ITZALKINA, ERDI IREKITA

Udako erreserba erritmoa espero baino motelago hasi da Hego Euskal Herriko hiriburuetako hoteletan, eta, azken ordukoen goraldia espero duten arren, argi dute aurtengoa ez dela izango pizkundearen urtea. Ipar Euskal Herrian, berriz, iazko udaldi ona errepikatuko dutela uste dute.

Bilbo. Guggenheim museoa Domine hotelaren leihoetan islatuta. L. T. / EFE.
Imanol Magro Eizmendi Ekhi Erramundegi
2021eko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Inork ezingo dio aurpegiratu Alvaro Diaz Muniori zintzotasunez hitz egiten ezduenik: «Duela hilabete orain baino baikorragoa nintzen. Ni eta Destino Bilbao hotel elkarteko beste kide guztiak. Debeku eta mugak altxatu zirenean udako erreserba erritmoa asko bizkortuko zela espero genuen, eta ez da horrela izan. Oso astiro doa». Bilboko hainbat hotelek osaturiko elkarteko bozeramailea da, eta Ilunion kateak hirian dituen hotelen kudeatzailea, tartean San Mamesen ireki duten berria. Donostian, Elena Estonba da elkartearen bozeramailea, Londres hotel ezaguneko zuzendaria. Haren diagnosia antzekoa da: «Duela hilabete baino errealistagoak gara. Gorako bidea tantaka egingo dugu; ez gara zerotik ehunera pasatuko urte bakarrean. Aurtengoa ez da izango erabateko pizkundearen urtea».

Eta zergatik ezkortasun hori? Uztailerako erreserba datuak ez direlako etxafuegoak botatzeko modukoak. Iazkoak baino hobeak dira, baina aurreko urteetatik nahiko urrun daude. «Bilbon, %30era ez gara iristen oro har, eta hori kontuan hartuta elkarteko bederatzi hotelek oraindik ez dutela ireki. Nik iazkoaren antzeko uda bat espero dut». Diazen hitzak dira, eta, berriz ere, Estonba harekin bat dator. Iazko udan %60 inguruan ibili ziren Donostiako hotelak, eta aurten «pixka bat hobea» espero du. Egun uztaileko erreserba maila %30 ingurukoa da, eta azken orduko bultzadarekin %65-70era iristeko itxaropena du. Urrun gelditzen da, beraz, duela bi urteko %97koa. Gainera, biek nabarmendu dute prezioak asko merkatu dituztela.

Antzeko datuak eman ditu Sara Martinezek, Berriobeitiko (Nafarroa) El Toro hoteleko zuzendari eta Iruñeko hotel elkarteko presidenteak. Hark, baina, analisi baikorragoa egin du: «Nondik gatozen kontuan hartuta, argi pixka bat ikusten hasiak gara». Zertan oinarritzen da hori esateko? Datuetan: uztailerako %59ko okupazio maila espero dute, eta abuzturako, %69koa. 2019ko %87koa urrun dago, baina iazko %44koa, are urrunago.

Martinezen itxaropena hauspotu duen beste aldagai bat maiatzeko termometroa da: «Iruñean hilabete garrantzitsua da. Ekitaldi asko daude: graduazioak, bilerak, ezkontzak...». 2019an %84ko okupazioa izan zuten maiatzean; iaz, aldiz, %7koa, eta aurten, %46,79koa. «Eta hori kontuan hartuta muga asko indarrean zeudela. Apurka, goraka goaz. 2020an galdutakoa ez dugu berreskuratuko, baina ea urteko bigarren seihilekoan kontuak orekatzeko moduan gauden behintzat».

Gertuko turistak

Cristina Lage Donostiako turismo zinegotzia da, eta, bere hiriko hotel jabeen hitza ezbaian jartzen ez duen arren, Martinezen antzeko ikuskera du. «Uste dut uda ona izango dela, eta ez zait iruditzen iazkoa eskasa izan zenik. Aurten Espainiako bisitariak erakartzeko kanpaina egin dugu, eta espero ditugu. Baita frantziarrak ere: autoz datorren jendea. Hegazkinez datorrenari itxaron egin beharko zaio oraindik».

Nicolas Martin Euskal Hirigune Elkargoko turismo bulegoko zuzendaria da, eta hura ere itxaropentsu dago: «Erreserba anitz ari dira egiten uztailerako, eta momentuz pixka bat gutxiago abuzturako; horrela segitzen badu, ohiko kopuruetara iritsiko gara». Ipar Euskal Herrian, izan ere, udaldi ona izan zuten iaz. Turisten %82 Frantziatik erakartzen dituzte, eta iaz are gehiago handitu zuten kopuru hori.

