Laboristak Johnson «geldiarazten» saiatuko dira heldu den astean

Erresuma Batuko oposizioko alderdi nagusiak ekinaldi bat eginen du itunik gabeko 'brexit'-a eta parlamentuaren etenaldia eragozteko

Brexit-aren aurkako manifestari bat, atzo, Londresen. FACUNDO ARRIZABALAGA / EFE.
mikel rodriguez
2019ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
«Funtsean, badirudi heldu den astea dela parlamentuak duen aukera bakarra prozesu honen inguruko kontrola mantendu eta akordiorik gabe [Europako Batasuna] utzi baino lehen zerbait erabakitzeko». David Gauke parlamentari eta ministro ohi kontserbadoreak egin zuen iragarpena, atzo. Boris Johnson Gaukeren alderdikide eta lehen ministroaren eskariz, Elizabeth II.a erreginak onartu egin zuen, herenegun, parlamentuaren jarduna etetea irailaren 10etik urriaren 14ra, brexit-a gertatzeko eguna baino bi aste eskas lehenagora arte. Parlamentuak heldu den asteartean bukatuko du udako oporraldien etena, eta Alderdi Laboristak atzo jakinarazi zuen egun horretan bertan saiatuko dela itunik gabeko irteeraren aukera eragozten. «Hura [Johnson] geldiarazten saiatuko gara itunik gabeko brexit-a eragozteko lege bat eginda, eta garai erabakigarri honetan parlamentua ixtea eragozteko», adierazi zuen Jeremy Corbyn buruzagiak.

Johnsonen ekinaldiak egoera larrian paratu ditu itunik gabeko brexit-a kosta ahala kosta eragotzi nahi duten sektoreak, eta azken orduetan hainbat motatako ahaleginak sustatu dituzte horretarako. Horietako bat bide judiziala da. Komunen Ganberako 70 ordezkarik salaketa bat paratu zuten hilabete hasieran, Eskoziako auzitegi zibil nagusian, parlamentuaren jarduna eteteko erabakia gerta zitekeela-eta legezkoa ote zen ebazteko. Edinburgoko auzitegi hori gaur goizean da erabakia jakinaraztekoa.

Parlamentuak heldu den asteartean eginen du oporraldien ondorengo lehenbiziko saioa, eta laboristek bezperan aurkeztuko dute itunik gabeko brexit-a geldiarazteko ekimen legegilea. Alderdi Kontserbadoreak gehiengo osoa du Komunen Ganberan, Irlandako DUP Alderdi Demokratiko Unionistaren babesari esker.

Dimisioa Eskozian

Ekaitzaren erdian, Alderdi Kontserbadorearen Eskoziako buruzagiak dimisioa eman zuen atzo. Ruth Davidsonek eskutitz batean azaldu zituen arrazoiak; motibo «pertsonalak» aipatu zituen arrazoi nagusitzat, baina baita «testuinguru politiko zabala» ere. Brexit-az erran zuen «barne gatazka bat» sortu diola, baina erreferendumaren emaitza errespetatzeko lan egin duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.