Juan Kruz Lakasta
ARKUPEAN

Ez ginen joan

2016ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Duela hamar egun, gure auzoko plaza nagusian, neskatiko ijito batek sakelako telefonoa lapurtu zion D ereduko ikastetxe publikora doan —eta, esan gabe doa, buhamea ez den— mutiko bati.

Duela astebete, gure auzoko etorbide nagusian, Espainiako Polizia Nazionaleko hainbat kidek auzoko bat, jatorri senegaldarreko gizon bat, bortizki atxilotu zuten, eta handik gutxira pertsona hori komisarian hil zen.

Auzoko D ereduko gurasook ikastetxeko patioan, parkearen ondoko tabernako terrazan edota asteburuko txangoan izaten ditugun tertulietan, hiruzpalau aldiz entzun dut segapotoaren lapurretaren kontakizuna, luze eta xeheki. Aldiz, senegaldarren atxiloketaren aipamena behin soilik belarriratu dut, labur eta arin.

D ereduko gurasoa, koinatu espainiarraren euskal aldaera gisa. Erran nahi baita klixe soziologiko moduan. Ni barnebiltzen nauen —kasu, irakurle: seme-alabarik edukita zein ez, zu ere barnebil zaitzakeen— ispilu ezeroso gisa.

Atxiloketaren biharamunean, izpiritu kritikodun euskaldunon erreferentziazko berripaper honen azalean, hiru titulutan ageri zen polizia hitza. Bi Nafarroari buruzkoak ziren. Baina bakar bat ere ez zen Elhadji Ndiayeren atxiloketaren eta heriotzaren gainekoa.

Halere, larunbatean Ndiayeren heriotza salatzeko egin zuten manifestazioan, hartan zabaldu zuten pankartan, keinua egin ziguten euskaldunoi, goiburua ingelesez eta euskaraz izkiriatu baitzuten, espainierari tarterik uzteke: «Black lives matter. Bizitza da handiena».

Euskaldunok ederki dakigu zer gertatzen den atxiloketa ustez ez-bortitzetan zein polizia-etxeetako ziega ilunetan. Zer den bertsio ofizial bat, poltsa bat, bainera bat. Zer esan nahi duen polizia gehien duen Europako eskualdean bizitzeak. Kontzientziaturik gaude kontrol sozialari, militarizazioari, polizia gehiegikeriei dagokienez... Edo ez, ekuazioari gutartasuna kendu eta arraza eta klasea sartzen dizkiogularik.

Pankartako goiburu elebiduna seguru asko komunitate senegaldarrarekin batera protestara deitu zuten Iruñeko kolektiboetako baten burutazioa izan zen. Alta, pankartaren gibelean ikusitakoaren arabera, bizitza beltzak batez ere beltzei —ia beltzei soilik— axola zaizkie: ia gehiago izan ziren kolektibo deitzaileak azal zuriko manifestariak baino. Ia manifestari denak —200 bat— ziren jatorri senegaldarrekoak.

«Nola ikasten dugu terrorismoaren beldurra izaten, baina ez, ordea, arrazismo, sexismo edo homofobiarena?». Angela Davisen galdera —horren gibelean dagoen gogoeta— baikorregia ez ote den. Egun terrorismoari baino beldur handiagoa diogu auzoko txiro(ago)ak gure propietate pribatua eta segurtasuna urratzeari.

Gehiago aztoratzen gaitu neskatiko ijito batek gure seme-alabei sakelakoa ebasteak, gure auzoko beltz pobre bat poliziaren esku hiltzeak baino.

Gehiago kezkatzen gaitu haur ijito, marokoar edo senegaldar batek gure seme-alabei baloia kentzeak, gure auzoko gaztelaniazko ereduko ikastetxe publikoan etorkinen seme-alabak %75 izateak baino.

Oker gabiltza. Oker nabil.

Argi gera bedi: izpiritu kritiko zorrozduntzat pasatu nahiko lukeen kazetari honek honako zutabe hau idatzi du, bai, baina larunbatean ez zen manifestazioan izan. Lan kontuak zituen eta mar, mar, mar, eta guos, guos, guos, baina ez zen manifestazioan izan.

Ez nintzen joan. Ez ginen joan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.