Euskaltelen presidentetza hartzeko bidea ere libre du Zegona funts britainiarrak

Euskaltelek jakinarazi du hasi duela Garcia Erauzkin ordezkatzeko prozesua. Presidente berriak ez du funtzio betearazlerik edukiko

Hodei Iruretagoiena.
2019ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Joan den uztailerako hartua zuten erabakia: Euskaltelen ia hiru hamarkada daramatzan Alberto Garcia Erauzkinek ez du lehendakari karguan jarraituko. Atzo egin zuten publiko Euskaltelek «aho batez» hartutako erabakia,CNMV Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeari jakinarazi ondoren: hasi dute 2011tik Euskaltelen lehendakari dena ordezkatzeko prozesua. Konpainiako arduradunek azaldu dutenez, Garcia Erauzkinek adierazi zien ez dela kargura aurkeztuko datorren urtean, «arrazoi pertsonalengatik». Euskaltelek zehaztu du, «oraingoz», ez dutela bukatu prozesu hori, eta ez dutela hartu «behin betiko erabakirik ordezkapen prozesuari buruz». Jakina da, ordea, Zegona funts britainiarraren esku egongo dela erabakia.

Izan ere, hark hartu zuen Euskaltelen kontrola ekainean, Jose Miguel Garcia Fernandez kontseilari ordezkari izendatuta. Kargua hartu bezain laster, «antolaketa aldaketak» iragarri zituen Garciak; atzo jakin zenez, uztailean erabaki zuten Garcia Erauzkin ordezkatzea. Beraz, administrazio kontseiluan lema hartu eta hilabetera hasi zuten Zegonakoek lehendakaria aldatzeko bidea.

Deustuko Unibertsitateko lizentziaduna da, eta 1998an sartu zen Euskaltelen Garcia Erauzkin; finantza kontseilari gisa aritu zen aurrena, eta zuzendari nagusi gero. 2011n eskuratu zuen lehendakari kargua, Jose Antonio Ardanzaren lekukoa hartuta. Ez da berriz aurkeztuko, ordea, eta lehendakari berria izango du Euskaltelek datorren urtean. Badoa, beraz, ia hasieratik Euskaltelen geratzen zen azken buruetakoa. Konpainiak atzo zehaztu zuenez, presidente berriak ez du funtzio exekutiborik edukiko.

Apirilean bilakatu zen Zegona Euskaltelen akziodun nagusi, Kutxabanken aurretik, eta akzioak erosten jarraituko zuela iradoki zuen. Geroztik, bata bestearen atzetik egin ditu aldaketak: zuzendaritzako hogei kide kaleratu zituzten aurrena, eta Euskaltel Taldeko 25 langile ondoren.

Apirileko erosketaren ostean, akzioak eskuratzeko aukera mahairatu zuten Eusko Jaurlaritzak eta BBK fundazioak, baina ez da halakorik gertatu. Zegonako arduradunekin hitz egin ondoren, errotzeari buruzko kezkarik ez zuela adierazi zuen Arantxa Tapia Garapen Ekonomiko sailburuak, maiatzean. EH Bilduk kritikatu egin zuen jarrera hori.

Esan eta egin, urtebetean

Jaurlaritzaren ekimenez sortu zen Euskaltel, 1995ean, BBKren, Kutxaren eta Vital Kutxaren laguntzarekin. Haren ondorengoak, Kutxabankek, akzioen %60 ere izan zituen. Iazko urrian, ordea, Euskaltelen kontrola hartu nahi zuela jakinarazi zuen Zegonak. 2017an sartu zen akziodun taldean: Asturiasko Telecable enpresaren jabea zen, eta Euskalteli saltzea onartu zuen. Trukean, dirua eta Derioko enpresaren akzioen %15 jaso zituen. Urtebetez kopuru hori ez aldatzeko konpromisoa hartu zuen, baina joan den apirilean akziodun nagusi bihurtu zen. Bere asmoak jakinarazi eta urtebetera, xedea lortu duela dirudi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.