Pandemiaren bakar(e)dadeak

Eten egin zaizkie harremanak, sendotu egin behar zituztenean, eta lotu, berriz, zilbor hesteak, moztu egin behar zituztenean. Osasun krisiak etxean eta norbere baitan preso harrapatu ditu nerabe eta gazte asko. Eman berri dituzte haien aldartearen emaitzak: bakardadea, tristura, asperdura, amorrua eta antsietatea.

MARTINTXO.
enekoitz telleria sarriegi
Andoain
2020ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Bada garai bat bizitzan harremanak sortu, zaindu eta sendotu beharrekoa. Sentimendurik adierazten asmatzen ez duzun horretan, sentimenduak nori eta nola azaleratu asmatu beharra, eta ezina. Jabetza, autoafirmazioa, kidetasuna, afinitatea... aipatzen dituzte nerabezaroaren korapiloak askatzen aditu direnek. Eta errebeldia, askatasun gosea, zilbor hesteak moztea, pasioa eta grina aipatu beharko lituzkete nerabeek eurek, baina ez da hala. Aipatzen dute interpretatzen ez dakiten bakardade bat, karga bihurtu zaien apatia bat, gainetik kendu ezin duten motibazio falta bat, eta nahi gabe erantsita daramaten tristura bat. «Ez gaude ondo. Egoera honek aldatu egin gaitu».

Gazteen Euskal Behatokiak «nola daramazu?» galdera egin die 15 eta 34 urte bitarteko 1.400 gazteri —martxoan ere egin zuten inkesta berbera, eta urriaren 30etik azaroaren 4ra egin dute bigarrena—. Aste honetan bertan eman dituzte emaitzak argitara: hamar gaztetik zazpik amorrua, haserrea eta asperdura sentitzen dituzte pandemia garaian, baita kezka eta beldurra ere. Erdiek tristura, antsietatea eta bakardadea nabaritu dituzte uneren batean. Ondorio nagusi bat: tristeziak eta etsipenak gora egin dutela gazteen artean martxotik hona.

Datuak dira, eta Andoaingo (Gipuzkoa) Aita Larramendi ikastolan 17 urteko bost ikaslerekin mahai baten bueltan izandako solasak berretsi egiten ditu. Bakardadearena, dena dela, ez dute modu horretara interpretatu. June Korta: «Nik bakardaderik, berez, ez dut sentitu. Egia da lagunen faltan sumatzen duzula. Bakardadea, bere horretan, ez. Onartuta ez dela batere egoera erosoa izan». Alaitz Urkia: «Lagunen artean bideo deiak egin ditugu. Ez gara kalera irten, ezin zelako, baina lotura bat egin eta mantendu dugu. Elkar ezagutzeko ere balio izan digu zenbaitetan. Konturatzeko nor dagoen hor eta nor ez». Iker Uria: «Egia da gaur egungo teknologiek erraztu egiten dutela hori, harreman hori ez galtzea. Nahiz eta ez den berdina hau eta aurrez aurrekoa». Iraitz Aldasoro: «Teknologia hori gabe, duela urte batzuk egoera hau ez dakit nola bizi ahalko genukeen».

Maskarapetik ari dira. Errezeloz eta lotu samar hasi dira, baina hustu dituzte barrenak ondoren. Teknologiarena ongi dago, baina ez da nahikoa. June Korta: «Egia da txat batean gauzak beste era batera kontatzen dituzula; ez da bizipen berdina. Baina, ahal den heinean, saiatu gara beste aldean egoten, eta elkar babesten, zeren momentua ez baitzen batere erraza». Alaitz Urkia: «Niri ere ez zait gustatzen gauzak modu horretan azaltzea, baina ez dut horren gaizki eraman. Okerragoa egin zait bikotekidearekin egon ahal ez izatea, gurasoen etxean bizi naizelako».

Agertu da aldagaia: gurasoak eta etxea. Independentzia eta norbere espazioa lortu nahia, eta ezina. June Korta: «Ordu asko dira etxean. Nik gurasoekin lehen baino askoz ere errieta gehiago izan ditut. 24 ordu egunero... Beste aurpegi batzuk ikusteko behar bat dago; ez denbora guztian etxekoak. Gurasoak etxean, nire 25 urteko anaia etxean, eta nik 17 dauzkat... pentsa».

Ez dakite neurtzen etenaren neurria, ezta erabateko etenik egon denik ere. Aldaketak bai. Aldatu da zerbait. June Korta: «Egoera honek aldatu egin gaitu. Hilabete asko egon gara etxean, eta egon behar da ondorioren bat». Baten bat izan liteke erdizka positiboa ere. Iraitz Aldasoro: «Egoera honek balio izan digu geure burua eta besteak hobeto ezagutzeko. Onerako zein txarrerako».

