Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Zerrendak

2015eko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Zerrendak atsegin ditut. Eginkizun ditudan lanak zerrendatzen ditut goizero, eta hurrenkera jakinean ikuste hutsak lagundu egiten dit, burua kokatzen behintzat. Iluntzean errepasatzean erraz ikusten dut noraino heldu den goizeko kemena, zer atera dudan aurrera eta zer joango den hurrengo goizeko zerrendara atzera. Kaosean baino, lehentasunen artean erosoago mugitzen diren pizti etxekotu horietako bat naiz, bai. Etxeko erosketak egitera irten aurretik, zerrendak egiten ditut, paper txiki-txikietan, eta gero ahaztu egingo baditut ere, aldez aurreko ariketa nahikoa izaten da ia beti. Azterketaren bezperan txuleta egin, baina egunean papertxoa ateratzeko ausardia nahikorik ez duen ikasle traketsa naiz, bai. Zerrendatzen ditut erabaki bat hartu aurretik espero ditudan alde on eta txarrak, nire buruarekin izaten ditudan elkarrizketa zoroak nondik nora zuzendu jakiteko. Zerrendak atsegin ditut, bai, nire huskeriazko mundutxoan nolabaiteko ordena ezar dezakedalako ilusio antzua eragiten didatelako.

Falciani jaunaren izenaz ezagun egin den zerrendak inguratzen gaituen kalapita ordenatzeko balio izango zidala uste izan nuen hasieran, baina gerora ikusi dut zerrenda ospetsuak ez duela nire listen antzik, batere ez. Hasteko, ez da zerrenda bat stricto sensu, elementu ordenatuak baino, anabasa nahaspilatuan ageri baita gazte informatikariak kazetari ikertzaileen esku jarri zuena. Lastategian orratza bilatzeko agindu zien, eta zerbait lortutakoan, zerrenda-itxuraz erakutsi digute emaitza. Horrexek harritu nau gehien, kaosari eman nahi izan zaion balizko ordenaren itxura, hain zuzen.

Eta zer pentsa eman dit horrek, kasurako, azala eta mamia bat baitira, eta bati zein besteari nahas-mahasaren usaina, edo kiratsa darie.

HSBC-eko banka pribatutik ihes egindako datuak bezain kaotikoa da handik iritsi den informazioa. Uholdearen erdian, zaila da jakitea nor den nor. Dirua Suitzako banketxean gorde duten inbertsiogile arruntak, ustezko iruzurgileak eta delinkuente aitortuak batera ageri dira erregistro informatikoetan. Enpresa-buruak eta etxeko andreak, mojak eta arma-trafikatzaileak, diru-kopuru txikiak eta itzelezko fortunak. Bezeroen izen-deiturak eta lanbideen aipamen zehatzekin batera, bankuko langileek elkarri igorritako komentarioak datoz, asko eta asko adiskideen artean erabiliko genukeen tonu arinarekin jasota, eta horretxegatik apika, txantxa eta interes iturri. Ohar horiei esker jakin dugu, adibidez, billeteak maletan hartu eta banketxearen ondoko kafetegi baten elkartu ohi zirela bezero eta langileak batzuetan, edo trenez bidaiatu ohi zutela Europan barrena bezeroetako askok, horrek arrastoa jarraitzea zaildu edo egingo zuelako ustean. Billete-takoei brick, adreilu, deitzen dietela, eta adreilu horietara ez dela krisia egundo iritsi.

Zer esan nahi izan digu Falcianik zerrenda honen bidez? Edo nahiago bada, zer ikas dezakegu honetatik? Izen-deitura ospetsu batzuk ezagutu ditugula alde batera utzita, ez dut uste inortxo ere harrituko zenik trikimailu hauen berri izatean. Ondorioztatu dezakegu, beraz, susmatzen genuena zuzena zela, hots, diruak ez duela gardentasuna sekula maite izan, eta ezarritako prozedura arruntetatik ihes egitea jokatzeko modu arrunta dela zenbaiten kasuan. Konponbiderik jarriko ez bazaio (eta zaila da hori gertatuko denik uste izatea) litekeena da akaberan txutxu-mutxuetarako geure gogo aseezinarentzako bazka hutsa izatea guztia.

Bigarren ondorioa ez da ziurtasuna, nire buruari egiten diodan galdera baizik.

Zer jazo izango zen ikertzeko borondate eta bitartekoak dituen egunkari indartsu baten eskura iritsi ordez, hau guztia audientziaren neurgailu hutsetan kulunkatzen diren medioetako edozeinetara iritsi izan balitz? Hamar hilabetetik gora eman dute kazetariek ikerketan, kasua zabaltzeko tentazioari eusten. Gaur egun hedabideei ezarri zaizkien muga eta kontrolekin, pairatzen duten diru-morrontzarekin, nork egin lezake horrelako zerbait? Horra, nire buruari uzten diodan galdera. Erantzunak zerrendatu egingo ditut, ea noizbait ulertzera iristen naizen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.