Indarkeria matxistaren biktimentzako telefonoan 1.961 lagun artatu dituzte

Itxialdia dela-eta protokoloa aldatu dute: emakumeei monosilaboekin erantzuteko aukera eman diete, gizonezkoa ez ohartzeko

Satevi zerbitzuaren inguruko datuak emateko egindako aurkezpena. BERRIA.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Satevi indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzako telefono bidezko arreta zerbitzuak 1.961 lagun artatu zituen iaz, atzo egindako agerraldian emandako datuen arabera. Zerbitzu horretara jo zuten gehienak (1.322) indarkeria matxistaren biktimak izan ziren, baina biktimen hurbileko 468 pertsonak eta 171 profesionalek ere deitu zuten laguntza eske 900-840 111 zenbakira.

Zerbitzu horren jarduna COVID-19ak baldintzatu zuen 2020an. Halere, moldatzeko izandako gaitasuna azpimarratu zuen Eusko Jaurlaritzako Berdintasun sailburu Beatriz Artolazabalek: «Bagenekien funtsezko zerbitzua zela, baina ezinbestekoa izan zen ia dena gelditu zen hiletan egokitzeko izan zuen gaitasuna». Izan ere, zerbitzua konfinamendu egoerara egokitzeko, aldaketa batzuk egin zituzten: protokoloa aldatu zuten, erasotzailearen aurrean deitzen zuten biktimek silaba bakarreko hitzen bidez erantzuteko, eta erasotzaileak deiaren arrazoia jakin ez zezan. «Horretarako, elkarrizketa klabea sortu zen, zuzeneko erantzunak errazteko», azaldu zuten, ohar bidez. Konfinamendu estuena igarota ere, protokolo horrek martxan jarraitzen du.

Hain zuzen, konfinamendu estuaren garaian —martxotik maiatzera—, 830 emakumeri eman zieten arreta. Erasotzailearekin bizi ziren 422 emakumek deitu zuten telefonora; azaldu zutenez, horietako batzuek gizona erosketak egitera edo zaborra ateratzera joandako denbora baliatzen zuten horretarako. Gainera, beste 408 emakumek indarkeria edo mehatxuak jasaten zituztela salatu zuten, erasotzailearekin bizi ez arren.

Agerraldian nabarmendu zutenez, zerbitzura jotako indarkeria matxistaren kasu guztietan atzeman zuten indarkeria psikologikoaren «zantzuren bat», eta 596 emakumek (%48,1) tratu txar fisikoa ere pairatzen zuten. Bestelako indarkeria mota batzuk ere atzeman zituzten: 374 emakumek (%30,19) tratu txar ekonomikoak jasaten zituzten, eta 95 kasutan (7,7), tratu txar sexualak. Lurraldeari begira jarrita, Bizkaikoak ziren %55, Gipuzkoakoak %26 eta Arabakoak %6. Deien %3, berriz, ez ziren lurralde horietakoak, baina bertan bizi diren biktimen gertukoek deitu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.