Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Hitz berriak

2016ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Japoniarren hizkuntza ezaguna da, itzultzaileek beste hizkuntzetara eramaten oso zailak edo ia ezinezkoak diren hitz ugari dituelako, asko eta asko, naturarekin lotutakoak. Japonieraz hitz zehatz bat dago zuhaitzen hostoen artean isurtzen den argitasuna izendatzeko, komorebi hain zuzen. Eta beste bat, kogarashi, negua iragartzen duen haizealde hotzaz hitz egiteko, eta ñabardura adierazten du, soilik balio baitu apurka-apurka nozitzen den aldaketaz ohartarazteko. Shinrin-yoku hitz konposatua erabiltzen dute oraingo urte sasoiari ederki atxiki zaion sentimena azaltzeko: goizeko freskuran basoan barrena zoazela nozitzen den bake-giroa izendatzen dute horrela, literalki baso-bainua esan nahi duelarik.

Zenbat eta zabalagoa izan norberaren mundu-ikuskera, orduan eta aberatsagoa izango da hiztegia, nahitaez sortuko baitira hitz berriak, ordura artekoek jasotzen ez duten dena delakoa azaldu ahal izateko. Hitzen bidez ikusten eta bizi dugu mundua, inguratzen gaituena, geuretzat esangura bat duena. Eta hitzen bidez ulergarri egiten dugu aldi berean, geure buruarentzat lehendabizi, eta darabilgun kodea dezifratzeko gauza den edonorentzat ondoren. Horretan datza hitzen xarma: esangurak partekatu ahal izateko, elkar kutsatu ahal izateko, kodea ezagutu behar dute bi aldeek ezinbestean.

Batzuetan, baina, laburregia da hiztegia, esangura hegemonikoen zirrikituetatik antzeman daitezkeen mundu txikiak izendatu behar ditugunean, adibidez.

Maiz ohartzen naiz hitzen faltaz, berba egokirik ez baitut aurkitzen neure buruari aurrean dakusadana azaltzeko, are gutxiago besteei agerrarazteko. Ez dakit gero zer, udazkenean basoa bezala soiltzen ari zaiguna: hiztegia bera edo mundua ulertzeko gaitasuna.

Pauso geldo baina geldiezinetan amaierara hurbiltzen ari da urtea eta ohartzen naiz hitz askoren falta nabaritu dudala azken bolada honetan. Izendatu beharrak adierazten du, nonbait, ulertu behar izatea, eta asko dira hilabete hauetan ezin ulertuzkoen zakuan geratu zaizkidan gertaerak, hitzik gabeak.

Geurekoikeria hitza erabili dugu maiz europarrok Siriako errefuxiatuen auzian erakutsi dugun jokaera lotsagarria izendatzeko, baina motz geratzen zait. Alepoko «azken batailaren» berri izan dugu azken egunotan, eta areagotu egin zaitezinegona: hitz horrek ez du egitezko eta ez-egitezko geure delituaren neurria emateko balio, egoera ulertu ahal izateko zirrikituetan ez baitu argi egiten. Urtea bukatzen ari da hasi zen modu berean, zer gertatzen zaigun azaldu ahal izateko hitzik gabe. Milaka pertsona ikusi ditugu gerratik ihesi datozela geuregana, erromesaldi dramatikoan, eta hesiak altxatu ditugu geure etxeko bakea apur ez zezaten. Polizia eta armada bidali ditugu mugak zelatatzera, eta gorpuak erreskatatzera Mediterraneoko kostaldera. Metalezko itxituraren barruan giltzapeturik utzi ditugu eskubideen linbo batean, herrialde bakoitzari dagokion harrera-kuota kalkulatzen ari garen bitartean, eta bestaldera begiratu dugu dagokigun kopuru hori ez dela iritsi salatu dutenen hitzak ez entzuteko. Urtearen hasieran 10.000 haur errefuxiatu desagertu zirela esan zigutenean, asaldatu egin ginen, baina geroztik, ez dakigularik inor bila ari ote den Europan bertan, ez zaigula gehiegi axola erakusten ari gara. Geurekoiak gara, bai, geurea beste kezkarik ez dugula esan nahi baitu hitz horrek, baina ez da nahikoa: berba honek ez du oso-osorik hartzen geure gaineanbota dugun lotsazko lauzaren neurria; txiki geratzen da, eznahikoa.

Hitz berriak asmatu behar ditugu, edo errealitate berriak, ez dakit. Urgentea da, hitz zaharrek mundu zaharra iraunarazten dutelako, bere burua eraldatzeko gauza ez dena, zuri eta beltzaren arteko kolore-gama osoa ukatu egiten duen mundu zaharra. Hitz berriak behar ditugu, japoniarrek bezala, edertasuna eta barne-bakea aurkituko badugu. Inuitek iktsuarpok berba darabilte sekula baino premiazkoagoa den aldarte berria aldarrikatzeko. Itzulpen librean emanda, hauxe esan nahi du: «Irten gaitezen kanpora, zerbait berri eta hobea bilatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.