Globalizazioaren etorkizuna

Garaipen txikiak Goliaten aurka

Globalizazioaren aurkako mugimendu sozialek kontzientzia piztu dute gizartean. TTIP kolokan egotearen arrazoietako bat dira protestak. Halere, eragin mugatukoak dira lortutako garaipenak.

ATTAC globalizazioaren kontrako mugimenduaren protesta bat, Rostocken (Alemania), 2007an, G8koen bileraren harira. JAN WOITAS / EFE.
Jon Fernandez.
2016ko urriaren 9a
00:00
Entzun
David txikiak garaitu egin zuen Goliat erraldoia, kontakizun erlijiosoaren arabera. Emaitza bestelakoa da indar oso ezberdineko biren arteko borroka errealitatean gertatzen denean: batailaren bat irabaz dezake txikiak, baina gerraren garaipena ia ziurtatuta dauka erraldoiak. Globalizazioaren kontrako mugimenduaren borrokari erreparatzea besterik ez dago. «Galtzen ari gara, baina 40 urte daramatzagu galtzen», azaldu du Patxi Zabalo EHUko ekonomia irakasleak.

«Dena dela, orain ez da momenturik txarrena. TTIPen kontra duela bi urte baino hobeto gaude adibidez». Zabalok zehaztu du ez dela globalizazioaren kontrako mugimenduaren ordezkaria, baina aditua da gaian. Izatez, ez zaio mugimendua izendatzeko era hori gustatzen: «Nahiago dut altermundismo esan, edo globalizazio neoliberalaren kontrakoa. Beti esan dut inoiz ez garela egon solidaritatearen edo kooperazioaren globalizazioaren kontra».

Mugimendu sozial globala eta plurala da globalizazio neoliberalari aurre egiten diona, eta 1999an hartu zuen mundu mailako sona, Seattleko bataila deiturikoari esker. MME Munduko Merkataritza Erakundeak goi bilera egin zuen AEBetako hiri horretan, eta gutxienez 40.000 lagunek parte hartu zuten kontrako manifestazioan. Mugimenduaren bataio antzeko bat izan zen, eta arorik distiratsuena XXI. mendeko lehen urteetan izan zuen, urtero Munduko Foro Soziala antolatzeari ekin zionean.

Gelditu ez, mantsotu

«Mugimenduak distira gutxiago du orain, kalean ekintza mediatiko gutxiago, baina mezua sendotu da gizartean», Zabaloren iritziz. Mugimendua ez da desagertu, heldu egin da, eta Europako herrialde batzuetan ezkerreko alderdi politikoaren forma hartu du. «Analisirako eta proposamenerako gaitasuna handiagoa da orain, eta politikan eragiteko ere bai».

Gizartea kontzientziatu egin da. «Desberdintasun sozialak orain ez dituzte soilik lau gorritxok salatzen kalean. Caritasek eta Oxfamek ere salatzen dituzte». Mugimenduaren balio pedagogikoa azpimarratu du. «2000n baino jende gehiago dabil orain protestan».

Mugimenduak izan ditu garaipen argi batzuk. 2012an Europako Parlamentuak AEBek proposatutako ACTA jabetza intelektuala babesteko legea atzera botatzea lortu zuen, eta 1998an MAI Inbertsioen Itun Multilaterala ere gerarazi egin zuten protestek. TTIPen negoziazioak kolokan egotearen atzean mugimendu sozialen indarra ikusten du Zabalok. «Garaipen txikiak dira makineria ikaragarri horren kontra. Ez diot ezinekoa denik TTIP geratzea, eta ahalegina egin behar dugu. Baina zaila da».

EHUko irakaslearen ustez, TTIP ez dago geldituta, mantsotuta baizik. Eta EBko elite politikoaren estrategia bat nabari du: CETA itun ontzat saltzea eta hura onartzea, TTIP geroago onartzeko lehen pausoa gisa. Gogora ekarri du TTIP 1990eko hamarkadan hasi zirela prestatzen AEBetako eta EBko multinazionalak eta elite politikoak. «Ibilbide handiko proiektua da, epe luzerakoa, eta, hiru urtez geldiaraztea lortzen badugu ere, gero beste izen batekin aterako dute».

Horregatik da ezkorra Zabalo globalizazioaren amaiera iragarpenekiko. «Ez dut uste globalizazioaren agortzea mugimendu sozialen ondorio denik, ez dudalako sinesten globalizazioa agortzen ari denik». Sistemak berak sortutako 2008ko krisi osteko abagune negatibo bat baino ez da oraingoa. «Gorabeherekin, baina aurrera segitzen du».Globalizazioa moteltzen ari den mezua elitea bera ari da ematen, Zabaloren ustez, globalizazioa bermatzeko. «Esaten dute tentsio protekzionistak daudenez (dela Trump, brexit-a) merkataritza txikitzen ari dela, eta, beraz, hazkundea moteltzen». Bestelakoa da Zabaloren logika: globalizazio neoliberalaren austeritateak eskaria txikitu du; horrek, hazkunde ekonomikoa moteldu, eta horrek, merkataritza fluxua jaitsi. Isatsari hozka egiten dion arraina da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.