Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Sinboloak

2016ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Joan den astean 40 urte beti dira Athletic eta Errealeko kapitainek ikurrina eskuan zutela zelairatu zirenetik. Argazki ikonikoa eman zuen 1976. urteko abenduaren bost hark: Frankok lurpean zetzan ordurako, baina legez kanpokoa zen ikurrina artean, ez zitekeen jendaurrean aurkeztu, eta halakoan, bi taldeetako jokalariek adostu zuten derbia baliatuko zutela erortzekotan zegoen debekuari azken bultzadatxoa emateko. Atotxan legeztatu zen de facto ikurrina, Espainiako Gorteetan erregimenak azken hatsa egin baino hilabete lehenago.

Argazkiak dena kontatzen du. Bi kapitainen ohorea izango zen ikurrina zelairatzea, futbol-zelaia mukuru beteta zegoen arratsalde hartan; Iribarrek jaso zuen bere ezkerraz eta Kortabarriak eskumaz, aldageletan erabakitakotik batere aldendu gabe. Keinu guztiak neurtuta zeuden, eta duda egin daiteke erraz: jakingo ote zuten nola aztertuko zen arratsalde horretako partida ondoren? Jakingo ote zuten garai baten sinbolo bihurtuko zela irudi hori, gerorakoen erakusgarri?

Argazkia egin zen une hori txinpartatsua izan zela esan izan dute egun horretan zelaian zirenek, eta denek gogoratzen dute. Partidaren emaitza gutxienekoa da, baina atarikoaren zirrarak irautea lortu du, argazkiari esker, neurri handian.

Nik ez dut une hori gogoratzen, gazteegia bainintzen artean hura ikusita ere zerbait aparta gertatzen ari zela ohartzeko. Irudi horrek eta ondoren entzun eta ikusitakoek adierazten didate, hala ere, mugarria izan zela askorentzat, berebiziko barne-uholdea eragin ziela ezkutuan eta arrisku handiak hartuta baino erakusterik ez zegoen ikur hura han, zelaiaren erdian ikusteak, jendetzaren aurrean, polizia grisek inguratzen zuten berdegunean.

Aste honetan Kubako Santiago hirian lur eman diete Fidel Castro zenaren errautsei hamar eguneko dolu-aldiaren azken agerraldi jendetsuan. Bere anaia Raulek zuzendu du azken ekitaldi hori, eta «Beti arte, Komandante» esanez agurtu zituen hara joandako milaka jarraitzaileak. Lelo indartsua da, oihartzunez beterikoa, garai bateko epika berritu egiten duen himno baterako pentsatua dirudiena. Den-dena esaten dute hiru hitz horiek, ia ezertxo ere esan gabe.

Raulek berak iragarri du Fidel bere anaiak agindukoa beteko dutela eta, ondorioz, ez zaiola inongo kalarik haren izena jarriko, ez dela estatua ofizialik altxatuko haren omenez, eta ez dela haren irudia zabalduko herritarrek gogoratzeko edo gurtzeko. Bere azken gurarien berri emana diola komandante zaharrak eta, propio eskatu baitzuen ez egiteko horrelakorik, ez baitzuen sinbolo bilakatzea nahi. Beranduegi, apika.

Sinboloak izozturik geratzen dira argazkietan, edota oihartzun egiten digute esaldi gogoangarrietan, edo elastiko eta galtzerdietaraino iristen dira. Errealitatea, baina, ez da argazkien segida hutsa.

40 urte igaro dira ikurrina Atotxako aldageletako tuneletatik irten zenetik. Gaur egun Corte Inglesean ikurrin bat erostera joan eta zenbat metro nahi duzun galdetuko dizu saltzaileak, artaziak eskuetan hartuta neurrikoa egiteko. Mendikogaltzerdiak erostera joan naiz aste honetan, eta orpoan ikurrinduna eskaini dizkidate, beroak eta erresistentzia handikoak direla esanez. Irribarrea atera dit kointzidentziak, eta gustura geratu da saltzailea, diseinu berriarekin asmatu dutelakoan edo.

Fidel Castro hil eta ondorengo egunetan hagiografoek eta maiseatzaileek elkarri mokoka jardun dute hedabide eta kaleetan, historikotzat eta eredugarritzat joz lehenek, miserable eta diktadoretzat besteek; Kubako Iraultzarekiko miraz batzuek, haren eboluzioarekiko gogor besteek.

Sinboloak garai zehatz batean sortzen dira, eta, handik ateratzen saiatzen garenean, emaitza hala nolakoa izan daiteke, eta beti eztabaidagarria, beti dudazkoa, beti partziala. Batzuetan denboraz kanpo sentiarazten zaituztete sinboloek, ez dagokizun toki batetik zeuretzakoa ez den ikuskizun bat zelatatzen arituko bazina bezala, deseroso. Beste batzuetan, ordea, esangurari eutsi egiten diotela ematen du, denboraren joanean ederki zahartu direla, dotoreziaz eta duintasunez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.