Itxialdian gaizki, eta murrizketa garaian askoz hobeto ez. Kexu dira. Diote ez dutela «alternatibarik». June Korta: «Panorama oso tristea da. Daukagun alternatiba bakarra banku baten bueltan biltzea da, edo etxeren bat hutsik gelditu bada, hara joatea. Baina ez daukagu besterik». Iker Uria: «Lehen, erreka aldera joan eta elkartzeko aukera genuen, baina orain hotza eta eguraldi txarra hasiko dira, eta ez dugu hori ere izango. Ez dago partidarik kiroldegian, haiek ikustera joan eta horren aitzakian ere egoteko. Ez dago ezer». Iraitz Aldasoro: «Ez da berdina, gainera, Andoainen bizitzea edo, demagun, Donostian. Han badute zer egina; hemen ez dago ezer». Alaitz Urkia: «Gainera, geroz eta isun gehiago eta gogorragoak ari dira jartzen».

Motibazio falta eta nagikeria

Amorrua, haserrea, bakardadea, tristura, etsipena eta asperdura nabarmentzen dira, besteak beste, Gazteen Euskal Behatokiak egindako inkestan. Baina gazteekin izandako solasaldian «motibazio falta» ere agertu da. June Korta: «Azterketak amaitu ditugu. Lehen bageneukan motibazio bat bukatu eta ospatzeko. Orain ez; ez daukagu ezer. Larunbatean zer egingo dugu? Etxean gelditu. Batxilergoko bigarren kurtsoan gaude. Kurtsorik zailenetako bat da. Eta ez badaukazu motibaziorik, oso gogorra da». Izan ere, izan dituzte umore aldaketak eta erneguak. Baina ez dute horretan aparteko aldaketarik nabaritu. Alaitz Urkia: «Aldartean eta erantzun txarretan baino gehiago, motibazioan nabaritzen dut nik aldaketa. Nagikeria handiagoa dut gauzak egiteko. Lehen generaman bizimoduarekin konparatuz, urte hau askoz ere sedentarioagoa izan da. Iaz klaseak nituen. Ematen nituen, edo jasotzen nituen. Aurten dena izan da etxetik ikastolara eta ikastolatik etxera. Ez nago ohituta». June Korta: «Gure adinean hori ezin da ohitura bihurtu».

Eta egoera berriak ohitura ezin bilakatu horretan, egoerak izango dituen ondorioei buruz galdetuta, garbi dituzten erantzunak. Iraitz Aldasoro: «Zaila izango da lehen genuena berreskuratzea». Alaitz Urkia: «Aldaketa egongo da, bai. Festetara-eta joateko aukera zabaltzen denean, jendeak beldurra edukiko du». June Korta: «Bagara elkarrekin asko egotekoak eta hitz egitekoak. Besarkatzekoak. Eta ematen ditugu! Baina, berez, ezin dugu. Gu oso sozialak gara, eta hori mozten ari dira. Hori bere onera bueltatzea asko kostatuko da. Honen ostean aldaketa bat egongo dela ziur nago. Jendea eta ohiturak aldatu egingo dira».

Irakasleen zailtasunak

Gelatik irten dira gazteak, eta irakasleari eman diote sartzeko abisua. Leire Arizetari dagokio bost horien eta beste hogeita biren sentimendu kontrajarri horiek denak gobernatzea. Garbi azaldu du hasieratik: «Tristura eta motibazio falta dira haiengan gehien nabaritu ditugunak».

Irakasle-ikasle harremanean sortu diren «mugak» aipatzen ditu Arizetak, eta dio «hoztasuna» dagoela orain: «Harremanetan mugak sortu dira. Klasean daudenean, hurbildu, eta kontatu egiten dizkizute gauzak. Etxean, meet bat antolatu behar duzu haietako bakoitzarekin. Guk ere zailtasunak ditugu ikasleengana iristeko. Hoztasuna dago. Gelan zaudenean, hurreratzen zara, egoten zara, eta jarraipen bat egin dezakezu. Pantailaren atzean... 27 laukitxo txiki dira. Eta badakit batzuk gaizki pasatu dutela. Lehendik arazoak zituztenen arazoak areagotu egin dira».

Arizetak azaltzen du saiatu izan dela gaia «erlatibizatzen», bizitza osoko sei hilabete baino ez direla esaten, baina aitortu du ez dela erraza hori azaltzea eta, are gehiago, haiek hori onartzea: «Esaten diezu hau ez dela betirako izango, bueltatuko garela lehengora... baina zaila da adin horretan erlatibizatzea».

Adinak horixe du, eta pandemia garaiak adin horri dagozkion tasun eta keriak areagotu egin ditu askotan. Edadearen berezko joerak handitu eta noraezean jarri. Horretan bat datoz Carmen Maganto EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ohorezko psikologia irakaslea, eta Saioa Otegi Saiatuz psikoterapia zentroko psikologoa. Haiei dagokie nerabe-gazte horiei korapiloak askatzen lagundu eta horretarako tresnak ematea. Eta pandemiaren aurretik zituzten zenbait egoerak «bozgorailu efektua» izan dutela nabarmendu dute biek.

