Koronabirusa

Lehen arretan 198 langile gehiago behar direla dio Osakidetzak

Langileak falta direla aitortu arren, lehen arretako arduradunak esan du errua ez dela administrazioarena. Positibo kopurua jaitsi egin da Hego Euskal Herrian: 4.488 atzeman dituzte

Osasungintza pubikoaren alde herenegun Gasteizen egin zen mobilizazioa. RAUL BOGAJO / FOKU.
Julen Aperribai.
2022ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Osakidetzaren egoera pertsonal faltarekin lotu zuen atzo Susana Martin lehen mailako arretako zuzendariak, osasungintza publikoaren aldeko mobilizazioen biharamunean. Gabezia hori zenbakitara ere eraman zuen. Haren esanetan, 198 familia mediku eta pediatra falta dira. Plaza horiek betetzeko modurik ez dagoela esan zuen, ordea, «ez dagoelako profesionalik horiek betetzeko». Ez Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ezta Espainiako Estatuan ere ez dago profil horretako profesionalik, Martinen esanetan. Horren erantzukizuna ez da administrazioarena, haren ustez, «zenbait espezialitatetan formatzeko deialdien planifikazio txarrarena» baizik, «belaunaldi aldaketa ez aurreikusteagatik». Halaber, adierazi zuen lehen arretako egoera «apur bat arindu» dela, eta Osasun Sailak hartutako neurriekin lotu zuen hobekuntza.

Hain justu, Gotzone Sagardui Osasun sailburuarekin batera egin zuen agerraldia Martinek, Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean. Sagardui ere aritu zen lehen mailako arretaz, eta Eusko Jaurlaritzak hartutako neurriak defendatu zituen: hala nola administrazio arloko 140 pertsona kontratatu izana; telefono bidezko arreta «indartu» izana kutsatzeei eta egoera partikularrei buruzko zalantzak argitzeko; Osasun Sailaren webgunea eguneratzea herritarrek hainbat kasuistikatan bete beharreko jarraibideak «modu argi eta eskuragarrian» izan ditzaten; sintomak dituztenentzako, kontaktu estuak direnentzako eta farmazia test batean positibo eman dutenentzako formularioak bateratu izana; eta komunikabideetan kanpaina bat martxan izatea.

Halaber, Sagarduik azpimarratu zuen Osakidetzaren plantilla «inoizko handiena» dela, eta arazoak krisiaren ondorio direla, ez egiturazko arazo baten ondorio. Sindikatuek, ordea, herenegun nabarmendu zuten jokoan dagoena «osasungintza publikoaren etorkizuna» dela, eta zera eskatu zioten Osakidetzari: egin dezala «lehen arreta indartzeko luzera begirako plangintza sendoa». Izan ere, azken urteetan egindako murrizketekin lotu zuten egungo egoera, eta inbertsioak eskatu zituzten. Milaka lagunek egin zuten bat haien eskariekin.

Hildakoak, gora

Lehen mailako arretako egoera ez ezik, ospitaleetako eta ZIU zaintza intentsiboetako unitateetako egoera ere bada kezkarako motibo. Izan ere, iragan astean 114 lagun hil ziren COVID-19ak jota Hego Euskal Herrian, neurtutako aurreko astean baino hamabost gehiago. 94 lagun zendu ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta beste hogei Nafarroan, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak atzo eguneratutako datuen arabera. Bestalde, badirudi positibo kopurua jaisten ari dela pixkanaka: azken zenbaketan, herenegun egindakoan, 4.488 atzeman zituzten: 3.223 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 1.265 Nafarroan.

Sagarduik adierazi zuen azken datuek erakusten dutela izurriaren bilakaeran «joera aldaketa» bat dagoela. Nabarmendu zuen intzidentzia metatuak goia jo zuela urtarrilaren 11n —7.038,61 kasu—, eta ordutik behera egin duela;erietxeratzeek behera egin dutela ere adierazi zuen: astebetean %25 jaitsi direla zehaztu zuen. Hala ere, «zuhurtzia» eskatu zuen. Halaber, Javier Remirez Nafarroako presidenteordeak adierazi zuen positiboetan izandako beherakadak erakusten duela seigarren olatuaren «irteera» hurbilago dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.