Teknologiaren lehia, 5G abiadan

Huaweik sistema operatibo propioa aurkeztu du, AEBek Txinako konpainiarekin negozioak egiteko betoa iragarri ondoren. Horrek lehia bizia azalarazi du bi potentzia handien artean; besteak beste, 5G teknologiaren inguruan. Etorkizuna aldatuko duen sarearen lidergoa dago jokoan.

Huaweiren propaganda AEBetako bandera baten ondoan. Malaysian. EFE/ FAZRY ISMAIL.
Hodei Iruretagoiena.
2019ko urriaren 9a
00:00
Entzun

Hordagoa botata dago: HarmonyOS sistema eragile propioa aurkeztu du Huaweik. Hala, beste pauso bat eman du teknologiaren erraldoien arteko lehian, Googleren nagusitasunetik askatzeko. AEBek bertako enpresei Huaweirekin negozioak egiteko betoa jarri ondoren jakinarazi du Txinako konpainiak sistema eragile berriaren jokaldia, Mate 30 eta Mate 30 Pro sakelakoen aurkezpenean —azarorako espero dira Europan—. Txinan nahiz handik kanpo, Huaweiren gailuek gero eta erabiltzaile gehiago dituzte, baina, 5G teknologia garatzearekin batera, sistema eragile propioa zabaltzeko erronka dute orain.

Sakelako telefonoen azken modelo horiek, lehenengoz, ez dituzte instalatuta ekarriko Googleren aplikazioak, nahiz eta bateragarriak izango diren haiekin —norberak instalatu beharko ditu—. Googlek, izan ere, iragarri zuen ez ziola bere sistemaren eta aplikazioen eguneratzerik emango Huaweiri. Hala azaldu du Urtzi Odriozola CodeSyntaxeko langileak: «Horrek esan nahi du Android sistema duten gailuetan ezingo dutela eguneraketarik egin. Zahartze programatu batera behartzen ditu horrek, eta markari ere kalte egiten dio».

Aitor Zurimendi EHUren Ekonomia eta Enpresa Fakultateko katedradunaren iritziz, Huawei «aurrerapen teknologiko nabariak zabaltzen ari da munduan, gainerako enpresen aldean prezio baxuan». Hori ona izan daitekeela uste du Zurimendik, «gero eta jende gehiagoren eskura» egongo baitira teknologia horiek: «Horrela, mundu teknologikoa bitan zatitzeko arriskua txikiagoa da. Alde horretatik, interesgarria da teknologian ere prezio apaleko enpresak egotea». Dena den, EHUko katedradunak dio errespetatu egin behar direla AEBek hartutako neurriak, betiere merkataritza librerako nazioarteko akordioak betetzen baditu. «Hitzarmen horietan, salbuespen gisa onartzen da oztopo edo beto horiek jartzea, baldin eta ziurtasun arrazoietan oinarritzen badira. Kasu honetan hala izan da».

Huaweiren gailu berriek Android Open Source (bertsio irekia) sistema eragilea darabilte oinarri, EMUIrekin osatuta. Beste pauso bat eman nahi du orain HarmonyOSekin. Horretarako, ordea, aplikazioak, pertsonalizazioak eta beste garatu beharko dituzte; sistema eragile berriaren ekosistema osoa, nolabait esateko. Sistema berria ere Androiden bertsio libretik abiatu dutela azaldu dute, baina oraindik galdera ugari airean daudela uste du Odriozolak: «Oinarria Linux eta Android sistemetan izango duela? Bai, baina hortik aurrera geruza pribatuak egongo dira. Gaur egun ere gertatzen da; konpainiaren araberakoa da, adibidez, sistemak euskaraz eduki ahal izatea edo ez. Erabaki politikoak dira». Orain artekoa ikusita, isilkeria susmagarri zaio CodeSyntaxeko langileari: «Proiektu libre bat izango balitz, denen eskura egon behar luke hasieratik».

5G teknologiaren lehia

Huaweiren arduradunek esan dutenez, egungo sistema eragileak ez bezala, hasieratik gailu askotarako pentsatua dago HarmonyOS. «Android, hasieran, sakelako telefonoetarako pentsatu zen, eta, gero, telebistetan, ordularietan eta abarretan jarri dute. HarmonyOS, ordea, hasieratik gailu askotarako pentsatu dutela diote. Horrek funtzionalitatea hobetu dezake, gailu bakoitzera hobeto egokitzea. Pentsatzen dut probak egiten hasiko direla, baina ikusi beharko da». Hasieran, Txinan merkaturatuko dute sistema eragile berria, baina nazioartera zabaldu nahi dute gero.

