Txema Ramirez de la Psicina
ARKUPEAN

Hik bultza...

2017ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Espero zuten. Bai, milaka pertsonak sutsuki desio zuten. Urriaren 27an bihotza kiribildua zuten milaka herritarrek Puigdemonten irudia ikusi nahi zuten Parlament-eko balkoian, independentziaren aldarria egiteko, une historikoak eskatzen zuen ponpa eta arrandia guztiarekin. Ez zen horrelakorik gertatu. Kalean, jendea pozez gainezka, besarkadaka, oihuka, esteladak dantzaka. Sentimenduak bor-bor. Baina Puigdemont? non dago?, zergatik ez da balkoira atera? Askoren buruan zegoen galdera. Balkoiaren ordez, eraikin barruko marmolezko balaustrada aukeratu zuen mezu labur bezain neurtu eta argia emateko. Han zeuden ehunka alkate eta ordezkariei hauxe esan zien: «Orain patxada, zibismoa eta zuhurtzia behar dugu».

Itxura guztien arabera, Puigdemont balkoian agertu izan balitz, estatua prest zegoen bere indar armatu guztiak aktibatzeko, baita odoltsua izan zitekeen triskantza egiteko ere, harik eta Parlament bera indarrez hartu eta Govern-eko kideak atxilo hartu arte. Horrela iradoki du publikoki aste honetan ERCko Joan Tarda diputatuak.

Egun eta ordu haietan milaka herritar prest zeuden beren erakunde demokratikoak euren gorputzez defendatzeko, urriaren 1ean eskoletan egin zuten bezala. Ordu gutxiren bueltan, ordea, operatibo guztiak bertan behera gelditu ziren. Puigdemontek berak ere esan du: «Momentu horietan herritarren segurtasuna babestea zen helburu». Mehatxua gordina zen. Puigdemontek uko egin zion heroi, (agian) hildako eta epikaz blaitutako kontakizunari. Herria bizirik, osorik, nahi zuen; odola isuri gabe erabaki guztiz ulergarria, zalantzarik gabe.

Gertakari haien karira, ordea, estatuak bere kontakizuna egin du: «Ez zeundeten independentzia aldarrikatzeko prest, jendea engainatu duzue». Hauxe ere esan die: «Koldarrak izan zarete, estatuaren aurrean ezin duzue ezer egin; indartsuagoak gara». Estrategia doilorra bezain efektiboa da. Abenduaren 22az geroztik alderdi guztiek berraztertu beharko dituzte beren estrategiak.

Eta zertan ibili da Iñigo Urkullu? Une batez Kataluniako gatazkaren konpontzaile bezala agertu zen mundu guztiaren aurrean. Berak ere, irakurketa propioa egin zuen: «Aldebakartasunak porrot egin du». Ez dakit Kataluniako gatazka benetan konpondu nahi zuen ala bere estrategia balioetsi. Ezer utopiko eta irreala bada, hori aldebikotasunaren estrategia da, ezinezkoa baita gaur egun estatuan dagoen indar-harremana kontuan izanda, ezta hurrengo hamarkadetan ere. Espainian ez da matxinadarik izango; zoritxarrez.

EAJri meritua aitortu behar zaio. Hauteskundeetan, erakundeetan, administrazio-batzordeetan, botere gune askotan primeran doakio. 1980az geroztik (2009-2012 urtealdiko Lopezen parentesi xelebrea kenduta) Erkidego Autonomoko agintean izan da beti. Balirudike ez dagoela haien jarlekua mugiaraziko duen indar sendorik. Inkestak ere bat datoz. Hartu edozein. Berdin dio Gizaker, soziometro edo euskobarometro: EAJ garaile. Zergatik du horrenbesteko predikamendua EAJk? Onar dezagun konplexurik gabe: alderdi horrek bat egiten duelako Euskal Herrian nagusi den pragmatismo eroso segurola eta kontserbadorearekin. Gehiengoarentzat gobernatzen duela dirudi, gehienen egoera ekonomikoa okertu bada ere.

Itxura guztien arabera, Espainiako estatuak bizi duen inboluzio antidemokratikoa areagotuko da hurrengo hilabeteetan. Herri bezala erantzun beharko litzateke. Azkenaldian eztarria urratu zaigu Lluis Llachen kanta mitikoa abestuz: «Baina guztiok batera saiatu hura botatzera». Inoiz baino garbiago dago «usteltzen hasia dagoela». Beste kontu bat da eroriko den ala ez. Galdera da: EAJ prest dago bultzatzeko ala eutsi egin dio erortzear dagoen hilotzari? Hik bultza gogor...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.