Magantok nerabeen bakardadean jarri du azpimarra, eta bakardade mota ezberdinak daudela azaldu du. «Gauza bat baita bakarrik egotea, eta bestea bakarrik sentitzea». Dio nerabeek ez dutela bakardade «fisikoa» sentitzen, ez daudelako sekula bakarrik, beti daudelako babestuta, nolabait. «Badago beste bakardade mota bat, eta horri buruz gutxiago hitz egiten da: bakardade soziala da hori. 'Ez daukat lagunik, ez daukat jenderik'. Gurasoei kontra egiteko garaia da, eurak izateko garaia da. Euren modukoekin, euren helduen kontra. Kendu dizkiete euren berdinak direnak, eta nortzuk dira? Umetxoak berriro beren gurasoekin. Beraz, bakardade soziala sentitu dute. Bakarrik nireekiko, bakarrik berdinekiko, bakarrik nire lagunekiko. Adin horretan besteek zedarritzen dute norberaren nortasuna. 'Nor naiz ni nireak gabe?'. Horretan sentitu dira bakarrik».

Antzera mintzo da Saioa Otegi. «Autoafirmazio» garaia dela nabarmendu du hark. «Nor naiz ni besteekin nagoenean, eta nor haiekin ez nagoenean? Autoafirmazio garai garrantzitsuak dira: nortasunean gorabeherak izatea da ohikoena adin horretan. Presentzialtasunak beste era batera eragiten digu denoi. Hau da, elkarrekin egon, jolastu, hizketa egin, besarkatu... konplizitate uneak binaka, hirunaka nahiz taldean beste sinergia bat bilakatzen dira. Nerabeen egiteko emozional nagusietako bat gurasoekiko zilbor hestea mozten hastea da, eta mundua esploratzea. Kuadrillak egin eta desegin, eraiki eta deseraiki ,eta lagun taldeak berregituratzen dira, dinamikoagoak bilakatu. Bizitzen ari garenaren ondorioz, moldaketa ugari izan dituzte euren eguneroko ohituretan».

Bakardade emozionala.

Magantok jarraitu du bakardade ezberdinak zerrendatzen, ohartzeko nerabe-gazteek pandemia garaian zer bizi izan duten. «Badituzte lagunak, badituzte gurasoak, baina badute halako tristura, apatia, axolagabekeria sentimendu bat. 'Nork laguntzen dit? Nor dago benetan nirekin?'. Hori gazte askok sumatu dute itxialdian: bakardade emozionala».

Detaile txikienei ere azalpen bat ematen die Magantok. Janzkerari, esaterako: «Elkartzeko tokirik gabe kalean, norbere espaziorik gabe etxean... Ez dute eurek nahi duten bezala janzterik ere izan errekonozituak izateko. Ez beste piercing bat. Ez beste tatuaje bat. Ez dute arraro janzteko aukerarik ere izan. Beti pijama jantzita. Behar zituzten bereizgarri sozial guztiak falta izan zaizkie. Eta horrek sufriarazi egin die. Berriz umetxo bihurtu dira. Gurasoekin etxean». Ez delako haiek «aukeratutako» bakardade bat izan: «Izan da inposatua, barnerakoia, indibiduala, pobretzailea, mendeko bihurtzen dituena, ume bihurtzen dituena, iraunkorra, luzea... oso larria izan da haientzat. Sozialki bakarrik sentitu dira, bakarrik egon gabe. Horrek eman die min».

Eta Magantok kontzeptu «arraro» bat aipatzen du: «Azalaren bakardadea». Eta badu azalpen bat: «Adin horretan, ez dira oso maitagarriak gurasoekin, baina bai lagunekin. Behar dute nolabait haien azala. Oso arraroa da azalaren bakardadeaz hitz egitea, baina behar dute ukitzea, bultzatzea, lagunekin kontaktu hori edukitzea».

Dena dela, gehien kosta zaiena «ni-aren bilaketa» dela dio Magantok. Hori beti «kanpoan» egiten dutelako, lagunekin, lehen bikotekidearekin... «Oso gutxitan egiten dute hori euren baitan; ezin dute hor sartu. Eta ez baduzu nahi hori gurasoekin egin, eta lagunekin sare sozialen bidez bakarrik egoten bazara... ezingo duzu hori eraiki. Barne hutsune handi bat dute, eta, ni horren bila hasi eta ez dutenean lortu, galdu egin dira. Eta orduan iritsi dira antsietateak, depresioak... oso kasu gogorrak izan ditugu».

Izan ere, bada, Magantoren hitzetan, bakardade oso gogor bat: «Norberaren absentzia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.