5G teknologiarena da Huaweiren beste apustu handi bat. Telefono modelo berriek 5G modem bat eta Kirin 990 prozesatzailea dakarte, txip bakarrean. «Azken batean, botere ekonomikoa nork izango duen erabakitzea dago jokoan: informazioaren mundu mailako kontrola. Orain arte, AEBek izan dute», azaldu du Odriozolak. Teknologia horretarako azpiegituren harira, AEBek espioitza leporatu diote Txinako konpainiari. Baina ba al dago halakorik? «Auskalo», dio Zurimendik: «Nik ez dakit, baina ez litzateke arraroa izango, kontuan hartzen badugu Txina diktadura bat dela». EHUko katedraduna ere bat dator botere handia dagoela jokoan: «Gaur egun, teknologiak erabiliz datu asko ematen dizkiegu enpresei. Horiek merkaturatu egiten dira, eta gero eta balio handiagoa dute, enpresa askok nahi baitute eskaintzak pertsona bakoitzaren profilera moldatzea. Baina, horrez gain, politikariei eta gobernuei ere interesatzen zaie datu horiek edukitzea».

5G teknologiaren lasterketa ulertzeko, zuntz optikoarekin egin du alderaketa Odriozolak: «Nork pasatzen duen bidea, hark du azken hitza. Konpainia handi hauekin ere hori pentsatu behar da: noren interesak defendatzen ditu bakoitzak? AEBak aurka agertu badira, pentsa dezakegu hango konpainien interesak defendatzen ari dela».

Espioitza, AEBen aitzakia?

Susmo hori har daitekeela aitortu du Zurimendik ere: «Posible da Trumpek aitzakia gisa erabiltzea espioitzarena. Hasteko, Huawei oso aurreratuta dago 5G teknologian, eta hori ez zaio gustatzen. Gainera, AEBetako enpresak negozioak egiten ari dira harekin, eta jarduera industrial batzuk Txinan jarri dituzte. Deslokalizazio hori ere ez zaio batere gustatzen Trumpi, haren lelo ospetsuaren aurka baitoa: America first [Amerika lehenengo]». Teknologia horrek lekarzkeen «aldaketen eragina gutxitzeko» helburua egon liteke atzean, Zurimendiren ustez, eta gogora ekarri du Txinako Gobernuarekin hizketan ere ari dela Trump: «Helburu hori lortzen badu, baliteke beto hau indarrean ez jartzea. Hala bada, aitzakia bat baino ez da izango espioitzarena. Baina horiek suposizioak baino ez dira».

Enpresen eta gobernuen lehia baino gehiago ekarriko du, dena den, 5G teknologiak. Abiadura aldaketa handia izango dela ziurtatu dute adituek, eta horrek Internet erabiltzeko modua aldatuko duela, edo Internetekin munduan ibiltzeko modua, kasik. «Dagoeneko baditut lagunak etxean zuntz optikorik ez dutenak. Sakelakoa darabilte antena gisa, gigak kontratatuta. Hala, adibidez, ez duzu etxean modem bat sartu behar, kablearekin; gigak eta mugarik gabeko telefono deiak kontratatuta, behar duzun ekipamendu guztia poltsikoan eramango duzu». Gero eta gauza gehiago konektatuta daudela kontuan hartuta, aldaketa handia da.

Aldaketa horren atarian, eta Txinako Herri Errepublikak 70. urteurrena ospatu berri duen honetan, haren lidergoari mesfidantzaz begiratzen diote askok AEBetan eta EBn. Huaweik ziurtatu du ez dela «mehatxu» AEBentzat, eta Microsoftek ere eskatu du betoa kentzeko, esanez «AEBen segurtasuna» ez dagoela arriskuan. Baina Nazioarteko Politika Ekonomikorako EBko Zentroak, esaterako, azaldu zuen arazoa ez dela Huaweiren fidagarritasuna, «Txinako Gobernuak ezartzen dizkion legezko betebeharrak» baizik. «Harentzat oso erraza da zeharbidez enpresak datuak ematera behartzea», ohartarazi du Zurimendik. «Logikoki, Txinaren interesen onuran erabiliko dituzte. Interes horiek ez dira bateragarriak gure interesekin, demokraziaren askatasunekin eta bizimoduekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.