ander perez zala
Erresuma Batuko hauteskundeak. ANALISIA

Johnsonen jarrera aldaketa

2019ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Bozen emaitzaz haratago, Boris Johnsonek abantaila handi bat du datozen hilabeteei begira: Theresa Mayk baino presio askoz ere txikiagoa jasango duela alderdi barruan. Mayri buruhauste amaigabeak sortu zizkion ERG talde euroeszeptikoak eragina izateko gaitasuna galdu du; Johnsonek berak hautatu ditu eserlekua lortu duten diputatu kontserbadoreak; eta, kanpora begira, Brexit Alderdiak ez du ordezkaritzarik lortu. Hortaz, presiorik ez duenez, Erresuma Batuko lehen ministroak orain arte erakutsi duen jarrera leuntzeko aukera du, eta hori egitea dagokio politikoki bizirik iraun nahi badu. Batez ere brexit-agatik, Bruselara begira jarri behar duelako.

Datorren urtean hasiko da EBren eta Erresuma Batuaren etorkizuneko harremana negoziatzen, eta azken hilabeteotan gertatutakoa lezio esanguratsua izango da harentzat, hizketei aurre egiteko modua zehazterakoan. Uztailean toryen buruzagi eta Erresuma Batuko lehen ministro aukeratu zutenetik, Bruselarekiko jarrera harroa izan zuen herritarren aurrean, batez ere itunerako aldaketak bilatu nahi zituenean; finean, etengabeko kanpaina batean bizi zen, baina momentu hori dagoeneko amaitu zaio. Epe motzera begira aritu da orain arte, eta, aspaldian lehenengoz, epe ertainera eta luzera begira jarri beharko da. Azkenean aldaketak lortu zituen akordioan, baina hainbat promesetan amore emanda, eta jarrera leunduta.

Merkataritza akordioaren hizketetan ere emaitza saihetsezina da: datorren abendu amaierarako adostu nahi du, baina EBk zalantza handiak ditu egutegiaren inguruan. Johnsoni, beraz, jarrera aldatzea egokituko zaio: leunagoa eta malguagoa izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.