Alemaniako hauteskundeak

Etxe agentzien etxeak desjabetzearen alde bozkatu dute Berlinen

Hiriburuko herritarren %56k egin dute neurri horren alde. Senatuari eskatuko diote jabego publikora pasatu ditzala 240.000 etxe

Bi langile Berlingo eraikin baten fatxada konpontzen. MARTINI DIVISEX / EFE.
Edu Lartzanguren.
2021eko irailaren 28a
00:00
Entzun
Alemaniako behe ganberarako bozak egin zituzten herenegun, baina Berlingo biztanleek bazuten beste gai bat botoen bidez ebazteko, erreferendumean, eta baietz bozkatu zuten. Berlindarren %56,4k baietz esan zioten Desjabetu Deutsche Wohnen & Co egitasmoari, eta %39k aurka bozkatu zuten. Horren bitartez, Berlingo Senatuari eskatuko diote lege bat egin dezala 3.000 etxebizitza baino gehiago dituzten «irabazi asmoko higiezin enpresa handien» 240.000 etxebizitza desjabetzeko, eta horiek jabego publikora pasatzeko. Berlingo etxebizitzen %15 inguru dira. «Erreferendumeko emaitzei entzungor egitea eskandalu politiko bat izango litzateke», nabarmendu du egitasmoaren eledun Kalle Kunkelek.

Noski, enpresei konpentsazio bat eman beharko liekete, eta, kalkulatu dutenez, horiek 13.700 milioi euro inguru balioko lukete. Erreferendumaren emaitza ez da loteslea, ekinaldi baten ingurukoa delako, ez aurrez idatzitako egitasmo bati buruzkoa. Egitasmoa martxan jarri zutenen ustez, erreferendumaren emaitzak presio egingo die Berlingo agintariei, gaiari heltzeko, eta alokairuaren prezioak merkatzeko.

«Eredu neoliberalaren amaiera eskura dago lehenbiziko aldiz», idatzi zuten Berlingo Die Tageszeitung egunkariaren editorialean. Egunkariak nabarmendu zuenez, kanpainak arrakasta eduki zuen ez zuelako «ideologia batek planteatu», eta ez zelako «modu dogmatikoan argudiatu».

2019ko apirilean abiatu zuten Desjabetu Deutsche Wohnen & Co kanpaina. Rouzbeh Taherik sustatu du, 45 urteko enpresari eta aktibista berlindar batek. Berlingo etxe agentzien konpainiarik handiena da Deutsche Wohnen, eta 110.000 etxebizitzatik gora dauzka alokairuan. Burtsan kotizatzen du. AEBetako BlackRock inbertsio funtsak horren akzioen %10,2 ditu.

Vonovia da Alemaniako etxe agentzien konpainiarik handiena, eta hark 40.000 etxebizitza dauzka alokairuan Berlinen. BlackRockek horren akzioen %8,6 ditu. Norvegiako Gobernuaren Pentsio Funtsak beste %6,9 dauzka. Handietan hirugarrena ADO Properties Luxenburgoko konpainia da: 24.000 etxebizitza ditu. AEBetako Vanguard inbertsio funtsak horren akzioen %2,14 ditu.

Mugimenduak argudiatu du etxejabe erraldoi horiek ari direla alokairuaren prezioa puzten, eta erantzun erradikal bat eman behar zaiola egoerari. Alemaniako Gobernuak alokairu errentaren prezioa mugatzeko arau bat egin zuen 2015ean, urtetik urtera prezioa %10 baino gehiago ez hazteko, baina ez du eraginik izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.