren bidea prestatzen eta indusketarako materiala eramaten.


Rios, Antxieta taldeko Jabier Lazkano eta Iñigo Arizaga, eta Laura Sanchez Romero arkeologoa. / JOSEBA RIOS

Ukitu gabeko leizea

Kobazulora iristeko zailtasunean datza Amalda III-k sortzen duen itxaropen eta ilusio handia. «Guk 1984 inguruan laga genuen bezala dago: metro koadroak egiteko hariak-eta ukitu gabe daude», esan du Lazkanok. «Nor ailegatuko da, bada, hara?».

Harpea neanderthalen bizitokia izan bazen, espero al daiteke cro-magnonen zantzuak ere topatzea han? Riosek esan duenez, han ez dago Goi Paleolitoko aztarnarik, nahiz eta orduko gizakiek ohitura izan kobazuloak hilerri gisa erabiltzeko. Amalda Ien, badaude, ordea. «Zergatia aurkitzea ez da erraza izango». Baliteke erosioak aztarna horiek garbitu izana. Baina badago hipotesi interesgarriago bat: neanderthalen garaian (Erdi Paleolitoan) erraza zen kobazulora heltzea, baina Goi Paleolitoan ez, eta, ondorioz, cro-magnonak ez ziren han bizi izan. «Bi hipotesiak aztertuko ditugu».

Neanderthalen akabera ez da dirudien bezain kontzeptu dramatikoa. Twitterren irakurritako txiste baten berri eman du Rios arkeologoak: «Nahi duzu ondo pasatu norbaiten lepotik? Galdetu biologo bati espeziearen definizioa». Izan ere, neanderthalak, hein batean, gaurko gizakietan bizi dira, cro-magnonekin nahastu zirelako; populazio modernoen DNAn dago haien ondarea. Amalda III kobazuloan hasiko duten ikerketak lagunduko du harreman hori argitzen, Riosen arabera.

Ikertzaileek itxaropen handia dute azken euskal neanderthalen arrastoren bat topatzeko, eta zantzuetatik DNA erauzi ahal izateko. «Zortea badugu, hori lortuko dugu, eta aukera handiak ditugu horretarako. Ez badugu, ohiko aztarnak izango ditugu —industria litikoa [landutako harriak, alegia]— eta hori ere oso interesgarria izango da».

Euskal Herriko neanderthalen ikerketa loraldian dago orain, 1980ko hamarkadatik baztertu samar egon eta gero, Riosek azaldu duenez. Indusketa gehiago egiten ari dira, eta utzitakoak berriz zabaltzen. «Horrek guztiz aldatu du panorama». Adibide gisa Hiru entziklopedia jarri du adituak. Han esaten dute Euskal Herrian lehen gizakiak duela 100.000 urte jarri zirela bizitzen. «Hori erabat gezurtatuta geratu da. Orain badakigu azkoz lehenagotik dela. Ez dut esango orain egiten ari garena iraultzailea izango dela, baina datozen urteetan are gehiago aldatuko du ikuspegia». Ez da hil, gugan bizi da esaldia erabiltzen da sarri hil-oharretan. Beharbada, laster jakingo da neanderthal haiek zenbateraino bizi diren, literalki, gaurko euskaldunetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna