Trans legearen aurreproiektua onartu du Espainiako Gobernuak

Espainiako Ministroen Kontseiluaren onespenarekin, lege testuak bide parlamentarioa hasiko du: Kongresura joanen da. LGTBI kolektibo osoari zuzendutako araua da

Zenbait herritar pankarta eskuan, LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunean egindako manifestazioan, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko ekainaren 30a
00:00
Entzun

Egon da bidean estropezu edo labain egiteko arriskurik, baina, azkenik, eman da pausoa: trans legearen aurreproiektua onartu du Espainiako Ministroen Kontseiluak, Unidas Podemosek eta PSOEk adostasuna lortu ondotik. Aurreproiektuak aitzina egiteko egin beharreko urratsek hainbat traba izan dituzte joan diren hilabeteetan. Are, arauaren tramitazioa blokeatua zen iragan otsailetik, eta tartean izan da, adibidez, PSOEk maiatzean Espainiako Kongresuko osoko bilkuran abstentzioaren bidez atzera egin izana. Talkez eta eztabaidez gaindi, baina, testuak badu bide parlamentarioari ekiteko babes askirik. Kongresura bidaliko dute.

Ikusi gehiago:Aitzole Araneta: «Norberak esan ahalko du nor den, eta erabaki ahalko du bere ibilbidea»

ZER ONARTU DUTE?

Unidas Podemosek eta PSOEk hala adostuta, Ministroen Kontseiluan onartutakoa ez da soilik transen eskubideei buruzko lege bat. Izan ere, lege bakarrean bateratu dira transei eta oro har LGTBI kolektibo osoari dagozkion proposamen batzuk. Transei zuzendutako lege integralik ez izateak samina piztu du hainbat taldetan. Argudiatu dutenez, ez zaio behar adina erreparatu transei eragiten dieten aferei. Gainera, atzo onartutakoa ez da behin betiko dokumentua; bildutako edukiak hainbat aldaketa jasan ditzake legea guztiz onartua izan arte.

DESPATOLOGIZAZIOA

Lege aurreproiektuan jasoa dagoenez, erregistro zibileko sexu aipamenean aldaketa galdegiteko jadanik ez da exijituko eskabidea egiten duenak inolako prozedura medikotan parte har dezala. Ez da eskatuko psikologoen oniritzirik edo medikuen txostenik, ez eta erregistroko moldaketa egin nahi duen pertsonak bere gorputzean aldaketak eragiteko inolako urratsik egin dezan ere; ez hormona bidez, ezta ebakuntza bidez ere. OME Osasunaren Mundu Erakundeak 2018an utzi zion transexualitatea gaitz gisa hartzeari, baina Espainian eta Hego Euskal Herrian, egun, beharrezkoa da «genero disforia» diagnostikatzea prozedura hasteko. Legeak hori aldatuko luke.

Lege testuak aurrera eginez gero, eskatzaileak dokumentu bat sinatuz adieraziko du bere nahia, bi fasetan: lehenbizi, inprimaki bat bete beharko du; gero, gehienez hiru hilabete iraunen duen hausnarketa fasea izanen da, eta haren ondotik bigarren inprimaki bat aurkeztu beharko du, nahia berresteko. Hala, prozesua nabarmen laburtuko da. Izan ere, oraindik indarrean den araudiaren arabera, sexu aipamena aldatzeko ezinbestekoa da aurretik bi urtez tratamendu hormonala jasotzea, gutxienez.

LEGE AUTONOMIKOAK

Espainiako Ministroen Kontseiluak legearen aurreproiektua onartzerako, Hego Euskal Herriko administrazioetan jadanik hartuak ziren transexualitatea despatologizatzetik nabarmen hurbilago ziren zenbait neurri. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, biek ala biek onartuak zituzten hein batean transei eragiten dieten lege autonomikoak. Eusko Legebiltzarrak onartutako Transexualitatearen Lege Integralari dagokionez, dokumentuak 2019an izan zuen azken moldaketa: ordutik, transexualitatea ez da gaixotasun gisa sailkatzen. Nafarroako Gobernuak, berriz, 2017an onartu zuen LGTBI+ Berdintasun Sozialeko Legea. Irizpideak antzekoak dira bietan: erregistro zibilean adierazia dagoen sexu aipamena aldatzeko, ez da beharrezkoa medikuen txostenik aurkeztea.

Dena dela, erkidegoen eskumenak mugatuak dira, nabarmen, eta, horren eraginez, Ministroen Kontseiluak onartutako lege testuak eragin zuzenekoa du Hego Euskal Herrian ere. Besteak beste, Hegoaldeko euskal herritarren nortasun agiriaren gaineko kudeaketa Espainiako Gobernuari dagokio. Ondorioz, hark zehaztutako irizpideei jarraikiz egin behar dira agiri horretan aldaketak egiteko urratsak.

ESKUBIDE AITORTZA

LGTBI kolektiboa osatzen dutenen eskubideak bermatzeko hainbat neurri aurreikusi dituzte lege aurreproiektuan. Batetik, haien diskriminazioa desagerrarazteko, neurriak proposatu dira administrazioaren, enpleguaren, osasunaren eta hezkuntzaren eremuetan. Bestetik, ernalkuntza lagunduko teknikak erabiltzeko eskubidea eta sarbidea aitortuko diete hala emakume lesbianei, bisexualei eta bikotekiderik gabeei nola haurdun gera daitezkeen transei; eta seme-alaben gurasotasuna aitortuko diete ezkontzeko beharrik gabe. Horrez gain, konbertsio terapiak debekatu egin nahi ditu legeak.

MUGAK ADINEAN

Dokumentuan jasoa denez, 16 urtetik gorako herritarrek beren kabuz eskatzen ahalko dute sexu aipamenean aldaketa egiteko. 14 eta 16 urte artekoek ere egiten ahalko dute eskabidea, baldintza batekin: tutoreek lagunduta egin beharko dute. Aldiz, legeak ez die genero autodeterminaziorako eskubiderik aitortzen 14 urtetik beherakoei. 12 eta 14 artekoek sexu aipamena aldatu nahi izanez gero, epai batek eman beharko die horretarako onespena. Gainera, horien kasuan, epaileak froga dokumentalak edo lekukotasunak galdegiteko aukera izanen du, beharrezkotzat jotzen badu.

HAUSTURA PSOE-N

Aspaldi da trans legeak hautsak harrotu zituela. Eskuinak ez ezik, PSOEren barruko zenbait ahotsek ere irmoki adierazi dute legearen kontra daudela. Esaterako, Espainiako Gobernuko presidenteorde Carmen Calvok kritikatu zuen sexu aipamena egiteko bidea horrela zabaltzeak ez zuela «arrazionaltasun juridiko nahikorik». Are, iradoki zuen neurri hori herritar ororen kalterako izan litekeela: «Kezkatzen nau generoa borondate hutsagatik aukeratu ahal izateak. Izan ere, duda gabe, horrek arriskuan jartzen ditu gainerako 47 milioi espainolen identitate irizpideak».

Desadostasunak agerian gelditu badira ere, PSOEk babestu egin du aurreproiektua; tartean gobernuko presidente Pedro Sanchez ere.

BABES MEZUAK

Espainiako Berdintasun Ministerioa izan da lemazain legeak orain arte egindako bidean. Ministroen Kontseiluan onespena jaso berritan, Berdintasun ministro Irene Monterok lorpen handitzat jo du erdietsitakoa: «Egun historikoa da». Azaldu du legeak nabarmen lagunduko duela LGTB kolektiboaren eskubideak bermatzen. Halaber, kezka agertu du legeak inguruan duen kritika zurrunbiloagatik: «Dudan jarri dira transen eta LGTB kolektiboko kideen eskubideak. Herrialde asko ez dira leku seguruak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.