Irune Lasa.
ASTEKO GAIA

Sharon maparen aurrean

2021eko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Brexit Alderdiko eurodiputatua da Sharon Redlion, Europako Parlamentuari buruzko Parlement telesail satirikoan. Kapituluetako batean, bere bizitzari zentzua aurkitu ezinik dabil Sharon, eta Rose laguntzaileak lan egiteko aholkatzen dio; «jendeak hori egiten du ez pentsatzeko». Etaarazoak konpontzen ona naiz Sharonek erabakiko du une horretan brexit-erako negoziazioak zapuzten dituen Irlandaren arazoa konponduko duela, di-da.

Irlanda eta Britainia Handia erakusten dituen maparen aurrean, Rosek arazoazein den azalduko dio: «Erresuma Batuaren eta Europako Batasunaren artean muga bat nahi dugu , ezta?». Hori argi dauka brexit zalearen estereotipoak: «Bai, bai, kontrola berreskuratzea». Rosek: «Baina ez dugu mugarik nahi Ipar Irlandaren eta Irlandako Errepublikaren artean». Eta Sharonek, harrituta: «Zergatik ez, bada?». Erantzuna: «Izan genuen muga hor, gerra zibil bat eragin zuen, eta hori ez dugu nahi, ezta?». «Ez, jakina, ez...». Eta maparen aurrean geratu da Sharon, errotuladore gorria eskuan, muga non jar daitekeen pentsatzen.

Konponduta! Marra gorri lodia bi irlak banatzen dituen Irlandako itsasoan jarri du Sharonek. Baina Rosek ez dauzka gauzak horren argi: «Ipar Irlandari uko egitea? Erresuma Batuaren parte da, ez dakit jendeak ze pentsatuko duen».

Eta zer den errealitatea: azkenean, brexit-erako dibortzio akordioaren eta Ipar Irlandarako Protokoloaren ondorioz, behin brexit-erako trantsizio epea amaituz gero, urte hasiera honetatik, herrialdeen arteko muga ez, baina bi merkatuen arteko aduana muga Irlandako itsasoan dago ofizialki ezarrita, Sharon Redlionek errotuladore gorri batekin marraztu izan balu bezalaxe.

Eta arazoa, jakina, hor dago oraindik, besteak beste, Belfasteko azken asteetako istiluek erakusten dutenez. Ipar Irlandarako Protokoloaren arabera, Ostiral Santuko bake akordioei eutsi eta Irlanda berriz ere fisikoki ez bereizteko, praktikan Ipar Irlandak EBko merkatu bakarreanjarraitu behar du. Horrek esan nahi du Europako Batasunaren eta Erresuma Batuaren, bi merkatuen arteko merkantzia kontrolak Erresuma Batuan egin behar direla, gaiak Ipar Irlandara badoaz ere.

Ipar Irlandako unionistak, ordea, ez daude konforme, eta Irlanda batzeko tresnatzat daukate protokoloa. Haserre daude, «traizioa» salatu dute, eta istiluak izan dira. Zenbateraino dago Ipar Irlandarako Protokoloa Belfasteko istiluen jatorrian? Urteetan katramilatutako eta gaiztotutako gatazketan arrazoi bakarrarekin konformatzea sinplifikazio handiegia da, ziurrenez. Baina ukaezina da, brexit-aren lehen hilabeteak igaro diren honetan, Ipar Irlandan gai horrekin ezinegon bat piztu dela, baita kezka handia ere.

Gaia delikatua da oso. Dibortzioa eta harreman berria ustez adostu ostean, Erresuma Batuaren eta Europako Batasunaren arteko harremana serio hondatzeraino. Une honetan, Europako Batasunak arau-hauste prozedura bat dauka zabalik Erresuma Batuaren kontra, martxoaren 3an Boris Johnsonen gobernuak erabaki zuelako alde bakarrez apirilaren 1etik urriaren 1eraino luzatzea hainbat salgaien gaineko kontrolak barkatzen zituen tartea.

David Frost —Erresuma Batutik— eta Maros Sefcovic —Europako Batasunetik— aste honetan bildu dira Bruselan, baina aurrerabide gutxi lortu dute, elkarrekin lan egiteko borondatea erakusteaz harago.

Bruselak, adibidez, proposatu du Erresuma Batuak bat egitea Batasunaren animalien osasunerako estandarrekin, albaitaritza akordio batekin. Horrek hainbat kontrol aurreztuko lituzke Erresuma Batuaren eta Ipar Irlandaren artean. Eta, aldi berean, gai horiei dagokienez, Batasuneko merkatua babestuko luke. Baina Erresuma Batuak uko egin dio proposamenari, berriz EBren arauetara lerratzea litzatekeelako.

Eta Ipar Irlandarekin gutxi balitz bezala, Eskozian jada hasiak dira pentsatzen independentziaren jokaleku posibleetan ea zenbateraino izan daitekeen posible Europako Batasuneko merkatu bateratuan egotea, eta, aldi berean, frikziorik gabeko muga bat izatea Erresuma Batuarekin.

Lana pilatzen ari zaie Sharoni eta haren errotuladoreari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.