Bilbon antzera daude; han, baina, Espainiako eta Kataluniako turisten menpe daude: %80tik gora dira, eta aurten lan zaila da haiek erakartzea. Diaz Munio: «Madrilgo turista nora joan erabakitzen ari da orain. Espainiako hegoaldeko lekuak ondo dabiltzala badakigu; Bizkaiko golkoko kostaldeko hirietan, berriz, gauza motel doa, eta gurean, are motelago. Beste kontu bat dira landetxeak eta antzekoak». Iruñean, berriz, Martinezek azaldu du ari direla dei batzuk jasotzen.

Londres hotelean duela gutxi gertaturiko pasadizo bat kontatu du Estonbak. «Egun pare batez deirik jaso gabe egon ginen, eta telefonoa linea ondo zebilen begiratu eta guzti egin genuen. Harrituta geunden. Albisteak-eta ikusten genituen, ea neurririk edo aldatu zen. Baina ez, besterik gabe, ez zegoen deirik». Londres hotelak, izan ere, nazioarteko bezeroekin egiten du lan bereziki, eta horiek izango dira itzultzen azkenak: «Ziurrera jotzen dute, eta halako egoera batean herrialdetik irteteak beldurra ematen du. Urtero datozen bezero batzuekin hitz egin dut, eta hori azaldu didate: osasun mailan berme gutxiko herria garela iruditzen zaie».

Osasun egoerak bidaiarien erabakiak baldintzatzen dituela nabarmendu dute, eta Diaz Munio izan da grafikoena: «Egoera zuzendu nahi badugu, argazkian ederrago agertu behar dugu. Espainiarrentzat, hilabete askotan, intzidentzia maparen iparraldean agertzen zen orbain gorri bat izan gara». Estonbak arrazoia eman dio: «Datu txarrak izan ditugu, egia da. Hemen badakigu heinbatean PCRgehiago egin direlako izan dela, arakatzaileengatik... Baina hori kanpora ez da iritsi. Helmuga segurua garela esango duen kanpaina handi bat behar dugu». Martin ere zuhur mintzo da: «Aurtengo uda ere ez da uda normala izanen. Eta ez dakigu oraindik osasun arloan nola izanen den, epidemiak berriz gora eginen duen, berriz neurriak hartu beharko diren...».

Azken orduko erreserbak

Lageren ustez, berriz, osasun irudia ez da hain txarra, eta nabarmendu du pandemia garaian turistek azken orduan erabakitzen dutela nora joan. «Pandemia latza izan da, baina bidaiariak ez dio begiratzen duela hilabeteko egoerari, berak bidaiatzen duen unekoari baizik. Ikerketa guztiek diote: pandemian bidaiak aurrerapen gutxiagorekin antolatzen dira». Bostek beren azalpenetan nabarmendu duten ñabardura bat da. Martinez: «Gertatu izan zait egun batean hamar logela erreserbatuta edukitzea eta hurrengoan hogeita lau. Iaz, kontrakoa zen». Alegia, oraindik badagoela sasoia txukuntzeko beta. Horretarako, baina, «erabaki azkarrak», eskatu ditu Estonbak: «Garrantzitsuena osasun egoera hobetzea da, txertatze kopurua handituz eta azkartuz, eta gero egoera horren araberako neurriak hartu. Kontuan hartu behar da bisitatzen gaituenak zer bilatzen duen». Diaz Muniok ostalaritza ordutegiak aipatu ditu: «Helmuga gastronomikoa gara, besteak beste. Duela astebete arte ezin zen inon afaldu; ezin badut afaldu, zertarako noa Bilbora? Horretarako ez noa; joango naiz beste urte batean».

Lagek, aldiz, oztopo fisikoetatik harago begiratu du: «Trabak hor daudela egia da, baina gauza garrantzitsu bat lortu dugu: jendearen imajinariotik ez gara desagertu. Ahal badu, bisitari hori etorriko da».

Martinezek ere neurriei begiratu die. «Nafarroan, luzaroan, murrizketarik gogorrenak izan ditugu. Arintzeak, ahal bada, lagunduko luke. Nik bi aste barru ezkontza bat dut hotelean, eta gaur-gaurkoz ezkontideek ez dakite zenbat jende elkartu ahal izango duten». Sanferminei buruz galdetuta, hotelek aspalditik zuten garbi oso zaila izango zela, eta horrek kolpea erraztu die: «Okupazioan, uztaila ez da hilabete onena, baina fakturazioan bai. Nazioarteko bezeroa dator, eta batez ere mundu mailako erakusleihoan jartzen gaitu, baina ez genuen itxaropenik».

Ipar Euskal Herrian, berriz, ostatuak irekiak dira dagoeneko, eta udan bisita leku batzuetako neurriak bigunduko dituzte. Martinen ustez, nabaritu egin beharko litzateke: «Ziurgabetasuna uxatzea funtsezkoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.