Literatura. 'Biennale'

Etorkizuneko goizak

Idazlea: Beatriz Txibite. Argitaletxea: Erein.

2018ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Poeta oparo eta saritua da Beatriz Chivite Ezkieta (Iruñea, 1991). Pekineko kea poema bildumarekin Iruñeko Udalak antolatutako Poesia Lehiaketa irabazi zuen 2012an iaz argitaratu zuen liburua Pamiela argitaletxeak; 2014ko Ernestina Champourcin XXV. Poesia Lehiaketa eta 2015eko Lauaxeta Saria eraman zituen Metro poemarioarekin; Biennale lanarekin jaso zuen Blas de Otero - Bilbo Uria nazioarteko IX. Poesia Lehiaketa. Bestalde, 2017an Beste Hitzak (Other Words) egonaldiaren baitan Mariborren (Eslovenia) idatzitako Mugagabea poema bilduma dagoeneko irakurgai dago sarean.

Eugenio Montale poeta italiarraren aipu batek ematen dio hasiera Biennale (Erein, 2017) liburuari, itsasontziak bezala amarratutako etorkizuneko goizak auguratuz. Venezia idealizatuaren kanal ertzetan imajinatu ditzakegu gondolak, etorkizunaren aiduru. Baina datozen goizak ez dira Venezian bakarrik argitzen, Londres, Katmandu, Edinburgo, Pekin ere aipatzen baitira liburuan. Chiviteren aurreko liburuetan bezala, Hiria da poemen agertoki nagusia. Hiriaren irudi idealizatuaren aurrean, ordea, poetaren esperientzia kokatu eta konkretuak dira kontatzen direnak, hiriarekin kontrajartzen den subjektuarenak. Izan ere, deserria ere bada hiria, non gertuko harremanen azalekotasunak eta egonkorragoen distantziak talka egiten duten. Ohikoak bilakatu zaizkigun komunikazio baliabideen berehalakotasunaren faltsutasunaz ere ari da batzuetan, bizitza birtualen balioa zalantzan jarriz.

Artea da liburuaren funtsezko beste zutabea. Izenburutik hasi eta poetak arteari buruz, orokorrean, egiten dituen gogoetetaraino, bilduma zeharkatzen du arteak. Hainbat margolari eta eskultoreren izenak dituzte izenburutzat hainbat poemak, zeinetan haien artelanek sortutako inpresioak edo oroitzapenak irudikatzen diren. Inspirazio iturri eta ihesbide bilakatzen da artea bera azkenean, errealitatea zalantzan jartzeko eta betikotzeko tresna sorkuntza.

Bestelako hausnarketak eta esperimentazioak ere badira liburuan: politiko-sozialak, filosofikoak eta filologikoak, besteak beste. Pekineko kea liburuan darabilen hizkuntzen jokoari jarraipena ematen dio liburu honetan Chivitek, poema batzuetan hainbat hizkuntza era naturalean elkarren segidan erabili eta mundu ikuskera forma anitzeko bat iradokiz: nahasia baino, konplexua; lehen kolpean ulertzea kostatu arren, berriz atzera itzultzea merezi duena. Inpresio bera sakontzen laguntzen dute hizpide ametsak dituzten poemek. Atmosfera oniriko erako hori da liburuan nagusi, egunerokotasuna bera normaltasun monotonotik atera eta kasualitate eta konexio inkontziente askoren emaitza ere badelako irudipena emanez, ertz eta aukera anitzekoa.

Ez da dena eder eta idiliko, noski; Biennale ez da liburu xaloa. Praktiketako gazte prekarioaren bizitzaz ere ari da, hiri idealizatuen fatxadaren atzean dagoenaz, edertasuna poetikotasuna, behintzat bazterretan ere topatuz eta batzuetan besterik gabe zikina dena ere erakutsiz, salatuz. Soiltasunez eta intuizio estetiko indartsuz bizitza eta mundua poesiaren bidez kontatzeko abilezia duela erakutsi du berriz Chivitek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.