jokin sagarzazu
GEURE KONTU

Aberatsek zerga gehiago ordaindu nahi dituzte

2022ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Bai, zerga gehiago ordaintzeko prest daude aberats handi batzuk. Urrunegi joan gabe, Josu Jon Imaz, Repsoleko kontseilari ordezkaria: «Ez dadila inor okertu [...] Gustura ordaintzen ditut. Gehien irabazten dutenentzako PFEZ eta kapital errententzako zerga altuetan sinesten dut. Nire bizitza osoan bekekin ikasi ahal izan nuen, pertsona batzuek zergak ordaindu zituztelako nik prestakuntza bat lortzeko, eta horretan pentsatzen dut nireak ordaintzen ditudan bakoitzean».

Horrela mintzatu zen abuztu amaieran El País-eko iritzi artikulu batean, Madrilek —eta Bruselak— enpresa energetiko handiei jarri nahi dien zerga berria kritikatzeko idatzitakoa. Imazek argi utzi zuen ez duela gustuko tasa hori, bere ustez kalte egin diezaiekeelako inbertsioei eta enpleguari, baina —eta ziur aski baina askorekin— ez litzateke harritzekoa izango aberastasun handiak gehiago zergapetzearen alde egotea.

Gainera, ez litzateke bakarra izango. Maiatzean, Davosko foroan egin zen ezagun In Tax We Trust mugimendua (konfiantza dugu zergetan), aberats talde batek bultzatutakoa. Eskaera ez da berria. Warren Buffettek, AEBetako inbertsiogile nagusietako batek, Hillary Clintonen 2007ko kanpainan eta 400 bat enpresabururen aurrean ohartarazi zuen bere etxea garbitzen duen langileak baino zerga gutxiago ordaintzen zituela, eta horrela jarraituz gero egoerak eztanda egin zezakeela.

Hamabost urte igaro dira ordutik: krisi ekonomikoak, pandemia bat... Arrakala soziala handitu egin da: aberatsak aberatsagoak dira orain, eta pobreak pobreago. Europako Parlamentuaren aurtengo txosten baten arabera, Batasuneko biztanleen %1ek aberastasunaren %25 du gutxienez. Gobernuek gero eta arazo gehiago dituzte zor handiei, inbertsioei eta ongizate estatuaren oinarriei eusteko.

1980ko hamarkadatik, OCDEko herrialdeetan, batez beste %47tik %24ra jaitsi da aberats handiei ezarritako presio fiskala, eta herrialde batzuetan beste batzuetan baino gehiago —Europan, Hego Euskal Herriak du txikienetarikoa—. Badirudi horri aurre egiteko plan bat mamitzen ari direla nazioartean; horren aldeko ahotsak gero eta ozenago entzuten dira OCDEn, Nazioarteko Diru Funtsean, Davosen... Aita santuaren bedeinkazioarekin. Gobernuak urratsak egiten ari dira. Frantzian, Emmanuel Macronek berreskuratu egin behar izan du 2018an kendu zuen aberatsen elkartasun zerga deiturikoa, hein handi batean Jaka Horien protesten ondorioz.

Espainiako zerga sisteman —eta Hego Euskal Herrikoan— ondare zerga litzateke horren baliokidea, besteak beste etxeak, akzioak eta bankuko kontuak zergapetzen dituena. Erkidegoen eta foru ogasunen esku dago, eta, aste honetan, PPren gobernu batzuek kentzea edo murriztea erabaki dute. Horrek hautsak harrotu ditu, eta Pedro Sanchezen gobernuak tiraderan gordea zuen tasa berri batekin erantzun du, zeina datorren urtean eta behin-behinean indarrean jarri nahi duen.

Espainian piztutako eztabaidak 2012an Gipuzkoan sortutakoaren antz handia dauka. Bildu agintean zela, aberastasun handien gaineko zerga moduko bat ezarri zuten, baina EAJ eta PSEren ondorengo gobernuak indargabetu egin zuen. Arrazoia, orain PP zabaltzen ari den berbera: kapitalak ospa egingo zuela. Ez zen halakorik gertatu.

Literatura ugari dago alde zein kontra, baina azken urteetan balantza alde batera egiten ari dela dirudi. Antikapitalistena zen Eat the rich leloa (jan itzazu aberatsak) AEBetako demokraten mitinetan, eta orain arte pentsaezina zen beste foro batzuetan entzuten ari da. Eta zeharka bada ere, Imazen, Buffeten eta enparauen ahoetan. Akaso, Rousseauri egotzitako hitz haiek izango dituztelako gogoan: «Herriak, jateko ezer ez duenean, aberatsak jango ditu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.