Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Gainbehera?

2016ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Gaur egun herritarrek ez dute iraganarekiko batere errespeturik, ezta etorkizunarekiko itxaropenik ere. Horrek islatzen du, beste edozein krisik baino hobeto, geure zibilizazioaren gainbehera bizkorra, orainaldiak eragiten digun ezinegon sakon eta beldurgarria». Gaur goizean bertan edozein hedabidetanirakurtzeko modukoa izan zitekeen pasarte hau, baina Hipokrates mediku ospetsuak idatzia da Kristo aurreko V. mendean.

Historiak ez du guzti-guztia azaltzen, baina bide bat eskaintzen du, nora ezean zoazela uste duzularik, gertaera solteak ulertzen hasteko. Historiak erakusten digu garai nahasietan den-denak anabasa ematen duela, kaos modu bat eratu egiten dela, apurka-apurka edo bat-batean, gerora etorriko den ordena berriaren abiaburuan eta ordena horrek aurreko egoera gainditzen duela, ez derrigorrez mundu hobea sortzeko.

Duela gutxi irakurri dut bere hondarretara abiatzen ari den 2016. hau urte zorotzat jasoko dutela testu liburuek. Lanak izango dituztela azaltzeko zer jazo zen munduan halakoan pentsaezin, ulertezin eta ia jasanezinak iruditzen zaizkigun hamaikatxo gertaera bateragertatzeko. Banan-banan hartuta, gertaera horietako bakoitzak bere azalpenen segida logikoa izan dezake, edo ez; guztiak batera hartzeak, alta, Hipokratesek iragarri zuen gainbehera hori atarian joka ari zaigula pentsatzeraino eraman gaitzake.

Egin kontu. 2016. urteko kronistek nola edo hala azaldu beharko dute, adibidez, bost hamarkada igaro eta gero Kolonbiako herritarrek bakea abiarazteko aukera izan zutela hatzen puntuan laztantzeko moduan, eta uko egin ziotela aukerari. Kosta egingo zaie kronika irakurriko dutenei ulertzea zergatik Erresuma Batuko herritarrek Europatik bereiztearen alde botoa eman zuten, eta ordura arte aterpe izandako herri horretan atzerritarren erregistroa ezarri zuten eskolan, osasun-etxe eta lantegietan. Ulertu edo ulertu gabe azaldu beharko dute mende erdi bat lehenago munduan barrena erbesteratuen oldeak zabaldu zituen Europa zahar hark berak ateak itxi zizkiela gerratik ihesi zetozen bigarren belaunaldiko erbesteratuei, eta bere burua, harrotasunez, askatasunen eta eskubideen aberritzat jotzen zuen lurraldearen inguruan metalezko hesiak altxatu zituztela sarbidetik uxatzeko. Urte horretako kronikak jaso behar du, nola edo hala, Ameriketako Estatu Batuetan lehia bizian ibili zela atzerritar oro terroristatzat, emakume oro putatzat eta askatasunak grazioski eman edo ken daitezkeen oparitzat jotzen zituen Presidentetzarako hautagai grotesko bat. Azaldu beharko du, auskalo nola, urrutiegi iritsi zela hasieran broma txar bat baino ez zirudiena, eta milioika herritarrek beren sostengua eman ziotela bufoiari.

Batzuetan denbora azeleratu egiten dela ematen du, den-dena bizkorregi doala, eta une horretara arte gutxi edo ia batere aldatu ez diren gauzak aldatzen hasten dira, espero ez zen moduan, gainera, ordura arteko logikaren kontra.

Adibide batzuk baino ez dira, ausaz aukeratu ditudanak. Hala ere, zerbait adierazten du segida horrek, zerbaiten seinale dela esaten dit barruko nire alarma sistemak, baina ez dakit garbi esaten zer esan nahi duen bazter oro hartu duen burrunbada modukoak.

Orobat irudi lezake halako neke orokor bat dabilkigula barruak kiskaltzen, honaino ekarri gaituenak ez gaituela egundo asebetetzen. Ez dago, ordea, harritu eta zenbaitetan gogaitu egin nauten erabaki horien atzean erraz identifika dezakedan norabide berririk, ez behintzat, aurrera egiten ari garela pentsarazten didanik.

Hitzez hitz hartzerik ez badago ere, Hipokratesen aipuak iradokitzen dit nostalgia moduren bat berezkoa zaigula, eta zenbat eta nahasiagoa izan bizi dugun errealitatea, orduan eta agerikoagoa dela iragan-min hori. Alferrik, baina, ez baitago atzera egiterik, begitazio hutsa delako irudikatzen dugun Arkadia ia perfektu hura, garai bakoitzak bere ajeak dituelako, bere gazi eta gozoak.

Haserretik baino gehiago, etsipenen iturrietatik edaten dute dorpeki zerrendatzen saiatu naizen gertakari horiek. Hipokratesek gainbehera iragarri zuen, baina nik ez dut horrenbesteko jakinduriarik, ezta begirada zorrotzik ere, zer datorkigun aurresateko. Historiak erakusten digu arazoa eta irtenbidea ez direla elkarren segidan sortzen, eta denbora ilunak behar izaten direla argi berriak piztu aitzin. Behin eta berriro gertatu izan da orain baino lehen. Shakespearek idatzi zuen: «Iragana etorkizunaren prologo bat da, izan daitekeen istorio berriaren hasiera posibleetako bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.